Atzoko olatua, biharko hazia

Hamar urte bete dira Etxarri Aranatzen independentziari buruzko galdeketa egin zenetik. «Ez gara bildu nostalgiagatik», aldarrikatu dute Gure Esku-k eta A-13 taldeak, urteurren ekitaldian.

Etxarri Aranatzen 2014ko herri galdeketaren urteurrena ospatu dute A-13 plataformak eta Gure Esku-k. AITOR KARASATORRE / FOKU
Etxarri Aranatzen 2014ko herri galdeketaren urteurrena ospatu dute A-13 plataformak eta Gure Esku-k. AITOR KARASATORRE / FOKU
joxerra senar
Etxarri Aranatz
2024ko apirilaren 13a
18:00
Entzun

2014ko apirilaren 13an, Etxarri Aranatzen herri galdeketa egin zen. Euskal Herri independente batean bizi nahi ote zuten galdetu zieten etxarriarrei. Hamar urte iragan dira geroztik, eta egindako lehen urrats hura gogoan, Etxarri Aranatzek urteurrena ospatu du, halako data bereziek atzera begiratu eta egindako bideari so egiteko parada ematen baitute. Azken finean, hamar urte ez da ezer.

Giroa lasaia dago eguerdian. Etxarriko plazan, A-13 plataformak antolatutako erakusketa txikian galdeketaren prozesua gogoratzen da. Apurka, herritarrak heldu dira, eta urte haietako bizipenak etorri zaizkie gogora. «Oroitzapen polita dut. Emozio handiko egunak izan ziren», adierazi du Amaia Erdozia etxarriarrak: «Ikusi genuen Herrialde Katalanetan ari zirela mugimendua aurrera eramaten, eta nolabait hemen ekimen hori gauzatu nahi izan genuen».

2012an, Etxarri Aranatz sortu zeneko zazpigarren mendeurrenaren testuinguruan ekin zioten prozesu hari. Erakusketako lehen panelean, udalak eta Etxarri 2012 plataformak mendeurrenerako prestaturiko aldizkari bereziaren azala ageri da, eta hari begira dago Patxi Artieda. Argazki nagusian, herriko biribilgune nagusiaren parean den haritz enborraren inguruan egin zen ospakizuna deskribatzen da.

Artieda, baina, enborrari begira dago. Urtero egurretarako banatu ohi diren sorta horietako batean egokitu zitzaion etxarriar bati haritz hura, eta hura ebaki beharrak penatuta, udalari oparitu zion. Han erabaki zen enborra biribilgunera eramatea. «Kostatu zitzaigun, bai, enbor hura ekartzea. Mendian zegoen, nahiko lan bideetan pasatzeko, eta hemengo kable guztietan ere ezin pasatu. Makila handi batzuekin ibili ginen», azaldu du Artiedak. 32 urtez izan zen udaleko langile, eta lan zail hura datorkio gogora.

Erakusketan, duela hamar urteko hautetsontzi eta boto paperak jarri dituzte. AITOR KARASATORRE / FOKU
Erakusketan, duela hamar urteko hautetsontzi eta boto paperak jarri dituzte. AITOR KARASATORRE / FOKU

Ez zen bide laua izan

Etxarriarren erabakitasunari buruzko zerbait esaten du pasarteak, 2012tik 2014ra arteko gorabeherek adierazten duten bezala. Izan ere, herri galdeketaren antolakuntza ez zen bide laua izan. Guztiz alderantziz, garai hartako UPNren gobernuak eragozpen ugari jarri zituen. «Gora eta behera, atzera eta aurrera, instituzionalki lan handia egin behar izan zen», azaldu du Maria Saez de Albeniz Etxarri Aranazko egungo alkateak.

Oztopoak oztopo, herri galdeketa egin zuten. Herritarren %40k parte hartu zuten, eta %90ek eman zuten independentziaren aldeko botoa. «Begira, han bozkatu genuen». Juan Mari Mundiñano Zato-k bere ezkerrera den egoitza bat seinalatu du. «Gustura egin genuen. Lehendabiziko galdeketa egin zen Etxarrin», esan du, harrotasunez. Izan ere, 2014ko apirilaren 13ko ariketa haren ondotik, Euskal Herriko beste 208 herritan egin zituzten antzeko galdeketak.

Bozkatu zeneko hautetsontzia eta orduko boto paperak jarri dituzte mahaian. «Etxarri herri plurala da, baina beti euskalduntasun sendokoa. Oso polita izan zen jende guztia elkartzea. Denok onartzen genuen modu polita zela nork bere iritzia emateko. Jende askok parte hartu zuen», aipatu du Amaia Erdoziak. Amaierako ekitaldia egin dute, eta Gure Esku-ko Josu Etxaburuk gogora ekarri du ospakizun hori ez dela soilik gogoratzeko. «Ez gara bildu nostalgiagatik», nabarmendu du. Haren esanetan, duela hamar urte Etxarrin abiatu zen olatu harekin biharko hazia erein zen. «Erabakiaren bidea ereiten jarraituko dugu», aldarrikatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.