Herriko ondare garrantzitsuenetarikoa da Artaxoako harresia. Nafarroakoa ere bai, Erdi Arotik hona ondoen kontserbatu den hormatzarra baita. Horregatik, historia ikerlari ugariren arretagune nagusia da Artaxoa. Herritarrek ez diote ihes egiten lotura horri, eta Erdi Arora egiten dute jauzi urtero abuztu amaieran. Aurtengoa asteburu honetan egingo dute, eta, lehenengoz, bisita gidatuak antolatu dituzte harresiaren barrenak jendeari erakusteko.
Larunbat eta igandeko bisita batzuk antzeztuak eta haurrei zuzendutakoak izango dira. Helduek, alabaina, izango dute harresia ikusteko aukera, egunez zein gauez. Hurrengo orduetan egingo dituzte bisitak: 12:00, 13:00, 16:00, 17:00, 18:00 eta 21:00etan —larunbatean bakarrik—.
Bisitak ez dira, ordea, asteburuko ekitaldi nagusi bakarrak. Larunbat goizetik izango da giroa. Erdi Aroko azoka 11:00etan hasiko da, eta, harekin batera, hainbat erakustaldi hasiko dira. Besteak beste, hegazti harrapariak, zaldunen arteko borrokak eta arku tiratzaileak ikusteko aukera izango da. Haurrentzako lantegiak ere egingo dira.
Eguerdian, berriz, pregoia irakurriko dute. Aurten, Javier Diaz Huder idazleak egingo du. Horren ostean, La leyenda de la virjen de Jerusalem antzerki emanaldia izango da.
Igandean, herri antzerkia
Bigarren antzezlan bat ikusteko parada izango da arratsaldean. Erdi Aroko errege ezkontza bat irudikatuko dute, Boda Real entre Garcia Ramirez y Doña Urraca antzezlanean. Iluntzean, garaiko pintxo eta edariak dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Igandean, herritarrak izango dira protagonista. Eurek sortu eta osatu dute Artaxoako erreinua antzezlana. Harresian izango da emanaldi hori, 18:30ean.
Harresiari gorazarre
Erdi Arora egingo dute jauzi asteburuan Artaxoan, eta, herriko ondare historikoari omenaldia egiteko asmoz, bisitak antolatu dituzte murailara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu