«Alai eta koloretsuak». Halakoak dira Gasteizko uda girotzen duten jaiak Amaia Arrazola Otadui artistarentzat (Gasteiz, 1984). Hain justu, hori irudikatu du artistak hiriko jaietako kartel irabazlean. 37 lan aurkeztu zituzten, eta bost finalisten artean gailendu zen Arrazola, Zeledonen jaitsiera kartelaren diseinuarekin.
Zer elementu garrantzitsu nabarmendu nahi izan dituzu kartelean?
Gasteizko jaiak irudikatzen dituzten osagaiak nabarmendu nahi izan ditut. Adibidez, Zeledon ikus dezakegu, jaietako protagonista nagusia; buruhandiak, mitikoak baitira; txistua jotzen ari den neskaren bat; erraldoiak; amabirjina, jakina; eta, nola ez, blusak eta neskak ageri dira, jaien muina irudikatzen baitute.
Nola definituko zenuke kartela?
Alai eta koloretsua, jaiak bezala. Zaila da norberaren lana definitzea, baina hitz bakar batean deskribatu beharko banu, ez nuke zalantzarik izango: alaia.
Nola bururatu zitzaizun kartelaren diseinua?
Zeledonen jaitsieran pentsatzen jarrita. Jende pilaketak, jaitsiera unea... horrek definitzen ditu Gasteizko jaiak. Hori dena irudikatuta eta forma emanda lortu dut buruan neukan ideia erakustera ematea.
Nolakoa izan da proposatzeko, lantzeko eta sortzeko prozesua?
Egia esan, sormenari dagokionez, nahiko librea. Ez zegoen arau berezirik; beraz, ez nuen arazo handirik izan; besterik gabe, kartela egitea erabaki nuen, adin eta pertsona mota desberdinak bateratuta. Azkenean jaiak guztionak direlako, eta horixe islatu nahi izan nuen.
Kartelak harrera ona izan duela uste duzu?
Baietz uste dut. Kartela oso koloretsua eta bizia da, eta, diseinuari dagokionez, estilo propioa eta desberdina dela esango nuke. Uste dut jendeari gustatu zaiola, batez ere gazteei.
Nola sentiarazten zaitu, gasteiztarra izanda, zure hiriko kartel lehiaketa irabazi izanak?
Niretzat harro egoteko modukoa da. Nire hiria da, eta hor bizi izan naiz txikitatik.
Orain Bartzelonan bizi zara. Zergatik joan zinen hara?
Madrilera joan nintzen lehenik. Publizitatea ikasi nuen bertan, Unibertsitate Konplutentsean, eta arte zuzendari eta ilustratzaile gisa lan egin nuen publizitate agentzia batean. Handik urte batzuetara, Bartzelonara joan nintzen publizitatetik aldendu eta ilustratzaile izateko asmoarekin. Aldatu beharrak eraman ninduen Bartzelonara.
Bartzelonan bizi edo Gasteizen bizi, zein da alderik handiena?
Klima. Klimak ez du zerikusirik hemen edo han. Eta sormenaren alorrean dagoen eskaintzak ez du zerikusirik: eskaintza gehiago dago Bartzelonan. Beraz, nire etorkizunera eta karrera profesionalera begira, onena Kataluniara joatea izango zela pentsatu nuen, eta horrela izan zen.
Zergatik erabaki duzu kartel lehiaketan parte hartzea, Bartzelonan bizi izanda?
Alde batetik, nire hiriko jaiak direlako, eta jaietako kartelaren ordezkaria izatea pozik egoteko arrazoia delako. Bestetik, argi esanda, diru konpentsazio bat ere badagoelako, eta garrantzitsua da hori artistontzat.
Animatuko zinateke beste urte batean lehiaketan parte hartzera?
Ez nago ziur behin baino gehiagotan parte hartu ahal izango dudan. Bestela, inauterietako kartelaren lehiaketara aurkezteko aukera ere badut, eta ez dut baztertzen.
lotsabako
Inspiratzen zaituen norbait?
Nire gurasoak.
Kolore gogokoena?
Urdina.Sekula landuko ez zenukeen estiloa?
Estilo figuratiboa.