Hartza dantzan, eta joareak danbadaka. Neguaren gorrian, lurra iratzartzeko hotsak aditzen hasi dira Iturenen eta Zubietan (Nafarroa).
Inauteriak beti egiten du bere bidea@berriapic.twitter.com/FZepTjaQaW
— Iker Tubia (@ikertb) January 31, 2022
Koronabirusaren izurriak ez ditu gelditu, nahiz eta inguruko hainbat herritan inauteriak bertan behera utzi dituzten; esaterako, Leitzakoak joan zen astean. Zubietan eta Iturenen jaiak ospatzea erabaki dute, baina normalean herriotan jasotzen dituzten bisitariei ez joateko eskatu diete.
Iturengo neska-mutilak, #inauteri ei hasiera ematen pic.twitter.com/ovC3DakquH
— Edorta Amurua Zubiria (@makilipurdi) January 31, 2022
Atzo, Iturengo joaldunak puska biltzen aritu ziren.
Iturengo joaldunak, puskak biltzen.#Iturenpic.twitter.com/kqWCsuNmOH
— Zirrimizta (@AnaErasun) January 30, 2022
Herritik kanpo inor gutxi zegoen, Jagoba Manterola Foku agentziako argazkilaria iturendarrak Euskalerria irratiko Metropoli forala saioan gaur kontatu duenez.
Manterolaren arabera, inauteriari benetakotasun kutsua eman dio turistarik ez egoteak. Bera haurra zeneko giroa etorri zaio gogora: «Orduan, karroza batzuk baziren, gutxi baina baziren. Joaldunak ere bai. Eta jendea etortzen zen, baina gutxi. Kulturako jendea etortzen zen. Barojatarrak edo Oteiza bezalakoak. Margolari pila bat. Bidasoko lurralde hau kulturalki beti izan da erreferentzia bat, mendeetan. Agian horretara itzultzen ari gara, modernitate puntu batekin».
Gogoratu duenez, azken urteotan hamar bat autobus eta hainbat auto heldu izan dira inauteriak ikustera. Horrek herriak berak duen biztanleria bikoizten duela azaldu du.
Zubietan, urtarrilaren 15ean erabaki zuten inauteriei eustea, eta Iturengoek ere baiezkoa eman zioten proposamenari.
Edonola ere, neurri bereziak hartu dituzte. Esaterako, Zubietako otorduetan hirurogei pertsona bakarrik hartuko dituzte estalpean, eta zerrenda bat osatu dute izena emandakoekin.
Horrez gain, musika emanaldia bakarrik gaur eta bihar egingo dute, dantzarik gabe, eta, bazkaria bezala, bakarrik gazte taldeetako kideentzat.