Besta bueltan da. Hori da aurtengo sanferminak iragartzeko aukera duten hamar karteletan irudikatzen dena, nagusiki. Pandemiarengatik bi urtez bertan behera gelditu den kartel lehiaketa abian da: gaur aurkeztu dituzte hamar afixa finalistak Iruñeko Kondestablearen jauregian. Botoa emateko aukera dute iruindarrek maiatzaren 4ra bitarte, eta hiru bide daude horretarako: pamplona.es webgunean sartuta, Civivox zentroetan botoa emanda edo 010 zenbakira deituta.
Itzulera zenbait modutan irudikatu dute finalistek: batzuek jende bilkurak agertuz, beste batzuek parentesiaren edo kartzelako egunak kontatzen dituzten marren bidez. Javier Manzanos epaimahaiko kideak azaldu duenez, parte hartu duten kartelen kalitatea «oso handia» izan da. «Lengoaia eta proposamen askotarikoak bilatu ditugu. Batzuk kontzeptualagoak dira, beste batzuk abstraktuagoak, eta beste batzuk grafikoagoak edo figuratiboagoak. Jendeak non aukeratu izan dezan nahi dugu, betiere, kalitatea oinarri hartuta».
Lehiakide gehiago
Parte hartzea nabarmen handitu da aurten: 601 lagun aurkeztu dira lehiaketara. Maria Garcia-Barberena Kultura zinegotziak onartu du azken urteetan parte hartzea «poliki-poliki» jaisten ari zela, eta poztu da igoerarekin. 2019an, esaterako, 245 lagunek aurkeztu zituzten beren proposamenak. Lehiakide gehienak nafarrak dira: 380. Haietatik 188 iruindarrak dira.
Hautagai kopurua ere handiagoa da aurten; normalki zortzi afixa izaten ziren aukeratzeko, eta aurten hamarren artean erabakiko dute iruindarrek. «Aukera zabaldu nahi genuen», azaldu du Garcia-Barberenak. Irabazleak 6.000 euro jasoko ditu; 2019an, 3.600 euroko saria zen.
Epaimahaia honako hauek osatu dute: Jorge Urdanoz Iruñeko Kultura eta Berdintasun zuzendaria; Sergio Puertollano komunikazioan aditua; Javier Perez Zabalza Nafarroako Komikiaren Azokako zuzendarietako bat eta ilustrazioan aditua; Concha Pasamar artista eta ilustratzailea; Kontxesi Vicente Iruñeko Arte Eskolako arte grafikoetako irakaslea eta artista; Leticia Sagredo diseinu grafikoko irakaslea eta ilustratzailea; eta Javier Manzanos Iruñeko Arte Plastikoetako teknikaria.