Atzo zabaldu zuten Spelaeus. Aralar duela 50.000 urte izeneko erakusketa, eta hori da jardunaldien erdigunea. Besteak beste, haitzuloetako hartzaren historia, bilakaera eta gizakiarekin izandako harremana aztertzen ditu, Amutxate haitzuloko benetako aztarna paleontologikoak ikusgai jarriz. Aztarnez gain, Amutxateko kobako esku hartzeari eta lanei buruzko ikus-entzunezko bat eta photocall bat ere baditu erakusketak.
Mikel Uharte Larraungo alkateak azaldu du jardunaldien testuingurua:«Aspalditik geneukan gogoa Amutxateko aztarnekin zerbait egiteko. Gure ibarretikmetro eskas batzuetara dago. Bagenekien potentzialtasun arkeologiko eta paleontologiko oso handia geneukala ibarrean».
Hainbat eragilek parte hartu dute antolaketan, eta hitzaldi eta mahai inguruetan hartuko dute hitza. Gaur, besteak beste, Satorrak espeleologia taldeak, Asier Gomez Aranzadiko paleontologoak, Ondare Kultur Taldeak eta Aranzadi zientzia elkarteko Jexux Tapiak emango dituzte hitzaldiak. Hurrengo larunbatean, berriz, Mendukilora bisita gidatua eta paleontologia tailerra antolatu dituzte, historiaurreko bizimodua ezagutzeko: ehizarako, sua egiteko eta margotzeko tekniken berri emango du Tapia paleontologoak.
Alkatearen hitzetan, «sekulako erronka» izan da jardunaldiak antolatzea, herri txikia delako Larraun. Dena den, «oso gustura» geratu dira, erakusketa «polit eta ikusgarria» delako:. «Eta onena da zero kilometrokoa dela: bertan agertutako benetako aztarnak jarriko dira ikusgai. Simulazio bat edo beste dago, baina, gehienbat, benetako aztarnak daude. Gainera, gazteleraz eta euskaraz dago, eta guretzat ezinbestekoa zen euskaraz ere egotea».
Mendukilori bultzada
Jardunaldiak Mendukilo kobazuloarekin lotzea da udalaren beste helburu bat, «bultzada» eman nahi baitiote haitzuloari: «Aukera polita da gure ibarra ezagutzeko, Mendukilon bisita egin, eta, bide batez, erakusketa ikusteko». Hilabete eta erdiz, kobazuloa bisitatzeko aukera izango da. www.mendukilo.com-en eman daiteke izena.