Haritzen artean historian murgilduz

Enneco proiektua helburu batekin sortu zen: Nafarroako Erresumaren historiaren memoria gune bat sortzea. Urtebete daramate auzolanean Etxarri Aranazko harizti batean, eta 2022an bukatzeko asmoa dute. Udan bisitak hartzen dituzte.

Iruñea
2017ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Nafarroako Erresumaren historia zehazki ezagutzea eta aztertzea ez da inoiz izan lan erraza. Izan ere, jakina da historia garaileek idazten dutela, eta, hortaz, Espainiak eta Frantziak idatzitakoa izan da aspalditik ikuspegi bakarra.

Horregatik, duela gutxi arte ez da izan ikuspuntu ofizial horretatik kanpo aztertu duen historialaririk, eta are gutxiago museorik. Hutsune hori betetzeko asmoz sortu zen Enneco, haritzaren memoria proiektua, Nafarroa Bizirik fundazioaren ekimenez: Euskal Herriko historia —batez ere Nafarroako erresumari dagokiona— herritarrei hurbiltzeko interpretazio zentro bat sortzea du helburu. Historiaz gain, artea, hizkuntza, mitologia eta beste gai batzuk ere landuko ditu. Etxarri Aranazko harizti batean hasi ziren parkea eraikitzen, duela urtebete. Haritzak Euskal Herriko zaharrenetarikoak dira, etahan eraikitzeko erabakia ez da ausazkoa izan: haritz horien antzinatasunak Nafarroako erresuma zaharra sinbolizatzen du, eta, gainera, Iruñeko erresumaren lehenengo erregeak Eneko Aritza zuen izena. Halaber, Etxarri Aranatz geografikoki Euskal Herriko erdigunean dago, hiriburu guztietatik hurbil.

Obrak 2022an amaituak izatea espero dute arduradunek, baina, jendeari orain arte egin dutena erakusteko eta proiektua aurkezteko, uda honetan ateak irekitzea erabaki dute. Irailaren 3ra arte, 11:00etatik 18:00etara, edonork ahalko du Enneco parkea bisitatu eta urtebetean egindako lanak ikusi.

Auzolanean eraikiz

Ingurua atontzen ibili dira boluntarioak: basoa garbitzen, hesiak jartzen, bidea zimendatzen, jolas guneko estalpea eraikitzen... Harrera etxola bat ere egin dute, bisitariei informazioa emateko eta liburuak, kamisetak eta laguntza bonuak saltzeko. Nafarroa Bizirik-eko kideez gain, Euskal Herri osotik etorritakoak egon dira auzolanean, eta baita nazioartekoak ere: adibidez, uztailaren 5etik 17ra, mundu osotik etorritako gazte talde bat ibili zen han, De Amicitia GKEkoa.

Oraingoz, ibilbidean kokatu dituzten informazio panelak eta estruktura zenbait baino ez daude ikusgai. Hala ere, bisitariak bi ibilbide egiteko aukera izanen du: historikoa eta naturalistikoa. Lehenbizikoan, Enneco proiektuaren nondik norakoak eta eraikin bakoitzaren betebeharra ezagutu ahal izanen ditu panelak irakurriz. Guztiek daramatzate Martin Alzueta Martintxo marrazkilariaren ilustrazioak etagaiari buruzko zertzelada batzuk ematen dituen testu labur bat. Bigarren ibilbidean, berriz, parkeko landare eta zuhaitz espezieei buruz ikasi ahalko du bisitariak, Oier Huizi biologo etxarriarraren laguntzaz ezarri dituzten panelen bidez. Gorostia, sahatsa, elorria eta huntza dira basoan zehar topa daitezkeen batzuk, baina, zalantzarik gabe, haritz zahar eta ikusgarriak dira begirada gehien erakarriko dituztenak.

Etorkizunean hainbat eraikin izanen ditu Enneco parkeak. Sarrerako eraikin nagusia Nafarroako erresumaren historiari buruz izanen da, eta ibilbidean aurkituko diren gainontzekoek hainbat arlo landuko dituzte: emakumeen rola historian, euskara, euskal mitologia... Halaber, osagarri gisa, Erdi Aroko dorre baten eta Burdin Aroko herrixka baskoi baten erreplikak eraikiko dituzte. Gainera, dorrea garai hartako metodo eta baliabideen bidez eraikiz, errealismo handiagoa eman nahi diote inguruneari.

Erakusketa areto bat ere egonen da, eta Nestor Basterretxea eskultorearen omenezko eremu bat. Izan ere, Basterretxeak (Bermeo, 1924-Hondarribia, 2014) biziki defendatu zuen proiektua, bere nafartasun sentimenduak bultzatuta, eta Enneco deituriko eskultura bat egin zuen finantzaketarekin laguntzeko.

Ennecok, proiektu soziala den heinean, lagundu nahi duen edonoren ekarpenei esker iraungo du. Herri eta hirietan izan da Nafarroa Bizirik fundazioa egitasmoa aurkezten, eta, horri esker, berrehun bat bazkide edo Enneco lagun lortu dituzte. 24 udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa ere badute, baina, antza denez, ez da nahikoa. Horregatik, hasieran asmorik ez zuten arren, Nafarroako Gobernuari laguntza eskatu beharko diotela uste dute arduradunek. Ekarpenak egin edo auzolanean aritu nahi duen edonor egin daiteke Enneco lagun,www.enneco.eus webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.