ATZEKOZ AURRERA. Gorka Zabaleta. Bilboko Udal Txistulari Bandako zuzendaria

«Hasieran afizio zena ofizio bilakatu da»

Duela hemeretzi urte, Bilboko Udal Txistulari Bandan leku bat lortu zuen Zabaletak. Gaur egun, bandako zuzendaria da. Urtero legez, Aste Nagusian Bilboko plazak eta kaleak girotzen ibiliko da txistuarekin.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Markel Garzon Goitia
Bilbo
2023ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
«Profesionalki oso maila ona dauka txistularitzak, agian inoiz baino hobea». Horrela ikusten du Gorka Zabaleta Agirrek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1977) txistularitzaren egoera gaur egun. Txikitatik txistua jotzen ibili da Zabaleta bere herrian. Donostiako eta Errenteriako udaletan lan egin ondoren (Gipuzkoa), 2004. urtean Bilboko Udaleko bandan lortuzuen leku bat. Iaz, Bilboko Udal Txistulari Bandako zuzendaritza kargua hartu zuen, «gustura eta ilusioz».

Ohikoa den bezala, aurten ere,Aste Nagusiko kalejiretan, kontzertuetan eta azken eguneko alardean parte hartuko du Zabaletak. Lan handia eduki arren, Bilboko Aste Nagusia «berezia» dela aitortu du txistulariak.

Nondik datorkizu txistularitzarako zaletasuna?

Txikitatik hasi nintzen txistua jotzen, herrian, Azkoitian. Gero, txistularitzaren munduan murgildu nintzen, eta jende gehiago ezagutu nuen. Hori dela eta, Donostiako kontserbatoriora joan nintzen goi-mailako ikasketak egitera. Zortzi ikastaro izan ziren, guztira.

Beti izan zara musikazalea?

Bai, txiki-txikitatik. Alboka eta pianoa jotzen ere ibili naiz, baina, batez ere, txistua jotzen eman dut denbora gehiena.

Esan zenezake txistularitzak zure bizitzaren parte handi bat hartzen duela?

Bai, jakina. Hasieran afizio zena ofizio bilakatu da. Gainera, txistularitzako irakaslea izan nintzen musika eskoletan, baina, bateraezina zenez, eskolak emateari utzi nion. Irakaskuntza asko gustatzen zitzaidan, baina lan handia eskatzen zuen.

Bestalde, Txistulari aldizkariko zuzendaria izan nintzen 2010. urtetik 2015era. Edizioaz, informazioa bilatzeaz eta abarrez arduratu nintzen.

Gaur egun, nola dago txistularitzaren mundua?

Nik ikusten dut profesionalki oso maila ona daukala txistularitzak, agian inoiz baino hobea. Musikene Euskal Herriko goi mailako musika ikastegia da, unibertsitatearen parekoa da, eta urtero ateratzen da txistulariren bat. Horrez gain, Iruñeko kontserbatorioa daukagu Nafarroan.

Orduan, nik esango nuke teknikoki historiako unerik hoberenean dagoela txistularitza. Agian, gizartearen erantzuna ez da neurri berekoa. Halere, gu saiatzen gara herrietan, jaietan eta plazetan egoten.

Bilboko Udal Txistulari Bandako zuzendaria zara orain. Nola hartu zenuen errelebo hori?

Orain ia hogei urte, 2004an, hiru taldekide berri sartu ginen bandan, aurreko bandako bi kidek erretiroa hartu zutenean. Hasieran, beste batek hartu zuen zuzendari kargua. 2022ko urtarrilean, lan utzialdia eskatu zuen kide horrek. Hortaz, gerentziaren eta taldekideen artean erabaki zuten nik hartuko nuela zuzendaritza kargua. Gustura eta ilusioz hartu nuen.

Urte asko daramatzazu txistua jotzen Bilboko Aste Nagusian; gogoz hartzen dituzu jaiak?

Bai, noski. Nahiz eta guk lan asko izaten dugun. Berez, aurretik hasten gara; abuztuaren 15ean, hain justu ere. Begoñako Amari aurreskua egiten diogu egun horretan. Gero, Artxandan eta Pagasarrin jotzen dugu, jaiak hasi aurretik. Eta, jaien bezperan, barraken inaugurazioa ere egiten dugu. Suziria botatzeko unean, Arriagan jotzen dugu, eta hori da gure lehenengo ekitaldia Bilboko jaietan; oso berezia da guretzat.

Zuen ekitaldiek harrera ona daukate Bilboko Aste Nagusian?

Bai, oso ona. Arriagako harreran jende pila bat elkartzen da. Udaletxean beste harrera bat egiten da, eta hara ere jende pila bat etortzen da. Bestalde, kalejirek harrera oso ona dute, eta giro ederra sortzen da kalean. Iaz, lehenengo aldiz, kontzertu bat eskaini genuen Done Jakue plazan, eta oso gustura gelditu ginen.

Aurten, kontzertu bat egingo dugu musika bandarekin, Areatzan. Baina guretzat, agian, azken igandean egiten den kontzertua da ekitaldirik bereziena.

Zergatik da hain berezia azken igandeko kontzertu hori?

Plaza Barrian egiten da, koroarekin eta gonbidatu bereziekin. Hogei urte daramatzagu igandeko kontzertu horiek antolatzen, eta azken urteetan Gozategik, Korrontzik, Maixa eta Ixiarrek eta Xabi Solanok parte hartu dute, besteak beste. Aurten, Roberto Etxebarria eta Miren Etxebarria egongo dira gurekin.

Nola bizitzen duzu Aste Nagusia?

Nik uste dut txistuak aukera ematen dizula jaia bi modutara bizitzeko: alde batetik, gaueko giroa dago, txosnak...; bestetik, egunez ere badago bizitza. Txistuak aukera ematen dizu hori ere bizi ahal izateko.

Gaupaseroak topatu ohi dituzue zuen kalejiretan?

Egia esan, nahiko berandu egiten ditugu kalejirak, 11:00ak inguruan. Ordu horretarako, denak daude etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.