Ezarian

Hasi da zainzuriaren sasoia

Nafarroako Erriberan hasiak dira zainzuriak biltzen, baina Estellerrian apirilaren lehen astera arte itxaronen duteNekazariak kezkatuta daude, kontserba enpresekin prezioa zehazteko dutelako

Jabier Alegria Ablitasko nekazariak urteak daramatza zainzuriak biltzen. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
2011ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Nafarroan zainzuria barazkirik errentagarriena izan da hamarkadetan, baina azken urteetan gainbehera nabarmena izan du eta gero eta nekazari gutxiagok ekoizten dute. Egun, Txinatik eta Perutik merkeago inportatutako zainzuriaren presioari krisi ekonomikoa gehitu behar zaio. Ondorioz, nekazariari ez zaio errentagarri zainzuria produzitzea, eta urtetik urtera ekoizle kopurua jaisten ari da. Hori baieztatzeko, azken urteetan Nafarroako Zainzuriaren Adierazpen Geografiko Babestuan izena emanda dauden nekazarien kopuruan erreparatzea besterik ez dago. Erakundearen datuen arabera, 1995etik jaitsiera geldiezina da. Urte horretan 5.672 nekazari zeuden sor-markaren barruan. Duela bi urte, 410 bakarrik. Joan den urtean nekazari kopurua %6,5 jaitsi zen berriro, 383 lagunetan gelditu arte.

Zainzuriaren sasoia hasi besterik ez da egin eta egonezina da nagusi. Nekazariek ez dakite oraindik zenbat ordainduko zaien zainzuri kiloa. Iragan urtean kontserba enpresek 2,60 eurotan ordaindu zuten kiloa. Aurten oraindik ez da bilerarik egin bi aldeen artean. EHNE eta UAGN nekazari sindikatuek egoera salatu dute. Nekazariek zainzuria zein baldintzatan bildu behar duten jakin behar dutela diote. Zainzuriaren prezioa ezartzen zuen mahaia desagertu zenetik, prezioa ezartzeko negoziazioak atzeratu egiten dira. Horrenbestez, nekazariak zuzenean saldu behar izaten dio kontsumitzaileari edo uzta galtzen utzi behar izaten du. Hori ikusirik, bi aldeen arteko egoera arautzeko eskatu dute sindikatuek.

Egun 50 milioi kilo zainzuri inguru inportatzen dira Txinatik eta Perutik, eta uholde horren aurka deus gutxi egin dezakete hemengo ekoizleek. Sindikatuek behin eta berriz salatu dute kanpotik ekarritako zainzuri potoratuak ez duela betetzen etiketa legea, eta produktuaren jatorria nongoa den argi eta garbi zehazteko eskatu dute.

Egonezin handiarekin eta industriak zainzuria zenbatetan erosiko duen jakin gabe hasi dira nekazariak zainzuria biltzen. Erriberan, motel bada ere, joan den astean hasi ziren. Estellerrian, berriz, geroago hasiko dira, apirilaren lehen edo bigarren astean. «Bilketa zertxobait atzeratu eginen da, ohi baino hotz handiagoa egiten ari delako», dio Pedro Baztan Elizagorriko nekazariak. Baztanek bederatzi hektarea ditu, eta Lodosako kontserbagile enpresa batera eramaten du uzta. Joan den urtean lehen mailako zainzuria bakarrik saldu ahal izan zuen, eta bigarren mailakoa bota egin zuen. Lehen mailako zainzuriak 20 zentimetroko luzera eta 16 milimetroko lodiera behar du, eta muturra itxia eta zuzena behar du izan. Aurki ateratzen hasiko den zainzuriarekin zer gertatuko den ez daki. Adierazpen Geografiko Babestuaren barruan dauden enpresek saldu gabe zainzuri asko dute, milioi eta berrehun mila kilo. Hori dela eta, uste du oraingoz ez dutela zainzuririk erosiko. «Erosten badute, sasoiaren erdialdera-edo erosiko dute. Gero eta gehiago eskatzen digute eta gero eta gutxiago ordaintzen digute. Iragan urtean lehen mailako zainzuri kiloa 2,60 eurotan ordaindu ziguten. Aurten zurrumurrua da kiloa 1,60 eta 1,80 artean erosiko digutela».

