Harriaren eta gatzaren ibilbideetan Arabaren historia ezagutaraziko dute

Añanako gatzagen eta Gasteizko katedralaren historia erakusteko hiru ibilaldi egingo dituzte ekainean

Iaz, Gasteizko Erdi Aroko azokan harrobitik harria nola ekartzen zuten irudikatu zuten. QUINTAS.
Gasteiz
2011ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Gasteiztik Añanara. XII. eta XIII. mendeetan gatzarekin eta harriarekin mandatari eta erromesek egiten zuten gisan, Arabako lurraldearen hego-mendebaldea zeharkatzeko aukera izango da ekainean. Gasteizko Santa Maria Katedrala Fundazioak, Gatz Harana Fundazioarekin eta Goiena Mendiko Klubarekin batera, historian zehar gatzagek eta burdinolek izan duten garrantzia ezagutzeko aukera eskainiko du, harriaren eta gatzaren ibilbideetan zehar. Irteerak ekainaren 4an, 11n eta 25ean izango dira.

Arabaren historian funtsezko elementuak izan dira Santa Maria katedrala eta gatzagetan lurrundutako urre zuria. Añanako Kuadrillan zeharreko bideetan barna, Erdi Aroko Araba ezagutzeko aukera izango da, garai hartako arkitekturaz, historiaz eta gurdiekin zeharkatzen zituzten txoko eta ikuspegiez gozatuz.

Larunbat honetan ekingo diote atzera begirako ibilbideei. Lehen etapan, hiriburutik, Katedralaren ataritik, abiatu eta Armentiarantz joango dira oinezkoak. Mendoza aldera jo ondoren, Iruña Veleian amaituko da. 08:00 aldera abiatuta, hamabost kilometro inguruko bidea egingo dute helmugara iritsi arte.

Bigarren ibilaldian, ekainaren 11n, Billoda eta Pobes arteko bidea zeharkatuko dute. Bidean, Olabarriko inguruez gozatuko dute bisitariek. Ekainaren 25ean, berriz, mendi alderantz joko dute. Pobesen helduko diote bideari, Añanan, urre zuriaren iturburuan amaituz. Ibilbidean zehar, lurraldearen historian esangura berezia izan duten toki interesgarriak ezagutzeko aukera izango da, horien inguruko azalpenak ere emango dituztelarik.

Gatza, iraganeko urrea

1140an Añana sortu zen, eta, ekoizpena ugarituz zihoan heinean, gatzaren salerosketak garrantzi berezia hartu zuen lurraldean, garai hartan balio handia baitzuen mineralak. Jakiak kontserbatzeko eta trukerako lehengai bihurtu zen gatza, eta bere garraioak bide ugari zabaldu zituen Araban.

Gatzagan herritarrek lan egiten bazuten ere —ur gazia irauliz gatza lortzen—, elizgizon eta jauntxoen jabetzakoak izaten ziren. Añanako larrainetatik monasterioetara, jauntxo aberatsen gaztelu eta lurraldeetara eramaten zuten minerala.

Erdi Aroko goraldiaren ondoren, 1960ko hamarkada inguruan, industria handien sorrerak Arabako urre zuriari zuen balioa eta garrantzia kendu zion. Produkzioak behera egitean, ibilbideetako joan-etorria ere erabat makaldu zen, lurraldearen historiaren zati bat sasi artera eramanez. «Lurraldearen historia berreskuratu eta bertakoa ezagutzearen garrantziaz jabetu beharko genuke, askotan ez garelako ohartzen bizi garen inguruak zer-nolako iragana izan duen. Ezjakinak gara gure etxean», Izaskun Fernandez Santa Maria Katedrala Fundazioko komunikazio arduradunaren arabera.

Harriaren ibilbidea

Katedralaren fundazioak antolatutako ibilbide horietan, gatzaren ibilbideak ez ezik, hiriburuko Santa Maria katedrala eraikitzeko harria ekartzeko erabiltzen zuten bide berbera ere zeharkatuko dute bidaiariek. Koldo Martinez geologoak argitaratu zuen eran,5.000 tona harri inguru atera ziren Axarteko harrobitik Gasteizera. 200 urte inguruan idiek tiratutako gurdietan ekartzen zuten harria hirira. Harri horrekin eraikia izan zen Alfontso VIII.ari otu zitzaion tenpluaren proiektua,XIII. mende aldera.

Ibilbide gidatuak

Harriaren eta gatzaren ibilbideetan zehar parte hartzeko 9 urtetik gora izatea beharrezkoa izango da. Bidaiek zailtasun handirik ez badute ere, «oinez ohituta dauden pertsonentzako ibilbideak direla aipatu behar da», jakinarazi du fundazioko komunikazio arduradunak. Batez beste, hamabost kilometro ingurukoak izango dira hiru bidaiak.

Oinezkoen segurtasuna bermatze aldera, istripu asegurua jarriko zaie, eta Gurutze Gorriko langileen eta Goiena Mendi Klubeko adituen laguntza izango da.

Harriaren eta gatzaren ibilbideetan barrena murgiltzeko, fundazioan izena ematea beharrezkoa izango da, «55 pertsonentzat mugatua izango baita». Katedrala fundazioko bazkideek ibilaldi bakoitzeko hiru euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkide ez direnek, berriz, zazpi euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.