Irailaren 14an, hardcorea eta punk rocka entzun ziren Laudioko (Araba) Sorgin tabernan, helburu batekin: minbizidun haurrentzat eta haien familientzat dirua lortzea. Hardcore Hits Cancer irabazi asmorik gabeko elkarteak (HCxHC) zortzi talde bildu zituen: Lur Laudioko hardcore taldea, Tropikal Hardcore Kataluniakoa, Doble Fuerza eta Penadas por la Ley Argentinako punk taldeak, Madrilgo Grippers, Gironako (Herrialde Katalanak) Mal Asunto punk-rock taldea, Broken Bones Bilboko hardcore DJa —Madrilen bizi da egun—, eta Shock punk laukotea eta Malacopa punk rock taldea, Bilbokoak horiek ere. Guztira, 4.000 euro inguru bildu zituzten.
Jaialdi solidario hori ez da inguruko bakarra. Herrialde Katalanetan sortutako Hardcore Hits Cancer elkarteak ia hamarkada bat darama minbizia dutenei laguntzeko dirua biltzen. 2015ean, kontzertu batera joan ziren lehen aldiz elkartearen kamisetak eta bestelako produktuak saltzera. Hortik aurrera, hainbat talde hasi ziren HCxHC proiektuari deitzen, antolatzen zituzten kontzertuetan salmenta postua jar zezaten. «Jendeak interes handia zuela ikusi genuen, lagundu nahi zuela, eta, gaur egun, ia asteburuero egoten gara kontzerturen batean», azaldu du Daniel Sadurnik, elkartearen sortzaileak.
Sadurnik minbizia izan zuen 2011n. Tratamenduan zegoela, hardcore eta punk musika entzuten zuen, «deskonektatzen» laguntzen ziolako. Orduan pentsatu zuen: «Tratamendua ondo badoa, zerbait egin nahi dut musikaren bidez minbizia dutenei laguntzeko».
Hori ez da guztia, baina. Kontzertuetan kamisetak saltzen hasi, eta, handik urte batzuetara, kontzertu eta jaialdi propioak antolatzen hasi zen elkartea. Gaur egun, hiruzpalau kontzertu finko dituzte urtero. Horietako bat Bartzelonako Sidecar aretoan izaten dute, Gabonetan, eta beste bat, Laudioko Sorgin tabernan. Kataluniako kontzertuetan izaten dira batik bat, gertutasunagatik, baina Euskal Herrira eta Madrilera ere «nahikotxo» joaten dira.
Hasieran jende askoren artean kudeatzen zutela kontatu du Sadurnik, baina gero eta gutxiago direla. «Boluntarioak gogo handiz hasten dira, baina asteburueroko lana da, gogorra, eta jende askok utzi du». Orain, Sadurni ibiltzen da bikotekidearekin edo lagunen batekin.
Zortzi CD solidario
Duela hamar bat urte, talde batek abesti baten bertsioa grabatu zuen, eta Hardcore Hits Cancer elkarteari oparitu zion. Sadurnik abestiak eskatu zizkien ordura arte proiektuarekin kolaboratu zuten taldeei, eta disko bat atera zuten. Hardcore eta metal abestiak ziren, batez ere lehen urteetan. Orduz geroztik, urtero kaleratzen dute CD bat, eta aurten bederatzigarren diskoan lanean ari da Sadurni. «Hardcore hutsetik harago joan gara, eta rocka eta beste estilo batzuk sartu ditugu. Izan ere, proiektuak ospea lortu ahala, beste estilo batzuetako jendea etorri zaigu, rockzaleak, adibidez».
Publikoa bakarrik ez. Taldeen artean ere hazi da HCxHC elkartearen izena. «Lehen, ordu asko pasatzen nituen taldeei idazten, proiektua aurkezten eta abestiak eskatzen», adierazi du Sadurnik. «Orain, alderantziz izaten da: taldeek idazten didate parte hartu nahi dutela azaltzeko; batzuetan, talde handiek ere bai».
«Lehen, ordu asko pasatzen nituen taldeei idazten, proiektua aurkezten eta abestiak eskatzen. Orain, taldeek idazten didate parte hartu nahi dutela azaltzeko»
DANIEL SADURNIHardcore Hits Cancer proiektuaren sortzailea
Azken urteetan, ospe nabarmena lortu du elkarteak, baina ez da beti hala izan. Sadurnik azaldu du zelan, 2015ean, lehen kamisetak saldu eta dirua lortu zutenean, Afanoc elkartearengana jo zuten. Minbizia duten haurrentzako laguntza ematen duen elkartea da. «Dirua eman nien lehen aldian, aho bete hortz geratu ziren», azaldu du. Aipatu duenez, ez zuten espero inoiz dirua jasoko zutenik horrelako musikatik, hardcoretik. HCxHC martxan jarri zutenetik, baina, 100.000 eurotik gora bildu dituzte Afanoc elkartearentzat; zehazki, La Casa dels Xuklis proiektuarentzat.
La Casa dels Xuklis
Xukliak izaki magikoak dira, asmatutakoak, minbizia duten haurrei tratamenduan laguntzen dietenak. La Casa dels Xuklis Bartzelonan dagoen etxe handi bat da, eta haurren tratamendu onkologikoa jasotzeko haraino joan behar duten familiak hartzen ditu.
