BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA (III)

Handiena delako

Lagginhorn malkar beldurgarriz gotortuta dago alde guztietatik. AINGERU EPALTZA.
2014ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Montblanc da Europako mendirik garaiena. Abuztuan, bost egunez, inguru haietan ibili ostean, abuztuaren 16an jo zuen gailurra Aingeru Epaltza idazleak, beste hainbat soka-lagunekin batera. Hats batean egin zituzten azken metroak, haize zakarrik ez zela baliatuz.

Bada jendea lasai hiltzen dena 4.000 metroko kaskorik zanpatu gabe. Ni ez nengoen prest tamaina horretako ezbeharrik jasateko. Zergatik Montblanc? Mendizaletasuna han sortu zelako. Handiena delako, gure Europa zokoan. Egitekotan, hura egin behar nuelako.

25 urte banitu nire kasa moldatuko nintzatekeen. Nire kasa, adiskideak konbentzituko edo bertze lagun batzuk bilatuko. Nire kasa, bidaia prestatuko, ostatu kontuak lotuko, ibilbidea aztertuko. Nire kasa, abiatuko. Ez ditut 25 urte. Ez dut —bistan dena- 25 urtetako sasoia. Ezta 25 urtetako prestakuntzetarako aldartea. Bai 25 urtetan egin ez nituenak egiteko presa. Presa handia.

Abuztuak 11. Saas Grund (Suitza)

Atzo arratsaldetik naiz hemen. Nirekin etorri zirenak goizean jalgi dira Zermatt aldera, Cervinoko bira helburu. Nirekin da Felipe, gipuzkoar nafartua, ene soka-burua izanen dena. Uztail hasieraz geroztik dabil Alpeetan, talde desberdinekin harat-honat. Harekin bazkaldu ondoan, inguruak miatzen eman dut arratsaldea. Seinalez ongi hornituriko bidexkan barna abiatu naiz goiko herrira.

Saas Fee eski estazio ezaguna da. 4.000 metro baino gehiagoko mendiz inguraturik, udan ere irekia dago, eguerdira arte. Glaziarra mendi mazelan beheiti isurtzen da, herria irensteko prest iduri. Ez dago, dena den, uste bezain hurbil. Estaziotik abiatu eta ordubetera egin dut buelta, horma ukitu gabe. Itzuleran, dozenaka judu hasidiko kausitu ditut, familia osoak, beren kapela beltz hegaldunekin eta beren ile kiribilekin.

Saas Grunden, falta zirenak daude jadanik hotelean. Pepe, Migel Angel, Ana eta Jesus. Andaluziarrak dira. Lehen hirurak, Almeriakoak. Azkena, Trevélezkoa (Granada), Sierra Nevadako gida. Nazioarteko espedizioa, gurea.

Eguraldiaren iragarpenei so ibili gara afalondoan. «Météo incertaine». Ez dago jakiterik, nonbait, biharamunean zer eginen digun.

Abuztuak 12. Saas Grund (Suitza)

Zazpiak aldera atzarri gara. Trebatze ariketak glaziar batean, horra gure gaurko egitekoa. Felipek eta Jesusek, ordea, bertzelako plana dakarte gosarira. Bi egun on segurtatuak daude noski, gaurko eta biharko. Gailurrei luze gabe ekitea proposatu digute, trebatze kontuak biderako utzita. Aho batez egin diegu amen.

Teleferikoak 1.500 metrotik 3.100eraino hegaldarazi gaitu, izerdi pizarrik bota gabe, Hohsaas aterperaino. Ez digute urrezko pioleta emanen horregatik. Bederatziak dira ibiltzen hasi orduko.

Weissmies-ek (4.027 m) zailtasun teknikorik ez du udan, Trift glaziar beti aldakorrak ematen ahal dituen ustekabeez aparte. Haren ertzean jantzi ditugu kranpoiak, baita hirunaka lotu ere. Nire sokan, Felipe lehenbizi doa, ni bigarren eta Ana azken-putz. Urduri egin ditut lehen pausoak nire estreinako lau milakora.

Berehala maldatu da hasiera zelaia. Glaziar elurtuaren mihian barna goaz, gu baino lehenago igo direnen arrastotik. Bi aldeetara, malkorrak. Hatsa laburtu zaigu horietariko batetik harri-jausia amiltzean. Agudo egin dugu topo glaziarreko lehen arraildurarekin. Felipe gidari, urratsa luzatu, bertzerik ez dugu egin hura gainditzeko. Alabaina, denoi lerratu zaizkigu begiak arrakala sakonera.

Igo ahalean urtuz doa nire beldurra. Zalu sumatzen ditut zangoak; betea, arnasa. Tarteka, pioleta nola erabili eta kranpoiekin nola zanpatu azaltzen digu gidak. Ene lagun almeriarrak baino aiseago ibiliagatik ere, badut zertan hobetua elur kontuetan. Hainbat talde itzulian heldu dira.

Bi ordu eta erdi iraganik, iduri du latzena egina dugula. Konkor ez sobera pikoa falta dugu. Horren ondotik, kaskoa. Geldialdia eginda, gidak isil-misilka solastatu dira beren artean. «Behera!», tupustez Felipek. Sinetsi ezinik nago. Behera, ordu bat eskas gelditzen zaigularik?. «Ez dira orduak paraje hauetan ibiltzeko».

Isilik noa, txarrean. Arrailduretara itzultzean ulertzen hasi naiz. Eguerdiko beroak berazturiko elurrak hagitzez arriskutsuago bilakatu ditu arrakalen inguruak. Handik labur, burrunba batek bihurrarazi dit lepoa. Elur-jausiak bertze sokako azken kidearen orkatilak milikatu ditu kasik. Ikarak haize eman die nire zangoei; hainbertze, kranpoiekin zangotrabatu eta muturrez aitzin erori bainaiz elur gainera. Felipek errieta eman dit. Baldar zutitu naiz, ahalkez gorritua.

Abuztuak 13. Hohsaas (Suitza)

Goizeko bostak jo gabe kanporatu gara, kopetan argiak daramatzagula. Saas Grundetik atera ginen seioi hiru lagun gehitu zaizkigu: Igor gida gipuzkoarra, Mikel bizkaitarraren eta Josu arabarraren artzain. Inbidia diet: hirurek Weissmiesko kaskoa zanpatu zuten bezperan.

Igoerari jaitsiera batekin eman diogu hasiera. Hiru ordu laurden-edo, beheiti egin dugu iluntasunean, bide ondoko harriekin behaztopa ez egiteko eginahalean. Gurutzagune batekin batera, garaiera berreskuratzen hasi gara. Egunak sigi-sagaka harrapatu gaitu bloke handien artean. Ikuspegian dugu helmuga. Lagginhorn (4.010 m) piramide eskuraezina da lehen behakoan, alde guztietatik malkar beldurgarriz gotortua.

Oraingoan glaziarra eztiki lerratzen da ibar zabalean beheiti. Aise zeharkatu dugu, eguzki ederraren azpian. Bertze aldean, kranpoiak erantzi eta sokara berriz estekaturik, haitzari lotu gatzaizkio gidaren mugimenduei erne. Lehen minutuetako zainak ahantzirik, eroso goaz goiti. Berriz ere elurretara heltzerako, eskalatzaile petotzat dugu burua.

Orain, nire lehen mistoa. Elurrak hatz-bete guti batzuk baizik ez ditu eta haizeak hartxintxarra biluzi du han-hemenka. Harrigarria zait halako zola dudatsuetan kranpoiak nola atxikitzen diren. Gero eta malda pikoagoan, azken metroetan ikaragarri mehatzen da ertza. Ezker nahiz eskuin, ehunka metroko erorikoa du erroitzak. Kaskoan, ezin antolaturik gabiltza bederatzi mendizaleak. Ikusmira, hatsa kentzeko modukoa da. Felipek begi parean ditugun gailur izugarrien zerrenda aletu digu banan-banan. Ene lehen lau milakoa.

Abuztuak 14. Weissmies Hütte (Suitza)

Weissmies aterpean (2.726 m) nekea berdinduta, euri erauntsiaren azpian kanporatu gara, goizeko zortziak aldera. Beheratago hartu dugu teleferikoa, berriz ere Saas Grunden utzi gaituena.

Bi ordu eta erdiko bidea dugu orain, Jesusen furgonetan, La Forclaz eta Montets mendateetan barna, Suitzatik Frantziara. Haren hondarrean, Chamonix. Mendizaletasunaren herri mitikoan, gainezka daude karrikak eta dendak, jatetxeak eta hotelak. Zorionez, gure kanpalekua herriko aldirietako gîte batean dago. Merkeago. Lasaiago.

Afarian, biharamuna solas. Eguraldia badaezpadakoa dugu beti. B plan baten aukera agertu digute gidek: euripean atzarriz gero, Italiara jo, Mont Blanceko tunelean barna, eta Gran Paradisora igotzea (4.061 m). Proposamena ez da denen gustukoa izan.

Abuztuak 15. Chamonix (Frantzia)

Saiatu, saiatuko gara, bederen. Lehenbizikoetarik gara Les Houches-ko teleferikoa hartzen (1.007 m). Bellevue-n (1.800 m), trenak garamatza burdinbide hertsian. Nid d d'Aigles-en (2.372 m) fini dira alferkeriak.

Hodeiek erruki digute. Rognes-ko etxolaren inguruan, basahuntz adar-luzeak atera zaizkigu bidera, bouquetin deitzen dutenetarik. Bezperako elurrak geruza mehe labainkorra utzi du 2.800 metroen marratik goiti. Kranpoiak, nolanahi ere, ez ditugu jantzi Tete Rousse-ko aterpearen paretik (3.167 m) iragan arte. Ondotik, Grand Couloir dugu, edo nahiago bada, «Bolaleku» beldurgarria. Tenperaturen igoera orokorrak elurraren atzerakada ekarri duenetik, uda partean harrien erorikoa etengabea izaten da pasabide zabal honetan. Zorionez, elurte berriak gure alde egin du: hartxintxar bakarrik ere ez dugu jausten ikusi ziztuan zeharkatu bitartean. Bertze aldean, gaurko azken ataka: Goûtergo orratzaren 600 metroak. Bi egun lehenagoko eskola ezinbertzekoa zaigu berriz ere elurra eta arroka tartekatzen dituen parajean. Feliperen jarraibideek eta pasabide gaiztoenetan landaturik dauden kateek egin dute gainerakoa. Ibiltzen hasi eta bortz ordura, ongi etorri egin digu Goûtergo aterpe berriaren zilindro tripaundiak (3.817 m).

Hizkuntza guztiak gurutzatzen dira barneko jantoki betean. Harritu gaitu ekialdeko mendizaleen kopuruak eta haien motxilen tamainak. Egun argitan goaz ohantzera. Lehenago, Felipek, aita baten gisan, banan-banan ikuskatu ditu biharamunean soinean nahiz bizkarrean eramanen ditugunak. 19:00etan ez da aise begiak biltzea. Zalantzak loa eteten dit: gauza izanen ote naiz?

Abuztuak 16. Goûter (Frantzia)

Goizeko hiruretarako kanporatu gara, argiak kopetan. Atzo baino elur gehiago dago inguruan. Aterpeko atarian berean ditugu kranpoiak jantzi eta geure burua lotu. Felipe baizik ez dut izanen sokaren bertze muturrean. Aterpean gelditzera deliberatu da Ana andaluziarra.

Hotza ikaratzeko modukoa da, baina Artikorarako adina arropa daramagu soinean. Bidean aitzindu zaizkigunek arrasto garbia utzi digute opari. Izarrik ezean, haien argiak ikusten dira, gau hormatuko ipurtargi.

Col du Dôme-ko ordokitik Chamonix begiztatu dugu beherean. Diskotekak irekiak daude oraino Las Vegas menditarrean. Dôme de Goûter-era (4.306 m) iristean oraino ez dakit Alpeetako 20. tontorrean nagoela. Ez naiz ia-ia sumatzen ari altueraren eragina. Ederki egin dugu aitzin egunetako aklimatazioa.

Vallot-eko babeslekura gabe hasi du bisutsa. Igoerako geldialdi bakarra egin dugu goitixeago. Dardarika, hurrupa arin batzuk ebatsi dizkiogu termoko te beroari. Les Bossesko ertzaren hasieran ikusi ditugu lehen sokak itzultzen, gailurrari uko eginda. Gure begiak Feliperengana bihurtu dira. «Aurrera», hark. Argitzen ari du. Alabaina, apala da egunak dakarren argitasuna. Elurra azkar ari du, zorionez, haize zakarrik gabe.

Azken puskako pasabide hertsian, sokek elkarri itxaron behar diote; ez da bi batera pasatzeko tarte aski. Alde batean nahiz bertzean, infinituan da galtzen amildegi elurtuaren amaiera. Halakoetan ere ez da zirikatzailerik falta: «ezker aldera eroriz gero, Frantzian lehertuko haiz, Aingeru; eskuin aldera, Italian». Hats batean egin ditugu azken metroak. Ez da gauza handirik ikusten, baina besarkada traketsa eman diogu elkarri. Goizeko zazpi eta erdiak dira. Zango azpian dut Mont-Blanc mendiaren gailurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.