Askoren antzera, Ibon Koteronek (Bilbo, 1967) eskolan jo zuen lehen haize tresna: txirula. Musika zerra, zeharkako txirula, dultzaina, gaita eta alboka jotzen ikasi zuen gero, eta, ordutik, euskal folkloreari buelta eman dio kanten errepertorioa berrituz. Bilboko Aste Nagusian urtero egiten den Albokarien tropelaren antolatzailea ere bada; aurtengoak bihar bertan beteko du Alde Zaharra, 13:00etan.
Jotzen dituzun tresnak nahiko desberdinak dira elkarrengandik.
Putz egiteko, ahoa ipintzeko eta atzamarrak mugitzeko modua desberdina da. Alboka eredu desberdinak ere badaude, zulo gehiago dituztenak, adibidez. Horietan ere atzamarrak jartzeko eta mugitzeko modua desberdina da. Arnasa ondo hartzea, hori da ezinbestekoena.
Tresna guztiak euskal folkloreari lotuta daude... Zein da euskal folklorearen egungo egoera?
Mugimendu handia egon da, baina modak eragina du. Gazteak hurbiltzeko behar dena da tradizio bizia izatea. Albokaren kasuan, ez dago horrelakorik. Exkixuren garaian, tropelean etorri ziren gazteak alboka jotzera. Horrelako zerbaiten beharrean gaude orain: gazteek entzuten duten talderen bat alboka jotzen hastea.
Zuk zergatik erabaki zenuen alboka jotzen ikastea?
Leon, Maurizia eta Fasioren diskoa genuen etxean, eta asko maite genuen guztiok. Orduan, Bilboko Pandereta akademian alboka ikasteko aukera zegoela ikusi genuen, eta hara joan ginen anaia eta biok, 1987an.
Zure debut musikala Leonen Orroak (1996) izan zen, Kepa Junkerarekin batera abesten duzun kanta.
Bai. Junkerak nigan erreparatu zuen Bilboko Gaiteroekin egindako Jalgi Hadi Dantzara ikuskizunean, 1992an. Handik gutxira, bere taldearekin entseatzeko deitu zidan. Asko ikasi nuen, niretzat dena berria baitzen: muntaketa, mikrofonoak... Emanaldiak oso dibertigarriak ziren, baina baita sufritzekoak ere. Batzuetan, arratsaldeko bostetan entseatzen genuen, eta gaueko hamabietara arte ez zen kontzertua hasten. Ordurako, albokak desafinatuta zeuden.
Bilboko inauterietako Farolin izendatu zaituzte aurten, egindako guztiagatik.
Ez dakit ekarpen handirik egin dudan, baina nire ekarpena egin dut. Albokarekin eta, geroago, Junkerarekin hasi nintzenean, errepertorio berri bat sortzen hasi nintzen, albokarekin jotzeko aukera askorik ez zegoelako. Egun, gehien erabiltzen den errepertorioa da nik sortutakoa, Bizkai aldean batez ere.
Nolakoa izan zen errepertorio hori sortzea?
Alboka hartu eta jotzen hasi. Sortzen duzunari, zure ideiei, bueltak eman behar dizkiezu. Albokak, gainera, oso nota gutxi ditu: bost-sei, gehienez jota. Beraz, albokarako kantu bat sortzekotan, nota desberdinak izan ditzala behintzat. Leonen Orroak kantua hori da: dena tarteetan jotzen da, eta denbora guztian bi nota daude. Ez da normalena albokan. Dena den, orain alboka berriekin eskala bakoitzak unibertso batera eramaten zaitu. Badirudi arabiar musika jotzen ari garela!
Hasi zinenetik hona eboluzioa handia izan da, beraz.
Bai, eta arrazoi bat dago. Tradizioa ez datza aspaldikoa mantentzean soilik. Tradizioa bizirik jarraitu beharko lukeen zerbait da, garapenerako prozesuan dabilen zerbait. Eta alboka tradizio bizia da.
Tradizio bizi horretatik abiarazi zenuten Albokarien tropela?
Nolabait bai. 1998an hasi ginen Albokarien tropelarekin. Aurretik, ekitaldiren bat egina genuen, baina ez ziren inoiz izan tropela bezain handiak. Gutxi batzuk baino ez ginen: nirekin ikasitako pertsonak, gure irakasleak... Denborarekin, ospea lortu zuen, eta Bilbon elkartzen hasi ginen. Jendea etortzen hasi zen, eta urtero ostiraletan egitea erabaki genuen. Egun, tradizio baten isla da.
Albokariek jaietan antolatutako emanaldi bakarra al da?
Aratusteetan ere egiten genituen, baina 2008ko krisialdia heldu, eta aurrekonturik gabe geratu ginen. Aurten atera gara berriro aratusteetan, ordutik lehen aldiz. Horrez gain, albokari bilgune handiak ere egiten ditugu. Urtero bat egiten dute Hernanin [Gipuzkoa], Juan Mari Beltranen eskutik. Eta badago beste bat lekuz leku aldatuz doana, Euskal Herriko albokari bilgunea edo. Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan egin dute; Zuberoan ere bai, uste dut. Ekain aldera antolatu ohi dute, eta hurrengoa Zallan [Bizkaia] egingo dute.
Hurrengo urteetan Aste Nagusian Albokarien tropela antolatzen jarraituko duzue?
Bai, dudarik gabe! Bilboko Aste Nagusiko ekitaldi garrantzitsua bihurtu da.
BILBOKO ASTE NAGUSIA. Ibon Koteron. Albokaria eta irakaslea
«Hasi nintzenean, ez zegoen albokarako errepertorio handirik»
Bilboko Aste Nagusia aitzakia, XXI. Albokarien tropela egingo dute bihar, Alde Zaharrean. Ibon Koteron musikaria izan da kalejiraren antolatzailea lehenengo aldiz egin zutenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu