Hamar mila Maurizia... eta Benita

Wikiemakumeok taldeak 10.000 emakumeren biografiak sartu ditu Euskal Wikipedian. Durangoko taldea da aktiboena. Lanean ari dira emakumeek sarean duten presentzia gizonenaren pare jarri eta arrakala murrizteko.

Durangoko Wikiemakumeok taldeko kideak. Eserita: Isabel Iraurgi, Maripa Garaizabal eta Jose Intxausti. Zutik: Esti Gonzalez, Ibon Alonso, Lurdes Totorikaguena, Marisa Barrena eta Josi Sierra. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Durangoko Wikiemakumeok taldeko kideak. Eserita: Isabel Iraurgi, Maripa Garaizabal eta Jose Intxausti. Zutik: Esti Gonzalez, Ibon Alonso, Lurdes Totorikaguena, Marisa Barrena eta Josi Sierra. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Durango
2025eko otsailaren 15a
05:00
Entzun

Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailea jartzen da maiz ikusezin izan diren emakumeen adibide gisa, baina itzalean egon diren emakumeen zerrenda luze-luzea da, amaigabea, askoren izenak historiaren zirrikituetan galdu baitira, akaso betiko galdu ere. Marisa Barrenak (Zornotza, Bizkaia, 1951) bizitokian bertan topatu zuen bere Maurizia: «Benita Uribarrenarena izan zen egin nuen lehen biografia. Durangoko Andereak talde feministako kidea naiz, eta udalari eskatua genion parke bati haren izena jartzeko. Benita, Benita, Benita... Askotan entzun nuen haren izena, baina bere profila osatzen hasi nintzenean harrituta geratu nintzen. Apenas nekien ezer hari buruz. Esaterako, Frantzian kondekoratu zutenik ez nekien. Durangokoa zen, hemengoa. Liluratuta geratu nintzen...».

Benita Uribarrena (1922-2011) borrokalari antifaxista izan zen. Frantzian erbesteratu zen, eta, komunista izaki, mezulari lanetan ibili zen klandestinitatean. Bigarren Mundu Gerran erresistentzian ere parte hartu zuen. Pirinioetatik zihoazen iheslariak gidatzen ere jardun zuen. Barrenak tristuraz gogoratzen du nola haren aita ibaian sartuta torturatu zuten, gordeta zeuzkan armak atera zitzan —«handik gutxira hil zen»—, baina orain pozarren dago haren biografia bost hizkuntzatan irakur daitekeelako. «Hazia jarri, eta, batzuetan, loratu egiten da», dio euskal maistra izandako ekintzaileak. 

Barrenari beste emakume askok sortu diote lilura: Pilar Claver, Julie Karrikaburu, Maria Camino Oskoz... Aitortzen duenez, maiz egin izan du negar biografia bat idaztean: «Momentu bat iristen da, batez ere gauez idazten ari banaiz, negarrez hasten naizena. Batzuetan utzi egin behar izaten dut. Maria San Juan emaginarekin ere horixe gertatu zitzaidan. Bizirik erre zuten torturatu ostean... Durangoko kartzelan egon zen, orain udaletxea dagoen tokian. Ni neu ere torturatuta izan nintzen...».

Marisa Barrena Wikiemakumeok taldeko kidea.
Marisa Barrena Wikiemakumeok taldeko kidea, joan den asteko ostiralean, Durangoko Andragunean. BERRIA

Wikiemakumeok taldeko arimetako bat da Barrena. Talde lana goraipatzen du, baina, hasieran, bere kabuz hasi zen, autodidakta. Mentxu Ramiloren bidez izan zuen taldearen berri. «Wikiemakumeok sare bat gara. 2015ean sortu zen. Mentxu Ramilo politologoa izan zen sortzailea. Hark gaztelaniaz editatzen du, eta unibertsitatean jarri zuen hazia. Gerora, euskaraz editatzen dugunon taldeak sortu dira. Gure arrimuan, hainbat herritan sortu dira taldeak: Oiartzunen [Gipuzkoa], Ondarroan [Bizkaia], Lekeition [Bizkaia], Arratian [Bizkaia]... Hitzaldiak eta ikastaroak ematera joaten gara, eta horrela sortzen dira».