Etxe horretan, familiek, ostatuaz gain, laguntza psikologikoa eta prozesuan lagungarri izan daitezkeen beste hainbat zerbitzu eta aditu izaten dituzte eskura: erreflexoterapia, masaje onkologikoak, arte terapia eta musika terapia saioak eta yoga onkologikoa, besteak beste.
Urtero, Sadurnik argitaratzen duten disko solidarioa eramaten du La Casa dels Xuklisera. «Ez dut uste etxe horretan ozen entzungo duten musika mota denik, baina, tira, bertan dute, eskura, interesik badute, entzuteko», esan du, barrez. «Norbait entzunda zaletzen bada, are hobeto», gaineratu du.
Hardcorea benetan ezagutzeko
Urtero hainbat jaialdi antolatzen ditu HCxHC elkarteak, eta, beraz, ehunka taldek hartu dute parte proiektuan. Batzuek kontzertu solidarioak egiten dituzte; beste batzuek, berriz, elkartearen kamisetak janzten dituzte euren kontzertuetan, edo CD solidarioetarako abestiak grabatzen dituzte.
Jaialdi bakoitzak ahalegin handia eskatzen duela azaldu du Vitxo Bilbaok. Shock punk taldeko kidea da, eta irailean Laudion izandako zortzi kontzertuetako bat izan zen harena. «Ordu asko dira. Pentsa, zazpi talde izan ginen; hortaz, soinu proba asko egin behar dira, talde guztien kontzertuak egin, afaldu... Egun osoa pasatzen duzu bertan». Nabarmendu du, hala ere, elkarlana «zoragarria» izan zela, miresten dituen taldeak ezagutu zituela, eta elkarri asko lagundu ziotela. «Talde bakoitzak gauza bat eraman zuen, eta tresnak partekatu genituen», erantsi du.
«Lehen, hardcoreak oso irudi iluna zuen: gutxiengoen kontua zela zirudien, baina, kontzertu hauekin, jende asko ikusten ari da zer den benetan hardcorea, eta zelakoa den mundu horretan dabilen jendea»
DANIEL SADURNIHardcore Hits Cancer proiektuaren sortzailea
Pertsona batzuek HCxHCren bitartez ezagutu dituzte darabiltzaten musika generoak, eta, gainera, kausa jakin bati lotuta ezagutu dituzte. «Orain, hardcore hitza bera minbiziaren aurkako borrokari lotuta dago», nabarmendu du Sadurnik. Uste du, gainera, jaialdi solidarioek hardcorearen irudia «garbitzen» lagundu dutela: «Lehen, oso irudi iluna zuen: gutxiengoen kontua zela zirudien, beti txoko ilun batean jotzen zuten pertsonak zirela. Baina, kontzertu hauekin, jende asko ikusten ari da zer den benetan hardcorea, eta zelakoa den mundu horretan dabilen jendea».
Gasteizen ere lanean
Gasteiz Fights Cancer elkarteak ere bi kontzertu solidario egin ditu minbizia duten haurrei eta haien familiei laguntzeko, proiektuen alde. Bietan, genero musikal gehiago txertatu izan dituzte: metal, pop punk, rock, reggae, rumba, rap eta ska, besteak beste.
Lehen jaialdia iaz egin zuten, eta aurten bigarrena izan dute. Berezitasun bat dute: Gasteiz Fights Cancer jardunaldien helburu nagusia publikoaren sentsibilizazioa lortzea da. Hori dela eta, aurten, goizez, intereseko gaien inguruko mahai inguru bat antolatu dute, eta iaz, familientzako tailer musikala, taldekideek utzitako instrumentuekin. Arratsaldez, kontzertuak egin dituzte bi urteetan, doan. «Bertaratutakoek Aspanafoa elkartea eta Gasteiz Fights Cancer ezagutzea nahi genuen, jendea kontzientziatzeko minbizidun haurren familiek bizi duten prozesuaren inguruan», azaldu du Paula Neirok, Aspanafoa elkarteko gizarte langileak.
«Bertaratutakoek Aspanafoa elkartea eta Gasteiz Fights Cancer ezagutzea nahi genuen, jendea kontzientziatzeko minbizidun haurren familiek bizi duten prozesuaren inguruan»
PAULA NEIROAspanafoa elkarteko langilea
Kontzientziazioa dute helburu nagusi, baina «diru pixka bat» ere biltzen dute. Horrekin zerbitzuak eta baliabideak lortzen dituzte gero. «Aspanafoa familien bizi kalitatea hobetzen saiatzen da, diagnostikoa jaso bezain pronto, tratamendua egin bitartean eta ondorioak pairatzeko garaian», zehaztu du Neirok. Arabako familiek Bizkaian dute tratamendua jasotzeko gertueneko zentroa, Gurutzetako ospitalean. Hortaz, Aspanafoak garraiorako eta elikadurarako gastuekin laguntzen die, esaterako. «Diruak laguntzen du», aitortu du Neirok, «baina, azken finean, familiek familiei laguntzeko esparrua da Aspanafoa».