Harrabotsa egiten duen ikuskizun ibiltaria

'Le Bruit' ikuskizuna karrikaratzen ari da Baionan Cirque des Petites Natures artista kolektiboa. Hegoa Garai antzezlariak salatu du geroz eta zailagoa dela zirku ibiltaria biziaraztea. Etzi arte izango dira Lapurdiko hiriburuan.

'Le Bruit' zirku ikuskizuneko aurtengo argazki bat. HITZA
'Le Bruit' zirku ikuskizuneko aurtengo argazki bat. HITZA
Xalbat Alzugaray
2025eko apirilaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Barnak mugitzen dituen «abentura poetiko eta fantastikoa» da Le Bruit ikuskizuna, Hegoa Garai antzezlari eta musikariaren arabera. Bordelen (Okzitania) sortu zirku emanaldi «garaikide eta tradizionala» da Cirque des Petites Natures artista kolektiboak ekoitzi duena. Izan ere, duela bi urte eta erdi hasi prozesua Baionako Mousserolles parkean egon da azken egunotan, eta etzi izanen da azken emanaldia. Gaur eta bihar, 20:00etan dute emanaldia Baionako Mousserolles parkean, eta etzi, igandean, 17:00etan.

Oren bat eta erdi irauten duen emanaldian, trapezioa, soka dantzariak, poesia eta umorea lotzen dituen «balentria» da ikuskizuna, Garairen arabera. Le Bruit ikuskizuna definitzea «zaila» zaion arren, aditzera eman du antzerkiaren, poesiaren, musikaren eta zirkuaren arteko nahasketa bat dela. «Ikuskizun hibrido bat egiten dugu. Unibertso desberdinen eta artista anitzen arteko bidegurutzea da». Segurtatu duenez, «harrabotsa» sortzen du ikuskizunak, eta nabarmendu du behin kolektiboa joanik ikuskizunak publikoarengan «aztarna» uzten duela.

Zehaztu duenez, zirku ikusgarri garaikidea ez da zirku klasikoaren «aurkakoa». «Gure ibilbide artistikoa desmartxa artistiko garaikide batean txertatzen da, baina jendeak ez du uste izan behar zirku klasikoaren kontra doala». Animaliarik ez baliatzea erabaki dute: «Animaliak gu gara», kontatu du antzezlariak, irriz.

Sorkuntza kolektiboa da Le Bruit, eta Garaik erran du hura karrikaratzeko konpainiako arlo artistiko «guziak» juntatzeko ahalegina egin behar izan dutela. Bertzalde, kontatu du artista kolektiboak hausnarketarako «derrigorrezko» tarte bat hartu behar izan duela ikuskizunaren inguruko mezua lantzeko, norberaren interesa aitzinean eman ordez kolektiboaren lanketa lehenetsiz.

Ibilbide «zaildua»

Garairen erranetan, desafio «anitz» ditu zirku kolektiboak. Le Bruit ikuskizun ibiltarian hamabost pertsona inguru ari direnez, azpimarratu du «ahalak eta bi» egin behar dituztela guziak biziarazteko. Bertzalde, «desafio teknikoa» da egunerokoan karpa bat leku batetik bertzera eramatea. Horren karietara, kontatu du ikuskizuna eraman nahi duten herri edo eskualdeetako egitura instituzionalekin harremanak zaildu direla. «Ibiltaria garenez eta tropa zein materiala eraman behar dugunez, zaila da ikuskizuna eman nahi dugun tokia lotzea, ez dugulako denbora instituzioek bezala kudeatzen».

Gainera, salatu du berriki hartu erabaki instituzionalek ez dutela kultura «lehenesten». Erran du horren ondorioz geroz eta zailagoa izan daitekeela leku batetik bertzera joatea. «Kulturaren arloan aitzinkontu mozketak egin dituzte. Eguneroko desafioa bihurtzen ari da guretzat ikuskizun bat biziaraztea».

Alta, karpa egunero betetzen dutela zehaztu du Garaik, eta aditzera eman du «kontraerran handia» badela jendeak nahi duenaren eta kulturaren kontrako politiken artean. «Jendea kultura eta zirku gosez da. Nahiz gure konpainia nahiko autonomoa den, zortea dugu ikuskizunak munta ditzakegulako oraino». «Baina argi dut orotariko ikuskizun motak proposatzea zaila izanen dela etorkizunean», deitoratu du Garaik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.