Hartu berritan saldu

Ezjakintasun horretan, nekazariek, azken urteetan, jaso berritan fresko saltzeko merkatu bila hasiak dira. Baztan horretan dabil azken hilabetean eta gauza bera egiten du azken urteetan Jabier Alegria Ablitasko nekazariak.

Alegriak 47 urte ditu eta 7 urte zituenetik bildu du zainzuria. Hektarea eskas du. Joan den astean ekin zion bilketari, herritik gertu, Almazara izeneko lur sailean. Egunotan goizeko bostetan jaikitzen da, baina sasoia bete-betean hasten denean, maiatzaren hasieran, ordu bietan.

«Zainzuria atera aurretik eta ondoren zaindu behar da, bestela oso azkar hondatzen da. Behin lurretik aterata, haizeak gutxi eman behar dio eta eguzkiak batere ez. Bestela, berehala ubel jartzen da eta zimeldu egiten da».

Behin lurretik aterata, zainzuri hoberenak bereizten ditu. «Txikitatik bildu dudan barazkia da, eta egoki biltzen eta sailkatzen baduzu, aterabide hobea du, sektorean lehia handia da eta».

Lan handiagoa duen arren, berak zainzuria hartu berritan saltzeko apustua egin du. 07:30erako bildu du bildu beharrekoa. «Zortzietarako Tuterako dendan edo Murchanteko jatetxean egon behar dut. Ordu hoberena da, uzta goiz eramanez gero, errazago saltzen delako». Lehen mailako zainzuri kiloa 3 eta 4 euro artean saltzen du, eta bigarren mailakoa, erdi prezioan.

Joan den urtean 5.000 kilo inguru bildu zituen, eta aurten ere antzeko uzta espero du.

Sasoian, «txoratuta»

Azken urteetan merkatuan gertatutako aldaketek bultzatuta aukeratu du bitartekaririk gabeko salmenta. «Lehen kontserba lantegietara eramaten nuen zainzuria eta kito; ahazten zenuen lana. Askoz ere erosoagoa eta errazagoa zen». Baina egun egoera erabat ezberdina da. «Orain lan hau nahiko estresagarria da. Ongi saltzen dut eta pozik nago, baina zainzuria barazki zaila da». Fresko saltzeko, lan asko egin behar da. Ez da egun batetik bestera gordetzen den barazkia, eta gaur saltzen ez dena ezin da biharko utzi. «Biltzen duzun guztia egun berean saldu behar duzu, eta hori arazoa da».

Ostiralean eta larunbatean asko saltzen den bezala, igandean dendak itxita daude, eta horri beste irtenbide bat eman behar zaio. Zainzuriak potoratzen dituen jendearekin mintzatu eta haiei saldu behar izaten die. «Zeure kabuz zure merkatua aurkitu behar duzu. Lehen, kontserbagileek hartzen zuten dena; igandeetan ere irekita egoten ziren eta ez zenuen kezkarik. Hori aldatu da, eta orain askoz ere gutxiago hartzen dute, eta prezioak freskoan baino txikiagoak dira, maiz prezio erdia».

Ekainera bitartean aztoratuta ibiliko den arren, pozik dago egin duen hautuarekin. Toki batzuetan, Gasteiz, Bilbo eta Donostian batez ere, freskoa gero eta gehiago kontsumitzen omen da, eta horientzat ere ekoizten du. «Gero eta gehiago saltzen da hiri horietan». Dena dela, badaki ez dela garai bateko oparotasunik itzuliko. «Eskualdean 500 hektarea zainzuri zeuden. Nekazariak horretaz bizi ziren. Ez zegoen besterik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.