Hasi da jaialdien urtaroa

Udarekin batera iritsi da musika jaialdien garaia. Gaur hasiko da Azkena Rock Festival jaialdia, eta Euskal Herria Zuzenean, BBK Live, Big Festival eta Kutxa Kultur Festibal jaialdietan bertako eta nazioarteko hamaika talde igoko da oholtzara, milaka pertsonaren gozamenerako.

Lekorneko gazteluaren azpian egiten da Euskal Herria Zuzenean jaialdia. GAUTHIER GOMES-LEAL.
Lander Muñagorri Garmendia.
2016ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Askotarako ematen du udak. Orduan izaten dira herrietako jaiak, eguraldi ona, hondartza eta aisialdirako denbora gehiago. Ondorioz, denbora libreari lotutako aukerak areagotzen dira, baita musika eskaintza ere. Euskal Herrian, gero eta musika jaialdi erraldoi gehiago egiten dira azken urteetan, eta aurten ere ez dute hutsik egingo. Euskal Herriko txoko gehienetan izango diren jaialdien zirkuitua gaur hasiko da, Gasteizko Azkena Rock jaialdiarekin. Horren ondoren iritsiko dira, hurrenez hurren, Euskal Herria Zuzenean, BBK Live, Big Festival, Mundakako jaialdia eta Kutxa Kultur Festibala. Deialdi horiekin guztiekin milaka pertsonak egingo du bat aurten ere.

1. AZKENA ROCK FESTIVAL

Non: Gasteizen. Noiz: Gaur eta bihar. Sarrerak: Eguneko bonua, 55 euro. Bi egunekoa, 90 euro.

Behin betiko kartela zehaztuta zegoela iritsi zen albistea, joan den astean: Primal Scream kartelburuetako batek ezingo zuen Mendizabalako esparruan jo. Albistea jaso bezain pronto hasi ziren maila bereko beste kartelburu bat bilatzen Azkena Rock jaialdirako, eta topatu zuten: The Hellacopters. AEBetako Danzig taldearekin batera kartelburu izango dira gaur. Horiez gain, talde gehiago egongo dira: Lucinda Williams; Henry Rollins, Gutterdammerung filmari zuzeneko musika jartzen; Vintage Trouble, eta Blacberry Smoke. Bihar, bestalde, The Who klasikoak joko du. Taldea sortu zenetik 51 urte igaro direla ospatzeko egiten ari diren biran joko dute Gasteizen. Horrez gain, Radio Birdman, Refused, The Scientists, 091, Marky Ramone eta Imelda May ere ariko dira.

Aurten, lehenengoz, Motor Show esparrua estreinatuko du jaialdiak. Horrez gain, Andre Maria Zuriaren enparantzan Julian Maeso eta Luke Winslow-Kingek joko dute, gaur eta bihar.

2. EUSKAL HERRIA ZUZENEAN

Non: Lekornen (Lapurdi). Noiz: Uztailaren 1etik 3ra. Sarrerak: Ostiraleko eta larunbateko eguneko txartelak, 30 euro, eta igandekoak, 12 euro. Hiru egunekoak, 70 euro.

2013. urtetik egin izan duten moduan, Lekornen (Lapurdi) egingo dute aurten ere Euskal Herria Zuzenean jaialdia. Musikaren aldetik, Willis Drummond taldearen itzulera nabarmendu behar da. Urte eta erdiko geldialdiaren ostean, hori izango da talde lapurtarrak uda honetan eskainiko dituen bost emanaldietan lehenengoa. Haiekin batera, Crystal Fighters, Fermin Muguruza, Nekka, Belako eta Eskean Kristo taldeak ere taularatuko dira. Baina hori baino gehiago da Euskal Herria Zuzenean: dantza, tailerrak, mahai inguruak, zirkuak eta beste egongo baitira egunean zehar.

3. BBK LIVE

Non: Bilbon. Noiz: Uztailaren 7tik 9ra. Sarrerak: Eguneko bonua, 58 euro. Hiru egunekoa, 120 euro.

Nazioartean sona hartzen ari da Bilboko jaialdia. Joan den urtean, 140.000 pertsona joan ziren Kobetamendiko kontzertuetara. Aurtengo kartelak ere jendetza hori bil dezake, taldeei begiratzen baldin bazaie. Lehen egunean, Arcade Fire eta New Order izango dira talde nagusiak. Horiekin batera, M83, Chvrches eta Hot Chip arituko dira. Uztailaren 8an, 1990eko hamarkadan bogan egon zen Pixiesek garai hura ekarriko du gogora, duela bi urte argitaratutako Indie Cindy diskoa aurkeztera iritsiko badira ere Bilbora. Egun berean, Underworld, Grimes, Belako, Ocean Colour Scene eta Slavesek ere joko dute. Jaialdiko azken egunean, larunbatean, Foals izango da kartelburu, Tame Impalarekin batera. Editors, Soulwax eta Father John Mistyk ere Kobetamendin bilduko diren milaka pertsonaren aurrean joko dute.

4. BIG FESTIVAL

Non: Miarritzen (Lapurdi). Noiz: Uztailaren 9tik 17ra. Sarrerak: 25 eta 120 euro artean.

Iaz hartutako formatuari eutsiko dio Miarritzeko (Lapurdi) Big Festivalek. Zortzi eguneko programazioa izango du, eta 50 taldetik gora ariko dira egun horietan. Kontzertuak Iratiko erakustazokan, Aguilera estadioan eta Cote des Basquesen egingo dira. Uztailaren 15ean eta 16an izango da asteburu nagusia, baina, ordura arte, egunero zuzeneko musika eta DJak egongo dira, doan. Taldeei dagokienez, ostiralean, The Prodigy, The Kills eta The Libertines taldeen kontzertuak nabarmendu daitezke. Larunbatean, bestalde, The Chemical Brothers, Rural Zombies, Pharrel Williams eta Ellen Allien.

5. MUNDAKA FESTIVAL

Non: Mundakan (Bizkaia). Noiz: Uztailaren 28tik 30era. Sarrera: Osteguneko sarrera, 30 euro; ostiral eta larunbatekoa, 40 euro; hiru egunekoa, 70 euro.

Bigarren aldia du Mundaka Festivalek. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean dagoen Santa Katalina penintsulan egingo dute aurten ere; 4.000 pertsona sartzen dira han. Indarra hartzen ari da Mundakako jaialdia, eta horren lekuko da bigarren egunerako programatu duten kartela: Danko Jones, Berri Txarrak, Capsula eta Aurora & The Betrayers ariko dira. Larunbatean, The Waterboys, St. Paul & The Broken Bones, Los Enemigos eta Mamba Beat taldeak igoko dira itsasertzeko agertokira.

6. KUTXA KULTUR FESTIBALA

Non: Donostian. Noiz: Irailaren 2an eta 3an. Sarrera: Uztailaren 1a baino lehen erosiz gero, 30 euro, bi eguneko sarrera.

Igeldoko jolas parkean egiten den jaialdiko kartela oraindik itxi gabe dago, baina emanaldi batzuk aurreratu dituzte dagoeneko. 2014an, !!! (Chk, Chk, Chk) taldeak ezin izan zuen jaialdian jo arazo pertsonalengatik, eta aurten itzuliko dira. Haiekin batera Bloc Party, Belako, Berri Txarrak, Young Fathers, Corizonas eta Local Natives taldeen presentzia bermatu dute antolatzaileek. Egunen araberako antolaketaren berri ez dute eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.