Harana ez da ibar berde bat (bakarrik). Harana bada elektrizitatea kontsumitzeko ordu jakin bat (ere). Jakina zen lehendik, eta ikasita dago etxe askotan ekainaren hasieratik: haraneko orduak (prezio merkeena), ordu lauak (tarteko prezioa) eta puntako orduak (prezio garestiena); asteburuetan, berriz, dena da haranekoa, eta dena da berdea. Etxe askotako sukaldeetan jarrita daude ordutegiak eta koloreak. Erabiltzaileen kontsumorako ohiturak aldatzeko jarri zuten abian argindarraren faktura berria, baina aldaketa «oso pixkanaka» gertatzen ari da.
CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak jakinarazi duenez, argindarraren erabilerarik intentsiboenak kontsumo handiko orduetatik kanpo egitea «bultzatzeko», eta sistema elektrikoa gehiago «orekatzeko» hartu dute erabakia. Ordu diskriminaziorik gabeko tarifa arautuak zituztenei begira hartutako erabakia da, batik bat. Ohitura jakin batzuk aldatzea dakar horrek: gehien kontsumitzen duten etxetresnak —garbigailua, sukaldea eta lisaburdina— batera ez erabiltzea, kontsumorik handiena ordu merkeagoetan eta asteburuetan egitea, eta puntako orduetan ahalik eta gutxien kontsumitzea. «Guk lehen ere egiten genuen hori. Tarifa arautua geneukan, eta ordu diskriminazioa. Kontua da orain ordu merkeen tartea aldatu egin dela, txikiagoa dela, eta oso ordu jakinetan jarri dutela», nabarmendu du Miriam Martin kontsumitzaileak —ez du bere benetako izena eman nahi—. «Zaildu» egin dute, horrenbestez, haraneko orduetan kontsumitzea. Izan ere, astelehenetik ostiralera bitartean, 00:00etatik 08:00etarako tartea da orain haranekoa. «Gure ohitura aldaketarik handiena izan da ordu tarte horren mugez jabetzea, eta horren arabera bete eta programatzea garbigailua, ontzi garbigailua... baina etxetresna guztiak ezin dira programatu. Are, jende guztiak ez dauzka programatu daitezkeen etxetresnak, eta herritarren arteko arrakala handitu egiten du horrek», esan du Martinek.
«Irtenbide bila» hasi da jendea. Media Market saltoki handiak Donostiako Garbera merkataritza gunean duen dendako kudeatzailea da Oihan Rodriguez. Dioenez, aldaketa «oso pixkanaka» nabaritzen ari dira: «Baina nabaritu da, bai. Jendeak gehiago galdetzen du orain kontsumo baxuko gailuei buruz, eta programatzeko dituzten aukerei buruz, garbigailuen kasuan, batik bat».
Rodriguezek dio, gaur egun, hozkailuek izan ezik, ia gainontzeko gailu guztiek dutela programatzeko aukera, baina berria erosi nahi ez dutenentzat ere badela aukerarik: «Programa daitezkeen entxufeak geroz eta gehiago saltzen dira; bozgorailu inteligenteak dituztenak ere bai.Beste gailu txikiagoentzat ere erabiltzen dira: lanparentzat, haizagailuentzat...».
Faktura berriak badu zerikusia, baina aldaketa hori «lehendik» zetorrela dio Rodriguezek. Geroz eta aparatu gehiago daude etxeko «domotikarekin» batu daitezkeenak: «Jendeak asko eskatzen ditu programa daitezkeen LED argiak, sakelakoarekin edo bozgorailu inteligenteekin koloreak aldatzeko aukera ematen dutenak. Edo Roomba eta tankerako xurgagailuak, sakelakoa erabiliz etxeko zein gela zer ordutan garbitu behar den programatzeko aukera ematen dutenak». Hori bai, Rodriguezek dio «jende gaztea» dela programazioaren onurez jabetu dena eta antzekoez interesa duena: «jende helduak ez du gauza horiekiko hainbeste interes».
Kontsumorako ohiturak ez dira egun batetik bestera aldatzen. Irache Nafarroako kontsumitzaileen elkartean «kontsulta ugari» jaso dituzte argindarraren faktura berriaren inguruan. «Batzuek etxetresna elektrikoak jartzeko ordutegiei buruz galdetzen dute, beste batzuek potentzia aldatu behar den, beste zenbaitek kontratua aldatu behar den...», azaldu du elkarteko bozeramaile Alberto Lazkozek.
Kontsumoa «planifikatu»
Kontsumoa hiru ordu tarte horietan bereizteak —punta, laua eta haraneko ordua—erabiltzaileengan «ondorioak» izan dituela dio Lazkozek: kontsumoa bera tarte batzuetatik besteetara aldatu behar delako. Horregatik dio programatu daitezkeen etxetresnak erabiltzea «oso baliagarria» izan daitekeela, horrela kontsumoa «planifikatu» daitekeela, eta, horretarako aukerarik izan ezean, erabil daitezkeela programatu daitezkeen entxufeak ere: «Komenigarria da etxetresna elektrikoak erabiltzeko ordutegiak idatziz programatzea eta agerian jartzea, familiako kide guztiek ikus ditzaten eta jakin dezaten ontzi garbigailua jarri behar duten edo hobe den ordu batzuk itxarotea».
Irache Nafarroako kontsumitzaileen elkarteko eledunak garrantzi handia ematen dio «plangintzari», horren hurrengo urratsa «potentzia doitzea» izan daitekeelako: «Tarifa sistema berriak bi potentzia izateko modua ematen dio kontsumitzaileari: bata puntako ordutegietarako eta ordutegi lauetarako, eta bestea haranekoetarako. Horregatik, kontsumitzaileak bere plangintza egin badu eta bere kontsumoaren zati handi bat haraneko ordutegira eraman dezakeela egiaztatu badu, potentziak ere egokitu ditzake». Bi potentzia aldaketa baimentzen dira, kosturik gabe, 2022ko maiatzaren 31ra arte; betiere, orain arte kontratatutako potentzia gainditzen ez bada.
Egindako aldaketek «etxeetako patriketan» nola eragingo duten jakiteko oraindik «garaizegi» dela onartu du Lazkozek, eta ezin dela esan kalkulu «baikorregiak edo ezkorregiak» egin ote dituzten. Lazkozek dioenez, Irache elkartean «lasai egoteko» gomendatzen dute: «Eta eragozpen handirik ez dakarten ohiturak aldatzeko, aldaketak ebaluatzeko, eta aholkuak eskatu eta jarraitzeko. Edozein eskaintza onartu aurretik, baldintza eta prezio berriak ulertu behar dira».
Argindarraren faktura
Harana ez da ibar berde bat
Ekainaren hasieran, argindarraren faktura berria jarri zuten abian. Kontsumitzaileen ohiturak aldatzea zuen helburu, baina aldaketa hori «oso pixkanaka» gertatzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu