Txotxongilolaria

Corrado Masacci: «Harrigarria da zer behar daukaten umeek bizirik dagoen zerbait ikusteko»

Duela 45 urte murgildu zen txotxongiloen munduan Corrado Masacci artista italiarra. Martxoaren 8ra arte ‘Txontxongiloen ametsak’ bere erakusketa ikusgai egongo da Arrasateko Kulturaten.

Corrado Masacci
Corrado Masacci, aste honetan, Arrasateko Kulturaten daukan erakusketan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko otsailaren 29a
05:00
Entzun

Hirugarren aldia da Corrado Masacci artistak (Ravenna, Italia, 1959) bere txotxongiloen erakusketa bat Arrasaten (Gipuzkoa) aurkezten duela. Ondarroan (Bizkaia) bizi da, eta aurretik beste bi erakusketa eginak ditu Arrasaten —1994-1995eko eta 2007-2008ko ikasturteetan—, baina aurtengoa berezia da; Masaccik badaki azkena izango dela. Kulturate kulturgunean egongo da ikusgai Txotxongiloen ametsak erakusketa, martxoaren 8ra arte. Artistaren erakusketarik handienetako bat da.

45 urte daramatzazu txotxongiloak egiten. Horretan jardun baino lehen, zer egiten zenuen?

Arte Ederretako ikasketak amaitu, eta hortik ateratzean egin nuen nire lehenengo obra txotxongiloekin. Komunikatzeko bide bizia iruditu zitzaidan, artearen adar asko uztartzen zituena: pintura, antzerkia, musika, eskultura...

Txikitatik izan dituzu gustuko?

Bai. Ravennan tradizio handia dauka txotxongiloak, eta plazetan eta eskolan haiek ikustera ohituta nengoen. Gainera, nazioarteko jaialdi bat egiten dute hirian, eta, jaialdiaren zuzendaria ezagutzen nuenez, mundu horretan murgiltzea erraza izan zen niretzat.

Txotxongiloak egiten hasi zinen, orduan.

Bai, 20 urterekin. Jaialdiari esker, oso gertutik ezagutu nituen artista asko eta haien sortzeko teknikak. Eta teknika bakarrarekin geratu ordez, horietako asko uztartzen eta nahasten ikasi nuen, neure kasa.

Egurra da zure espezialitatea. Beste materialik erabiltzen duzu?

Eskularruzko txotxongiloak ere egin izan ditut, baina harizkoak egiteagatik ezagutzen naute gremiokoek, eta egurra erabiltzen dut horiek egiteko. Buruak, normalean, paper pastarekin egiten ditut, eta gorputzak egurrezkoak izaten dira. Material horiek gustatzen zaizkit, naturalak direlako. Beste material batzuk ere erabili izan ditut, adibidez sareak, baina ez dut horietan sakondu, eta material bakoitza nola erabili ikasteko denbora behar da.

Nolakoa da txotxongilo baten sortze prozesua? Inprobisatzeko tokirik ba al dago?

Oso gutxi inprobisatzen dut. Ideia bat edonoiz etor dakidake burura, eta pentsatu orduko egiten dut horren zirriborro bat. Zirriborroa hozten utzi eta gero, berriz hartzen dut. Interesgarria iruditzen bazait, hura sortzen hasten naiz. Egiten dudan lehenengo gauza burua da, eta gero gorputza. Beti egiten dut horrela. Baditut duela hamar eta hamabost urteko buruak, gorputzik gabeak, eta haiei bizia emateko ideia bat otu arte, ez diet gorputzik egingo.

Behin burua eta gorputza eginda, saldu egiten dituzu?

Ez, ez, ez. Inoiz ez dut bat bera ere saldu.

Zer egiten duzu hainbeste txotxongilorekin, orduan?

Erakusketa didaktiko eta ibiltarietan aditua naiz, eta horretarako erabiltzen ditut. Erakusketetan antzezlan txikiak egiten ditut; txotxongiloak pertsonengana hurbiltzeko beste modu bat da hori. Denborarekin konturatu naiz antzoki bateko areto ilun batean baino askoz gehiago konektatzen dutela umeek aurrez aurre txotxongiloekin. 

Teknologia berrietara ohituta dauden umeei txotxongiloak interesatzen zaizkie?

Kontraesana dirudi, baina zenbat eta teknologia aurreratuagoa egon, orduan eta behar handiagoa dute umeek horrelako gauzak ikusteko. Pentsatzen dugun baino gehiago gustatzen zaizkie.

Txontxongiloen ametsak erakusketa martxoaren 2ra arte zen egotekoa Arrasateko Kulturaten, baina, hilaren 8ra arte luzatuko da. Interes handia piztu du?

Bai, harrera ona izan du. Horrexegatik jarraitzen dut hau egiten, umeengan pizten duen interesa ikusten dudalako. Umeek ematen diote zentzua nire lanari. 4 eta 5 urteko umeek musuz eta besarkadaz betetzen dituzte txotxongiloak. Harrigarria da zer behar daukaten umeek bizirik dagoen zerbait ikusteko.

LOTSABAKO

Txotxongiloak egin edo erabili?
Erabiltzeko egin. 

Umea zinenean, zer sentiarazten zizuten txotxongiloek? 
Zirrara.

Ametsik?
Ez. Hau zen nire gaztetako ametsa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.