Har-eman proiektuaren eramailea

Amaia Hennebutte: «'Harreman' hitza hautatu genuen, horixe falta baitzaie»

Larunbatean Kiribil konpainiaren eta Cafecitoren arteko Har-eman elkarlana plazaratuko dute, Baionan. Fisikoki eta mentalki eri den jendea laguntzeko muntatu dute proiektu hori.

Amaia Hennebutte, joan den ostegunean, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Amaia Hennebutte, joan den ostegunean, Baionan. PATXI BELTZAIZ
julene muruaga
Baiona
2024ko ekainaren 6a
05:00
Entzun

Bi urtez, Kiribil konpainiako kideek burutik eri direnekin eta elbarrituekin tailer artistikoak proposatu dituzte, Baionako Cafeciton Har-eman proiektua muntatzeko. Kasik bi urteko lanketaren ondotik, larunbatean lana plazaratuko dute: osasun mentalaren eta elbarritasunaren, eta artearen arteko lana da. Amaia Hennebutte (Miarritze, Lapurdi, 1972) Kiribil konpainiako kidea izan da proiektuaren abiatzaileetariko bat, eta hark ditu tailerrak eraman. «Gauza ttipi desberdin bat dute, ez dena beste munduko zerbait, baina, desberdintasun horrengatik, harremana hausten zaie», pentsatu du.

Duela bi urte abiatu zenuten Har-eman proiektua, Kiribil konpainiarekin. Nondik abiatu zen ideia?

Cafecitotik abiatu zen ideia. Baionan den kafe inklusibo bat da Cafecito, denei irekia dena, baina sustut eri den jendeari, izan fisikoki edo burutik; orokorrean, hauskorra den jendeari. 2023an zabali zituen ateak, eta gertakari horren kari proposatu ziguten, Kiribil konpainiari, emanaldi bat eskaintzea. Egin, eta jabeari kontseilatu genion taberna hori biziaraztea, eta ongi litzatekeela tailer artistikoak proposatzea. Hori antolatu genuen, kasik bi urtez: ostegunero, kitorik, engaiamendurik gabeko tailer artistikoak.

Emanaldia zehazki nola muntatu zenuten?

Hastapenetik, parte hartzaileekin arlo desberdinak ukitu eta landu ditugu: antzerkia, boza, musika, arte plastikoak, eta abar. Hortik pilaka gauza atera dituzte, eta ohartu ziren beren baitatik gauza artistikoak sortzeko gai zirela; orduan, proposatu genien sortutakoarekin emanaldi bat muntatzea. Badu orain bi hilabete emanaldia lantzen ari garela. Haiek dute dena hautatu: ez diegu deus inposatu. Galdegin diegu zer eskaini nahi zieten ikusleei, eta bat banaka prestatu nahi zutena adierazi zuten; guk lagundu ditugu proiektuak sortzen. Dena elkar eraikuntzan egin da.

Nor eta zenbat dira parte hartzaileak?

Oholtza gainean 24 parte hartzaile izanen dira; zentro batzuetatik heldu direnak dira, eta baita autonomoak eta bakarrik bizi direnak ere.

Zer ahalbidetu du haien baitatik sortzeak?

Haiengandik heldu diren ideiak garatzea ezinbestekoa zen gure iduriko. Ikusi dugun ondorioa izan da osoki inplikatu direla, maite dutena proposatu baitute; ondorioz, dena puntaraino eraman dute, eta duten energia guzia eskaini diote proiektuari. Horrez gain, egin dituzten proposamenak originalak eta hunkigarriak izan dira biziki.

Hasi zaretenetik gaur egun arte, nolako bilakaera ikusi duzu?

Lasaitze bat sumatu dut. Hastapenean, «artea ez da niretzat», «ni ez naiz artista, ez dut lortuko» eta halako esaldiak entzuten nituen haien ahoetatik. Egia da Ipar Euskal Herrian eta Frantzian artea mundu elitistatzat jotzen dela, baina erakutsi nahi izan genien denei irekia dela. Poliki-poliki, arteari lotutako jokoak proposatuz, lotzea lortu zuten, eta bukaeran: «Ez dakit tindatzen, baina lortu dut marrazki eder bat egitea», poztu ziren. Horrez gain, sentitu dut kolektibo bat sortu dela. Bertan parte hartzen duen jendea baztertua da, bakartia da. Kanpoko begiradaz anitz sufritzen dute. Proiektuari esker, elkar ezagutu dute, elkarrekin jostatu, elkarrekin sortu, eta, ororen buru, proiektu erraldoi eta izugarri ederra sortu dute.

Artearen inguruko lan andana plazaratu duzu. Artea erabiltzen duzu jendea laguntzeko.

Ene aburuz, artea denei irekia den eta emozioa transmititzen duen tresna bat da. Bistan dena da batzuek arte ikasketak egiten dituztela eta profesionalak bilakatzen direla ikasketei esker, baina bada beste arte mota bat ere, «arte gordina». Arte mota hori deus ikasi gabe norbere baitatik jalgitzen dena da, jendea hunkitzen duena. Arteak gizakia biziarazten du. Har-eman proiektuan, saiatzen gara artearen bidez desestigmatizatzen.

Har-eman izena eman diozue lanari. Zergatik?

Nahi genuen izen euskaldun bat hautatu. Maluruski, parte hartzaileak frantsesak dira, eta, beraz, dena frantsesez eraman dugu, nahiz eta Kiribil konpainiakoak euskaldunak izan. Harreman hitza aukeratu genuen, horixe falta baitzaie. Un p'tit truc en plus filma ikusi berri dut zineman, eta hori da haien egoera: gauza ttipi desberdin bat dute, ez dena beste munduko zerbait, baina, desberdintasun horrengatik, harremana hausten zaie. Hitz sinbolikoa zela iruditu zitzaigun.

Har-eman iraganen da larunbatean, Baionan, desberdintasuna ospatzen duen ekitaldian. Nola iraganen da eguna?

Erabaki genuen eguna ezohiko maneran antolatzea: Cafecitotik abiatuko gara, eta, zuzenki plazara joan ordez, desfile moduko bat eginen dugu, musikak alaiturik. Zergatik? Jendeak ikus dezan hemen garela, eta ikusleei gurekin batzea proposatzeko. Proiektuari talde anitz lotu dira; gurekin desfilatuko dutenen artean daude Landetako zangaluze talde bat, batukada bat, eta Afrikako perkusioak. Jacques Portes plazan bukatuko da ibilaldia, eta muntatutako emanaldia emanen dute goiz bukaeran.

LOTSABAKO

Kolore bat?
Horia. Eguzkiaren kolorea.

Leku bat?
Itsasoa.

Emozio bat?
Poza, ez baita beti erraza atzematea.

Liburu bat?
Leo Lionniren Igeritz. Haurrendako albuma da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.