Hankak abarkei atxikita

Blusa eta Nesken Eguna ospatu dute Gasteizko kale eta plazetan. Otorduek, ekitaldi bereziek, txarangek eta joan-etorriek eman diote jaiari behar zuen arima. Gauak eman du azken hatsa.

Gasteizko blusak eta neskak, txarangaz animaturik, jaiez gozatzen, zezen plazara bidean egiten duten joan-etorrian. JUANAN RUIZ / ARGAZKIPRESS.
Gasteiz
2016ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Abarkak belardian eroso ibiltzeko oinetakoak izan ohi dira. Hala ere, orain 40 urte inguru gasteiztar batzuek asfaltoan erabiltzeko erabakia hartu zuten. Horrekin guztiarekin, identitate kolektibo bat sortu da festei begira.

Oinak babaz eta zauriz josten zaizkie askori jaietan, abarkaren presioaren eraginez. Hala ere, jaietako grinak eta moralak oinaze eta eragozpen guztiak gaindiarazten dizkie. Blusa eta nesken jaietako pasarteak erresistentzia ariketa baten antzekoak dira.

Goizean goiz, gaueko parranda zaleak ohera bidera zihoazen bitartean, blusa eta neska goiztiarrenak kalera irteten hasi dira. 09:00ak jota, lore eskaintza eta ohorezko aurreskua eskaini diote Andre Maria Zuriari. Erritua eginda, blusa eta neska talde bakoitza bere eguneko ospakizunetan sartu da.

Txirrita taldekoek hamarretakoa egin dute, esaterako, Alandalus tabernan, eta haragi egosia ahoratu dute, patatekin. Ez da dena jan eta edan kontua izan, baina, taldeko beterano bat zoriontzeko tartea hartu baitute, Zorionak zuri abestuz. Okerrak taldeak, berriz, Ajuria adinduen egoitzara bisita egin du, han direnekin une alai bat izateko asmoz. Txinpartak kuadrillakoek Otxandioranzko joan-etorria egin dute, Euskal Herrira heldu berri diren senideei omenaldia egiteko, urtero legez.

Hango eta hemengo bisitekin amaitu ostean, hiriko kaleez jabetu dira kuadrillak. Kuadrilletako txarangen doinuek Alde Zaharreko eta erdialdeko kale eta tabernak animatu dituzte abestiekin.

Tabernaz tabernako egonaldietan, taldeko argazkiak ateraz edota itsasgarriak banatuz, blusek eta neskek egun honetan berezkoa duten protagonismoa bereganatu dute. Eguerdiko ordu bata aldera, ikurrinari omenaldia egin zaio Plaza Berrian, urtero legez. Heri dantzaz eta aurreskuz beteriko ekitaldi horren ondoren, sari banaketak egin dira. Aurten, sariaren onuradunak Askapena erakunde internazionalistako kideak izan dira.

Joan-etorria, une gorena

Azken tragoak hartu ondotik, bazkaltzera joan dira blusa eta neska taldeak. Bazkariak ere erritu bihurtu dira, eta talde bakoitzak bazkaltzeko lekuak erreserbatuak izaten ditu aldez aurretik. Txirrita kuadrillak, esaterako, Landatxo kiroldegian egiten du urtero jatordua. Etxerat elkarteak antolatzen du bazkaria, presoen sakabanaketa salatzeko.

Behin bapo bazkalduta, blusek eta neskek ez dute astirik izan lokartzeko. 17:00ak iritsi dira: zezen plazaranzko joan-etorriak egiteko ordua. Animorik galdu gabe, mahaitik altxatu eta ilaran jarri dira denak, irteteko beren unearen zain. Zezen plazarako bidea taldean egiten dute, eta, irteteko agindua jaso arte, zain egoten dira. Joan-etorriak abagune polita izaten dira talde bakoitzaren aldarrikapenak erakusteko. Aktualitatearekin loturiko gaiek, errefuxiatuen inguruko salaketek eta euskararen inguruko pankartek zeresana eman dute.

Ekintzaz beteriko egunaren ondotik, gauak borobildu du Blusa eta Nesken Eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.