Daborduko, Pirinioetako hartz guziak mugimenduan dira; ohantzeak hoztu dira egoiliarrek lekuak husturik. Hartzaren gaiaren delikatuak urrats bakoitza kasu handiz egitea eskatzen du. Hala idatzi zuen Patxi Zubizarretak Joan eleberrian (Txalaparta, 2010): «[...] adierazi zidaten hartza ordurako negualdiko loak hartua zegoela, leizeren batean lo trinko egongo zela, baina belarria lurrari itsatsia, eta dena entzuten zuela. 'Ezin hartzari buruz nolanahi mintza...'».
Ehunka mila urte dira hartz arrea Pirinioetan bizi dela, harik eta gizakiak ehizatu eta joan den mendean espeziea kasik desagerrarazi zuen arte. Kasik, baina ez osoki. Hogei urtez zortzi hartz ekarrarazi baitzituzten Esloveniatik Pirinioetarat; 1996-2006 bitartean. Mendebaldeko Pirinioetan, berriz, bertze bi eme sartu zituzten 2018ko urrian: Sorita eta Claverina, Biarnon (Okzitania). 2020ko primaderak zer ekarriko du? Konfinamenduak preso harturik, GPSak eman datuez baliatzen dira. Alain Reynes Pays de l'Ours Adet erdialdeko Pirinioetan hartzaren itzultzearen alde lan egiten duen elkarteko zuzendaria da: «Zaila da kopuruaren zehaztea, oraindik ere ez baitugu 2019ko bilduma jaso. Espero duguna da 2019an lehen aldikoz—berrezarpena abiatu zenez geroztik— 50 hartz baino gehiago egotea Pirinio osoan, baina oraindik ezin dugu baieztatu». Cachou bortz urteko heldu gaztea hilik atzematea albiste tristea izan da frankorentzat. Reynek adierazi du susmoak baino galdera asko dutela: autopsia «seriosaren» emaitzen zain dira konklusioak ateratzeko. Izan ere, badira susmo pizle diren datuak: herioa naturala ez dela izan pentsaraz dezaketenak. La Vanguardia egunkariak argitaratu zuenaren arabera, «akuri gisa» baliatu dute, zaldi haragia eman baitzioten higuina sorrarazteko produktu batekin.
Hartzak negua uxatu
Hartz arrak Zuberoako maskaradek iratzartzen dituzte otsailean; emeak, berriz, beranduago. Gerard Caussimont FIEP talde ekologistako kidea da: «Hartzak iratzarri dira gu itxialdian sartzearekin! Aurtengo negua aski atipikoa izan da, azaro erditsuko elurteak urtu baitira, eta, beraz, hartz arrek segitu dute promenatzen. Jakin behar da negukatzea elikadura eskasiari aurre egiteko erreflexu bat dela. Horregatik, elikadurarik bada, ez dute lorik egiten. Sorita, maluruski, kumerik gabe ilki da bere zulotik». Azaldu du argitasunak eta tenperaturak seinale bat igortzen diotela piztiaren metabolismoari, abian ezarraraziz: izan, Aragoin, Asturiasen edo Alpeetan.
Esnatu orduko, «goseak hilik» egoten da, eta distantzia zinez handiak kurritzeko gai da, araldirako indartsu egoteko. Horretarako, ugaztun omniboroa sarrio eta basurde hilikiaz elikatzen da, intsektuen larbaz, sahats eta haritz muskilez, bai ere ur laster hegietako belar berdez. Bere elikaduraren %80 begetala du.
Horiek hola, hartzak Esloveniatik jinarazi dituzte; izan ere, Pirinioetakoa eta Esloveniakoa mendebaldeko Europako leinuko hartz arreak baitira biak ala biak: «Subespezie berekoak dira biak, hots. Erran nahi baita genetikoki ez dutela batere desberdintasunik elkarren artean. Jokaera bera dute», zehaztu du Reynek. Aita Junes Casenavek idatzi zuen Hartz Pasüa ipuina, Jean Louis Davantek bildua Zuberoako literaturaz liburuan (Euskaltzaindia, 2008). Hala zioen: «Beste ihize balde, hartzak ber bidea beti jarraikitzen dü. [...] Holatan, badoa hartza Erronkariko, Santa Graziko, Larraineko eta Otsagiko bortüak gainti. Lekü bereziak badütü han hor, goikerritan, eta Hartz pasüak deitzen dütüe. Horietarik bat Larrainen».
Esloveniatik jin hartzak, harrigarriro, Pirinioetako lehengoen ber logikaz dabiltza. Hartzak askatu, eta haien behaketak ondorio horretara eraman du Reyne: «Harrigarria da ohartzea ber jokabidea dutela, espazioa ber maneran darabiltela, hemengoak ez izanagatik ere. GPSari esker ikusten dugu lehengoen ber lekuetatik iragaten direla. Adineko jendeak erraten digu galdutako pasaiak berreskuratzen dituela hartzak: 'Egia da, hortik iragaten zen lehen hartza, eta jendea!'».
Hura baita oro malizia
Jean Mixel Bedaxagarrek eta Amaren Alabek kantatzen duten Hartzaren kantoreak daramatzan eleak dira gainekoak: hartza ez baita denek maitatua.
Xabi Goiti artzain heletarra hartzaren behaketa lanetan ibili zen duela hogei urte. Orain, ordea, artzain bilakatua da. Hartzaren lilurak ez dio pragmatismoa itsutu: «Hartza eta artzaintzaren arteko elkarbizitza posible da, baina ez edozein preziotan. Ene ustez, egoera ideala litzateke hartza eta artzaina norbera bere tokian egonen balira, norberak bere eremua errespetatuz. Ez da posible egunerokoa amesgaizto bilakatu den artzaintza bat, infernua bizitzen dute batzuek —Aran ibarrean [Herrialde Katalanak] eta Ariegen [Biarno], adibidez-, hartzaren berrezartzeak eraginik. Natura bat saltzen digute zeinean gizakia soberan baita. Hartzaren ekartzeko manera iraingarria izan da biztanleei eta artzaintzari begira: helikopteroz, airez aire, erabateko babesarekin». Hala, beretzat, egoera desiragarria litzateke naturak, hegemonikoa izan gabe, ahalbidetuko balu gizakiaren presentzia «lotsa eta erruduntasunik gabe».
Otsagabiko (Nafarroa) Beltza artzainak ere izkin beretik dakusa afera; iaz, hartzak ardi bat kalitu zion: «Naturak askoz ere diru laguntza gehiago eskuratzen du, Erronkariko abeltzaintzak baino. Hartzarentzat bada dirua soberan, baina ez gizakiarendako. Berez, nik ez dut deus hartzaren berrezarpenaren kontra, baina egoerak du jende guzia aurka jarri: abandonatuak gaituzte». Hartza jin berritan, «hondamena» izan zen, baina iaztik Nafarroako Gobernuak neurri bereziak plantan ezarri zituenez geroztik «askoz ere hobeki» doa bizikidetza.
Preseski, Enrique Eraso Centelles Nafarroako Gobernuko Bioaniztasun Saileko zuzendariak azaldu ditu neurri horiek: «Funtsezkoa da guretzat hazleen eta hartzen arteko elkarbizitza jasangarria izan dadin. Horregatik abian jarri genituen neurriak iaz: artzain laguntzaileak proposatuz, zerradura elektrikoak, artzakurrak eta artaldearen geolokalizatzaile sistema, jakiteko non dabilen. Izan ere, hartzak errealitatean eragindako kaltea baino askoz ere handiagoa baita kualitatiboki errealitate sozialean, kuantitatiboki baino. Hazkuntza dagoelako berez egoera txarrean». Erronkarin (Nafarroa), adibidez, 2016an hamar ardi hil zituen hartzak, 2017an batere ez, 2018an zortzi inguru, eta iaz, bederatzi, jakinez 7.000 ardi inguru zebiltzala. Caussimontek iazko datua zehaztu du: «Ossau, Baretus, Aspe [Biarno] eta Larrainen [Zuberoa] bi eraso konfirmatu ziren. 100.000 ardi ibili ziren. Ardiak zainduak direnez, elkarbizitza aski ona da. Pirinio erdialdean, aldiz, artaldeak ez dira zainduak; beraz, desmasiak badira. Supermerkatuak zaindu eta itxi ezean, gizakiok sartu eta geure burua zerbitzatuko genukeen! Hartzak ber gauza egiten du».
Pirinioetan gainerako tokietan baino gehiago harrotu dira hautsak hartzaren berrezarpenari dagokionez. Egitatea ez dute zenbakiek arrazoitzen, kulturak eta psikologiak baizik. Reynesek ikertua du gaia franko aspalditik: «Pirinioetan desagertu zen kasik hartza, ondorioz hartzaren presentziaren usaia galdu da: jakitatearekin eta babes teknikoarekin batera. Badu dimentsio psikologiko eta teknikoa». Alegia, gizakiak berak desagerrarazitakoa ez du berriz ere agertzerik nahi. Azpimarratu du hartzari esker badirela diru laguntzak, hala, artzainen soldatak hartzari zor zaizkiola.
Hartz arrea, atzartzen ari
Primaderarekin batera, Pirinioetako hartz arrea ere atzarri da. Gizakiak kasik desagerrarazitako subespezie hori salbatzeko, Esloveniatik ekarrarazi dituzte hamar. Pirinioetan 50 bat direla uste da. Haien iraupenaz gain, artzaintzarena ere jokoan da. Bien arteko elkarbizitza ez da oraino irabazia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu