Hamar urteko maitasun bat

Triatloia Maite Dut egitasmoak hamar urte bete ditu aurten. «Komunitate bat; topaleku bat» josi dute kirol «erakargarri» horren inguruan: euskaratik eta euskaraz, gazteenei eta emakumezkoei begira taxututakoa.

MAIALEN ANDRES / @FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Zarautz
2021eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Igerian, bizikletan eta korrikan. Hori izaten da abiatutako ekintzen eta pilatutako nekearen ordena triatloian. Kirolaren neurriak dira horiek, baina arrakasta ez da beti neurtzen postuen eta emaitzen arabera. Eta Triatloia Maite Dut egitasmoarenak baditu beste neurgailu batzuk (ere):euskara, gazteria, giza balioak eta emakumezkoen presentzia, esaterako.

Hamar urte egin ditu egitasmoak, eta sasoiko dago. Izaskun Isasti Muguruza da kideetako bat, eta Arazi enpresako zuzendaria ere bai; han dago egitasmoaren iturburua. «Arazi zer den ulertuz gero, hobeto uler daiteke zergatik sortu den Triatloia Maite Dut egitasmoa. Azken finean, Arazi kudeaketara, komunikaziora eta heziketara dedikatzen da, arlo horietako proiektuak garatzen ditu, eta lan asko egiten dugu gazteekin eta hezkuntza komunitatearekin», azaldu du.

Hamar urte baino gehiago egindu atzera. 2010ean eduki zuten lehen harremana triatloiaren munduarekin. Zarauzko Triatloi Elkartearen urteurren bat izan zen: «Gurekin harremanetan jarri ziren ekitaldia antolatzeko. Orduan ezagutu genuen mundu hori apur bat, eta ikusi genuen bazegoela nolabait hanka bat gutxiago garatzen zena: gazteena. Hor sortu zen dena. Pentsatu genuen: 'Eman diezaiegun aukera bat gazteei kirol hau ezagutzeko'».

Kirol mundua ez zitzaion arrotza Izaskun Isastiri. Eskubaloian aritzen zen, entrenatzaile, eta orduan ohartu zen: «12 urteko neskekin aritzen nintzen, eta ikusten nuen askok eta askok joera zutela adin horren bueltan kirola uzteko, eta taldekako kirola utzitakoan zer egin ez zekitela gelditzen zirela». Eta ez zela, gainera, uzten zuten gauza bakarra: «Albora uzten zutela euskara ere. Egiten zutela eskolan, baina aisialdian eta lagunartean ez; erdarara jotzeko joera zutela».

Eta «orduan» erabaki zuten Triatloia Maite Dut egitasmoa sortzea —Nik Tri izena zuen hasiera hartan—. Isastik dio «uztartze» bat izan zela, azken batean. Eta uztarrian: euskara, gazteak eta kirola. Lehen ekintzak aisialdiko egonaldiak izan ziren. «Askizun hasi ginen [Getaria, Gipuzkoa]. Hango aterpetxe bat kudeatzen dugu, eta aterpetxe hartan egonaldiak egiten hasi ginen. Eskualdeko hamar lagun bildu genituen lehen urtean, hamabost hurrengoan...». 2013an egin zuten «izugarrizko jauzia»: 30 lagun ziren ordura arte, baina urte hartan 80 izan ziren. «Eta jada ez ziren eskualdekoak bakarrik: bazetozen Arabatik, Bizkaitik, Nafarroatik... Eta ohartu ginen hasi zirenek jarraitu egiten zutela eta, haien bidez, kide gehiago etortzen zirela». Erabaki zuten egonaldiak bakarrik egin beharrean urte osoan jarraipena ematea euren jardunari. «Topaketak, komunitatea saretzeko ekintzak... Gaur egun, esan dezakegu Triatloia Maite Dut egitasmoa badela topaleku bat. Gazteei zuzendua bai, baina horren gaztea izan gabe kirol honetara hurbildu nahi duenarentzako erreferentzia ere bai: 'Probatuko nuke', esaten duen horri laguntza ematen diogu».

