Harria maite duen herria

Harria jasotzen ikasteko eskola bat zabaldu du Zarautzen Joxerramon Iruretagoiena 'Izeta II.a'-k. Bederatzi ikasle ditu dagoeneko, «oso maila onekoak» gainera, baina gehiago lortzea du helburu.

Ikasle bat ehun kiloko harriari altxaldia ematen, Izeta II.aren begiradapean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Zarautz
2013ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Gurasoen ondotik urrundu eta ezkutuan eman behar izan zituen harria jasotzeko lehenengo pausoak Iñaki Perurenak, historiak eman duen harri-jasotzailerik handienetakoak. Harriren batek azpian harrapatu eta semeak min hartuko zuen beldur ziren, nonbait, Perurenaren gurasoak. Gaur egungo gazteen gurasoek, baina, ez dute halako buruhausterik zertan izan. Besteak beste, harria jasotzen ikasteko eskola zabaldu baitute Zarautzen (Gipuzkoa). Herriko udalarekin hainbat bilera egin ondoren, orain bi hilabete abiatu zuten proiektua, Joxerramon Iruretagoiena Izeta II.a buru dela. «Harri-jasotzailea izan nahi zuen gazte batek ez zeukan nora jo, eta horregatik erabaki nuen eskola irekitzea. Gauza asko lantzen ditugu, eta gazteek ez dute min hartzeko inolako arriskurik», adierazi du Izeta II.ak. Bederatzi ikasle ditu oraingoz, eta astean bi aldiz entrenatzen dira Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian.

Harria maite duen herria da Zarautz. Bistakoa da hori. Xabat Olaizola ikasle gazteenak 15 urte ditu: «Eskubaloian ere aritzen naiz, nahiko maila onean. Dena den, ez daukat harria alde batera uzteko asmorik, ikaragarri gustatzen baitzait». Eskolan izena eman zuenetik, gero eta gusturago ari da, gainera: «Aitaren kontrako apustu batean altxatu nuen lehen aldiz harria. Erakarri egin ninduen, eta gozatzen ari naiz orain». Gozatzen ari den bestea Iñigo Izagirre da. 17 urte ditu, eta hutsik egin gabe joaten da entrenatzera: «Askok pentsatzen dute harria jasotzea sufrimenduaren sinonimo dela. Ez da horrela. Beste edozein kiroletan gehiago sufritzen da».

Ez da erraza, ordea, gainontzeko kirolei kontra egiten, Izeta II.aren esanetan: «Gazteek errazago jotzen dute futbolera, arraunera edo pilotara. Telebistan ere kirol horiek ikusten dituzte gehien. Halere, pixkanaka-pixkanaka ikasle kopurua handitzea da gure erronka nagusia». Hori lortzeko, Zarauzko ikastetxeetara joko dute lehenbizi: «12 urtetik gorakoei informazioa helaraziko diegu: zer den harri-jasotzea, nola lan egiten dugun... Jendea erakartzea da gure asmoa», nabarmendu du Izeta II.ak. Oraingoz gizonezkoak bakarrik dituzte taldean: «Emakumeren batek izena emango balu, ilusio handia egingo liguke».

Harria altxatzen aritzeko ez dago pertsona indartsua izan beharrik, Izeta II.aren arabera. «Gure kirolerako edonork balio du. Gehienek indarrarekin lotzen dute harri-jasotzea, eta horregatik ez dira animatzen gure eskolan izena ematera». Baina indarrak ez, teknikak du garrantzia: «Eskoletan gehien lantzen dugun arloa teknika da, horixe baita harria ongi jasotzeko sekretu nagusia. Indarra ere behar da, noski, baina hori harriak altxatu ahala hartzen da». Indar ariketa batzuk egiten dituzte entrenamenduetan, baina inportantena harria jasotzen orduak sartzea da. «Ikasleen gainean egoten naiz beti, eta akatsak zuzentzen saiatzen naiz. Horixe da hobetzeko gakoa», adierazi du Izeta II.ak. Bizikletan eta ergometroan ere aritzen dira ikasleak.

Izan ere, beste edozein kiroletan bezala, diziplina oso garrantzitsua da harri-jasotzean. Elikaduratik hasita. «Ez gara oso zorrotzak, baina koiperik gabeko janaria jateko gomendatzen diegu ikasleei. Harri-jasotzaile batek kiloak behar ditu, baina ongi egindako kiloak», adierazi du Izeta II.ak. Horregatik ematen dituzte orduak eta orduak kiroldegiaren barruan, giharrak indartzeko.

Lanketarako baliabide ugari dituzte kiroldegian bertan, baina denborarekin toki handiago batera joatea dute xede. Bien bitartean, orain arteko lekuan jarraituko dute gazteekin. Ordea, zenbat urterekin has daiteke gazte bat harria jasotzen? «Nik pentsatzen dut 10-12 urte inguruko haurrek izena eman dezaketela gure eskolan. Egurrez egindako harri itxurazko batekin hasiko lirateke, eta trebatuz joan». Adin horretako haurrekin ibiltzea zer den badaki, gainera, Izeta II.ak. Orain bezainbeste baliabide, baina, ez ditu «sekula» izan.

Ideia, beste herrietara

Zarauzkoa ez da lehenengo harri eskola izan. Orain urte batzuk Nafarroako Sakanako eskualdean abiatu zuten antzeko proiektu bat. Izeta II.aren esanetan, halako eskolak martxan jartzea derrigorrezkoa da harri-jasotzaileen etorkizuna ziurtatu nahi bada: «Nik izan dudan ideia beste herrietara zabaltzea gustatuko litzaidake. Gerta daiteke hainbat herritan harria gustatzen zaien gazteak egotea, baina nora jo ez edukitzea. Horiek guztiek aukera bat merezi dutela uste dut». Hemendik urte batzuetara, harri eskolek futbol edo arraun eskolen gisan funtzionatzea gustatuko litzaioke Izeta II.ari.

Horretarako, lanean jarraitu behar dutela argi eta garbi du: «Diruagatik balitz, honezkero utzi genituen halako kontuak. Maitasunagatik ari gara lanean, eta ziur gaude mereziko duela». Zalantzarik gabe, harri-jasotzeak ziurtaturik dauka etorkizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.