Harribitxi bat oskol barruan

Madrilgo Beti Jai frontoiak aurki zabalduko ditu ateak. Plataformako kideak pozik daude galzorian egon zen eraikina salbatu dutelako, baina borrokan jarraituko dute bertan pilotan jokatzeko aukera bermatu arte.

MADRILGO BETI JAI FRONTOIA
Madrilgo Beti Jai frontoia gaur egun. ISABEL HORTA
Kristina Berasain Tristan.
2024ko martxoaren 14a
05:00
Entzun

Madrilen bihotzean harribitxi bat da Beti Jai. Marques de Riscal kaleko zazpigarren zenbakiak altxor bat ezkutatzen du bere barnean. Eraikin dotore bat da. Espaloitik arkuz osatutako aurrealde neoklasiko bat ikusten da, zuhaitzen itzalean, eta gora begiratzean kalostra bat dago, balkoien galeria bat, kapitelez apainduta. Zirrara barruan sartzean sortzen da: ezkerreko ate metalikoa zeharkatzean, adreilu gorrizko pareta bat dago —arte mudejarra—, eta handik patio arrunt bat topatu beharrean, arabiar tankerako harmailak ikus daitezke. Parez pare, frontoi bat.

«Pilotaren Sistoren kapera da», dio Fernando Larunbek (Iruñea, 1947): «Garai batean hogei bat frontoi izan ziren Madrilen; Jai Alai, Fiesta Alegre, Euskal Jai... XIX. mendearen amaieran egin zituzten denak, baina pixkanaka desagertuz joan ziren. Hau da iraun duen bakarra». Donostian 1970ean jokatu zituzten Munduko Txapelketan pala motzeko urrezko domina eskuratu zuen Larunbek. Salba Dezagun Beti Jai Frontoia plataformako ahotsetako bat da orain. Behingoz, lasai hartu du arnasa, galzorian egon zen frontoia zaharberritu dutelako —«ez nuen uste nire begiekin ikusiko nuenik»—, baina artean borrokan jarraitzeko arrazoiak ditu: «Erabiltzea da orain gakoa. Frontoiaren muina mantendu behar da, arima, eta pilota partidak jokatzeko aukera eman. Jatorrizko erabilera bermatzea da orain gure aldarrikapena».

Aurki zabalduko dute eraikina behin betikoz. Zaharberritzea, baina, ez da erabatekoa izan. 2019an amaitu zuten lehen fasea, egituraren finkatzea, eta ordutik bisita gidatuak egiteko aukera egon da, aldez aurretik izena emanda. Asteburu guztietan zabalduko dute orain.

Beti Jai pilotalekua, goitik ikusita, iaz. SALVEMOS EL FRONTON BETI JAI.
Madrilgo Beti Jai pilotalekua, konpontzen hasi zirenean. BETI JAI PLATAFORMA.

«Aztarna arkeologiko bat balitz bezala ikusi ahal izango da aurrerantzean, baina artean zaharberritze integrala egitea falta da. Gaur egun ez dago ez urik eta ezta argindarrik ere. Oskol bat da, oso polita, baina oskol bat, azken batean». Igor Gonzalez (Bilbo, 1976) frontoiaren historia ikertzen aritu da, eta buruan data asko baditu ere, erabat iltzatuta dauka bat: 2008ko apirilaren 24a. Egun horretan erabat abandonatuta zegoen eraikinean sartu zen: «Txundituta geratu nintzen. Garai horretan okupatuta zegoen. Egoera tamalgarria zen. Zaindari bat zegoen atarian eta ez zidan sartzen uzten». Baina halako batean txiskero bat atera zuen: «Athleticen armarria zuen, eta ni bilbotarra naiz...». Bada, barruan sartu, argazkiak atera, eta sarean jarri zituen. Erantzuna itzela izan zen: «Sekulako zalaparta sortu zen. Orduan sortu genuen plataforma. Aspalditik ari ziren frontoia eror ez zedin aldarrikatzen, baina bakoitza bere aldetik, bere alorretik; pilotariak, arkitektoak, auzotarrak... Plataforman denak bat egin eta elkarlanean ari gara ordutik».

Salba Dezagun Beti Jai Frontoia plataformako bozeramailea da Gonzalez. Berak ere ez du sinesten lortutakoa, baina, dioenez, etorkizuna «lausoa» da. Madrilgo Udalak ez du zehaztu eraikinak kudeaketa publikoa edo pribatua izango duen, eta horrek dena baldintza dezake. «1991n, monumentu nazional izendatu zuten, eta 2011n, interes kulturaleko ondare, baina orain bigarren fase bat jarri behar da abian, eta ez dugu frontoia pribatizatzea nahi. Kirol eta kultur ekitaldiak egiteko zabaltzea da gure nahia; kontzertuak, azokak, dantza emanaldiak, haurrentzako jolasak... eta pilota. Ez da inoiz maila profesionalean aritzeko leku bat izango, baina bai tarteka erakustaldiak egitekoa».

Larunbe bat dator bozeramailearekin: «Kudeaketa publikoa ezinbestekoa da, bestela pilota alboratzeko arriskua dago, eta ez dugu nahi bere jatorrizko esanahia galtzerik, bere izaera galtzerik». Udalak bertan interpretazio zentro bat zabaltzeko asmoa du, eta hori ere kezka iturri da: «Materiala eskatu digute, eta guk plazer handiz eman dugu, noski, baina ez dakigu gero zer-nolako trataera emango zaion horri».

(ID_17101658579755) Madrilgo Beti Jai pilotalekua.
1918koa da pilota partida bat jokatu zuteneko azken argazkia. BETI JAI PLATAFORMA

Beti Jai frontoiak 130 urte egingo ditu aurten. 1894ko maiatzaren 29an zabaldu zituen ateak, eta hiru egunez jarraian jokatu zituzten pilota partidak. Halere, sei bat urtez bakarrik egon zen aktibo. Pilota puri-purian zegoen garai hartan Madrilen. Joaquin Rucoba arkitektoa izan zen airetik zesta-puntaren forma duen eraikinaren egilea. Eskoriatzako (Gipuzkoa) Jose Arana enpresaburuak agindu bakar bat eman zion: Donostiako Beti Jairen itxura bera izan behar zuen. 100.000 duro gastatu zituen —3.000 euro—. 

Beti Jai frontoi industrial bat da, adreilua eta egurra metalezko egitura sendoarekin uztartutakoa, neomudejar estilokoa. Ikono bakan bat arkitekturaren ikuspuntutik. Harmaila kurbatuetan 4.000 lagunentzako tokia zegoen, lau solairutan banatuak; sabaian freskoak zituen, eta kantxa 67 metro luze da. Ondare horrek, baina, sinisten zaila den historia dauka atzean. Club Sport Vasco elkarteak torneoak egin zituen hainbat urtez, eta mitinak, manifestazioak, eskrima saioak eta hipika ikustaldiak ere egin zituzten han, baina, loraldi haren ostean, frontoiak urte ilunak bizi izan zituen. 1918. urtekoa da frontoian pilota jokatzen ari direneko azken irudia. Primo de Rivera Espainiako diktadoreak jokoa debekatu zuenean etorri zen gainbehera. Apustuak ere debekatu zituen.

(ID_13693149) MADRILGO BETI JAI FRONTOIA
Beti Jai frontoia, autoen kontzesionarioa eta tailerra izan zen garaian. BETI JAI PLATAFORMA

Ezin konta ahal dira eraikinak izan dituen erabilerak. I. Mundu Gerran, eskola militarra izan zen; gerora, auto lantegi bat, Studebaker markakoa; 36ko gerran, kartzela eta komisaria izan zen; eta diktadura garaian, musika talde falangisten entsegu lokala. Gero, hainbat tailer jarri zituzten, oliba fabrika bat, zerbeza almazen bat, eskaiola lantegi bat, zinema plato bat, kontzesionarioak... Ordurako frontoia tapatuta geratu zen. 1989an, enpresa bati saldu zioten eraikina. Hainbat ideia aztertu zituzten orduan, baina eraikina botatzea zen asmoa. Igor Gonzalezen hitzetan, ondare izendatzeak salbatu zuen frontoia: «Zona horretan orube batek urrea balio du; Castellana pasealekutik metro gutxira dago Beti Jai. Udalak desjabetze prozesua hasi zuen 2015ean, eta urte bereko abenduan hasi ziren eraberritzen». 

Larunbek 30 urte daramatza borrokan pilotalekua babesteko, eta bi kezka ditu orain: «Leonardo Torres Quevedo asmatzaileak tailer bat izan zuen han urtebetez. Telekinoa asmatu zuen, uhin hertziarren bidez ordenak transmititzen zituen tresna, eta hari leku berezia egin nahi diote interpretazio zentroan. Gure beldurra da pilotalekua bigarren planoan geratzea». Kantxari kristalezko estalki bat ezartzea da beste kezka. Asmoetako bat da, baina, plataformako kideen iritziz, horrek erabat aldatuko luke jatorrizko izaera: «Unescok Beti Jai gizateriaren ondare izendatzeko bidea ireki lezake, baina, horretarako, hurrengo zaharberritzea originalari lotua egin behar da». Larunbek behin eta berriz egiten dio erreferentzia pilotari: «Euskal Herrian egin den bezala, plaza moduan erabil daiteke, baita mitinak egiteko ere, baina ez dezala bere izaera galdu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.