Mitoak apurtzea helburu

Izaskunen ahizpa Amaia Isasti Muguruza ere Triatloia Maite Dut egitasmoko kidea da. Hark dio helburuen artean beti egon dela triatloiaren inguruan dagoen «mito hori» apurtzea ere: «Helduentzako bakarrik dela, muturrekoa dela... karga hori nolabait kentzea eta esan: 'Ondo eginez gero, jarraipena emanez gero, ez du izugarrizko esfortzua eskatzen. Zeure buruari jarriko diozun erronka bat da, zeure buruarekin lehiatuko zara, eta lagunduko dizugu hori egiten'. Ez da bakarrik sekulako gaitasun fisikoa duen jendearentzat. Erakargarria da, eta astean zehar kirol ezberdinak egiten dituzunez, lesioak ere saihestu egiten dira. Mito hori apurtzea helburu bat da oraindik ere».

Eta segitzen dute mitoak apurtzen eta euren «komunitatea» sendotzen. Izan ere, gaur egun 1.300 gazte baino gehiago dira egitasmo horren bidez triatloiaren inguruko jardueretan parte hartzen dutenak —triatloiamaitedut.eus webgunean daude jasota—.

Urteurreneko erronka

Hamar urte egin dituzte aurten, eta erronka baten bidez ospatu nahi izan dute: 18 Astetan Triatleta. 14 eta 28 urte arteko gazteei egin diete gonbidapena, baita orain arte kirol gutxi egindakoei ere. Ekainaren 7an hasi ziren astero entrenamenduak egiten, Hektor Llanos triatleta ohi eta prestatzaileak espresuki proposatutakoak. Gazteengana iristeko, gainera, hiru «enbaxadore» aukeratu zituzten: Irati Bereziartua instagramerra, Julen Portillo umoregilea eta Kai Nakai abeslaria. Sareetan eman dute horiek euren egunerokoaren berri. 107 lagunek egin dute bat erronkarekin, eta urriaren 9an esprint distantziako euren lehenen triatloian parte hartu zuten gehienek, Lekeition (Bizkaia). «Oso polita izan da, zerbait diferentea», nabarmendu du Hektor Llanosek berak.

Egitasmoan sorreratik parte hartu du Llanosek; gaur egun, Fitgune kirol aholkularitzako bere enpresaren bidez. Gogoan du nolakoa izan zen hasiera hura: «Ez genuen izan nahi talde bat ohikoa: lehiakortasuna, errendimendua, eliteko kirola... Asmoa gehiago zen giza balioak sustatzea, gazteen artean harremanak sortzea, euskara erabiltzea, kirola beste ikuspegi batetik bizitzea. Hasierako ume haiek euren arteko harremanari eusten diote, eta euskaraz aritzea dira. Hori bada lorpena».

Llanosek dio triatloiaren eta haren gogortasunaren inguruko «mitoa» hor dagoela, eta hor segituko duela: «Baina hankak lurrean jarri behar dira, eta bakoitzak pentsatu behar du zer nahi duen, zenbat denbora eman nahi dion kirolari, eta horren inguruan antolatu. Azken batean, erabaki behar duzuna da zenbat denbora kendu behar diozun zure bizitzari, gero kirolari emateko. Uztartu behar baitira harremanak, familia... Dedikatzea behar dena, baina ez hori baino gehiago».

Gazteak eta haien aktibazioa, euskaratik eta euskaraz, giza balioak eta emakumezkoen presentzia. Ardatz horien gainean eraikitakoa da Triatloia Maite Dut egitasmoa. Izaskun Isastik argi dauka: «Duela urte batzuk arte, triatloia ia erabat gizonezkoen kirola zen. Iruditzen zaigu emakumezkoentzat ere onuragarria eta erakargarria dela, eta lanketa bat egiteko aukera dagoela. Haiei keinu egiten diegu, ikusten genuelako emakumeak direla gaztetan kirola uzten lehenengoak».

Amaia ahizpak berretsi du haien komunikazioetan, karteletan eta abarretan emakumezkoak eta euskara direla nagusi, eta ez dela ausaz egindako hautaketa bat: «Berriro ere mito horiek apurtze aldera egindakoa da». Nabarmendu du triatloia «gizarteratzen» eta «saretzen» ari direla, «jendearengana hurbiltzen». Eta saretze horretan egin du azpimarra Izaskun ahizpak: «Saretze lan horretan asko dago egiteko, eta hurrengo urteei begira hortik joan nahi dugu. Komunitatea. Harremanak sortzea. Triatloia, izatez, bakarkako kirola da, baina laguntasun handia dago elkarren artean. Ikusten ari gara kirol hau indarra hartzen ari dela, eta eskoletan eta elkarteetan ere ari direla lantzen. 'Probatuko nuke' hori jende askok barnean duen zerbait da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.