Barrena 2018an hasi zen bere kasa profilak sortzen, baina ohartu zen gabeziak zituela. Orduan beste urrats bat egin zuen. «Durangon ikastaro bat antolatu genuen. Mentxu etorri zen ikastaroa ematera, eta orduan sortu zen gure taldea, 2020ko urtarrilean. Pandemian eten txiki bat egin genuen, baina orduz geroztik ostiralero-ostiralero elkartzen gara, huts egin gabe». 

Erronkaz erronka

Wikiemakumeok taldeak 10.000 emakumeren biografiak sortu ditu jadanik Euskal Wikipedian. Durangoko taldea da gaur egun aktiboena. Wikilari horiek 8.000 profilen markara iritsi ziren iaz; zehatzago izate aldera, 8.001era. «Erronkak jartzen dizkiogu geure buruari. 2024an 8.000ra iristea zen helburua, eta abenduaren 31n, afaltzeko mahaia ipintzen ari ginen bitartean, hor ari ginen, ordenagailuan, taka-taka-taka.... Azkenean, 8.001 egin genituen». Hurrengo erronka martxoaren 8rako ezarri dute. Ordurako, 8.558 biografia sortzea espero dute: «Zenbaki kapikua da, palindromoa da. Talde bezala egiten dugu lan, oso giro polita daukagu, eta erronka betetzen dugunean ospatu egiten dugu».

Wikiemakumeok taldeak Euskal Wikipedian sortu dituzten hainbat emakumeren irudiak.
Julie Adrien Karrikaburu, Juana Elgezabal, Kattalin Agirre, Gloria Zubia, Julia Klaudia Gabilondo, Capitolina Bustince, Juanita Mir, Benita Uribarrena, Dina Bilbao, Digna Garitaonandia, Luz Zalduegi, Maria Camino Oskoz, Maria San Juan de Garonda, Juliana Zubizarreta eta Pilar Claver. ZALDIEROA

Durangoko Andragunean elkartzen dira wikilariak, ibaiaren ertzean dagoen hiriko eraikin zaharrenean. Hamabi dira guztira, baina bakoitza nahi eta ahal duenean joaten da. Batek pasta batzuk eraman ditu, eta beste batek opila. Isilean egoten dira askotan, eta besteetan, binaka, zalantzak argitzen. Askok liburuak eramaten dituzte, emakumeen izen-abizenak azpimarratuta, eta beste batzuek, BERRIA.

«BERRIA oso lagungarria zaigu: asko erabiltzen dugu emakumeak identifikatzeko. Izenak azpimarratu, zerrendan ote dagoen begiratu, eta ez badago, ba, sareratu egiten dugu. Nik egunero erabiltzen dut BERRIA. Guretzat oso inportantea da». Barrenak irribarre batekin azaldu du nola beti egoten den adi-adi sarean ez dagoen emakumeren bat topatzeko: «Irratian emakume baten izena entzuten badut, berehala apuntatzen dut haren izena».

Arrakala murrizten

Emakumeek sarean duten presentzia urria gizonenaren pare jartzea da taldearen helburua. Alde horretatik, arrakala murriztea lortu dute: 2017an, Euskal Wikipedian, emakumeen presentzia %13koa zen; 2024an, berriz, %32koa. 

Maripa Garaizabalentzat, jauzia inportantea da. «Apenas zegoen andrazkoen biografiarik. Premia handia zegoela ohartu ginen, eta, esaten duten bezala, izendatzen ez dena ez da existizen». Garaizabal udal euskaltegiko irakasle izan zen, eta erretiroa hartzean batu zen taldera, duela hiru urte: «Erreferenteak genituen faltan, eta ari gara. Soka bat da, batak bestera eramaten zaitu, eta harrapatu egiten zaitu».

Estibalez Gonzalez bat dator. «Plazera da; magikoa da emakumeen profilak sortzea eta munduratzea. Gero eta kontzienteago naiz zer dakarren konpromiso honek». Isabel Iraurgirentzat ere «ohorea da» taldearen parte izatea: «Presiorik gabe aritzen gara, bakoitza bere martxan, bere erritmoan, gure artean lehiatu gabe».

durangoko wikiemakumeok
Durangoko Wikiemakumeok taldeko kideak, lanean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Idazleak, ekintzaileak, zientzialariak, kirolariak, artistak, politikariak... Eremu guztietako emakumeen profilak sortzen dituzte. Wikilari bakoitzak bere alor kuttunak ditu. Lurdes Totorikaguena zientzialariekin tematu da, zientzietako irakaslea izan baitzen: «Betty Twarog biokimikariaren biografia itzultzen ari naiz orain; ugaztunen garunean serotonina aurkitu zuen lehen zientzialaria izan zen». Haren hitzetan, lan handia dago atzean, bereziki biografiak hutsetik sortzen dituztenean: «Nahi adina denbora eskaintzen ahal diozu bakoitzari. Ostiraletan hemendik aritzen gara, baina etxetik ere egiten dugu lan».

Taldean bi gizon ere badaude. Jose Intxausti da horietako bat. Argi dauka historia injustua izan dela emakumeekin. Egitasmo polit honek zerbitzu bat ematen duela dio. Duela lau urte batu zen Wikiemakumeok-era: «Euskara irakaslea izan naiz, eta erretiroa hartzean pentsatu nuen oso ariketa polita zela biografiak sortzea. Bereziki, sortuta dauden biografiak itzultzen ditut. Aylin Manço idazlearen biografiarekin ari naiz orain». Alice Neel margolariarena izan da arrasto sakona utzi dioten horietako bat. «Guggenheimen jarri zuten haren obra duela hiru-lau urte. Ederra da».

Josi Sierra ere tarteka joaten da profilak osatzera. Wikiemakumeok taldearen «lan izugarria» ikusita, dokumental bat egitea pentsatu zuen: Wikiemakumeok Donk!. «Hasieratik ezagutzen dut mugimendua, eta harrigarria da ikustea nola hazi den hasieran gauza txikitxo bat zena». Haren ustez, oso ekinaldi indartsua da: «Hor dabiltza, astero-astero, goizetik gauera, apal, isilean, tiki-taka, inori ezer eskatu gabe».

Dokumentala

Wikiemakumeok Donk dokumentala Zinebin eta Durangoko Azokan proiektatu zuten, eta, gaur egun, Youtuben ikus daiteke. Ekoizleak adierazi duenez, taldearen ibilbidea jasotzen du: «Abesti baten bidez azaltzen dute sorreratik taldean egon ziren emakumeek nondik datorren egitasmoa. Zer egiten duten mundu digitalean ere berdintasun handiagoa lortzeko».

Marisa Barrenak ederki ezagutzen du Wikipedia: «Jimmy Walesek sortu zuen, 2001ean, ezagutza eta jakintza denen eskura jartzeko. Euskarazko lehen artikulua urte hartan bertan argitaratu zen, Durangoko Azokan. Lurra izan zen euskarazko lehen artikulua. Orain, Wikipedian, hirurehun hizkuntza baino gehiago daude».

Euskal Wikilariok Elkarteak jada 500.000 artikulutik gora sortu ditu euskaraz. Abenduan egindako batzarrean, gainera, lehen aldiz hartu zuten hitza Wikiemakumeok taldeak. 

Dena, baina, ez da erraza. Emakume batzuen argazki libreak lortzeko zailtasun handiak dituzte. «Horrelakoetan, Maitane Azurmendi ilustratzailearengana jotzen dugu. Ehundik gora marrazki egin dizkigu enkarguz, eta beste horrenbeste egin ditu bere kabuz». 

Wikiemakumeok taldeko kideek erabiltzen ari diren liburuak.
Wikiemakumeok taldeko kideak erabiltzen ari diren liburuak. BERRIA

Barrena Mujeres asesinadas en Navarra (Nafarroan hildako emakumeak) liburuarekin ari da lanean azkenaldian. «Aurrekoan, bost seme-alaba zituen emakume baten biografia irakurtzen hasi nintzen, eta asko hunkitu nintzen. Salaketa batengatik fusilatu zuten. Beste batzuk bortxatu egin zituzten...».

Erraketistekin ere aritu zen bolada batez. «Deskubrimendu bat izan zen. Mallabiko [Bizkaia] Digna Garitaonandia izan zen lehena. Durangotik hasi ginen, gero eskualdetik, eta, gero, Euskal Herrikoak egiten hasi ginen. Garitaonandia 14-15 urterekin joan zen Bartzelonara. Kontratatzaileari galdetu zion ea gauetan etxera itzuliko ote zen. Azkenean Gabonetan etorri zen, eta aitak, ekarri zuen dirutxoa ikusita, beste alaba bidali zuen, Jesusa». Barrenak zehaztu du ia hirurehun erraketista izan zirela eta horietatik 71ren biografiak sortu dituztela. 

Profil guztien artean, baina, lehenengoa da berarentzat bereziena, Benita Uribarrena: «Lehena ez da ahazten: lehen maitasuna bezalakoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.