Etxepare Institutuaren eta Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterraren ekimenez, Euskal Herriko hamar ekoizpen etxetako ordezkariak Cannesen (Frantzia) daude egunotan Mipcom azokan, Basque Audiovisual markapean. Zazpigarren urtea da marka horrekin joaten direla euskal ekoizpen etxeetako kideak. Hain zuzen, hamabost ordezkari joan dira, Eiken eta Etxepare Institutuko beste laukiderekin batera. Ikus-entzunezkoen sektorean nazioarteko azoka garrantzitsuena da Mipcom, eta atzo zabaldu zituen ateak. 13.500 bisitari, 4.700 erosle eta 2.100 erakusle bilduko dira ostegunera bitartean.
ETBrekin batera, Basque Audiovisual markapean joandako euskal enpresak honako hauek dira: Baleuko, Basque Stream, Euskaltel, Expressive Media Projects, K2000, Lumiere Produkzioak, New Media Euskadi, Pausoka, Somuga, Sugar Factory eta Prime Time Media. The matchmaking gang formatua erakutsiko du Prime Time Mediak: Cuadrilla busca cita. Ekainaren 15ean estreinatu zuen saioa ETB2k. Baina atal bakarra baino ez zuten eman. Euskal Herriko Mugimendu Feminista, EH Bildu, PSE-EE, PP, Ezker Anitza, ELA eta LAB saioa kentzearen alde azaldu ziren, haren eduki sexistengatik. ETBk saioa bertan behera uztea erabaki zuen ekainaren 19an. Orain, Prime Time ekoizpen etxeak hiru minutuko bideo bat egin du, ingelesez. Mutil kuadrilla bat azaltzen da lagun bati neska-laguna bilatu nahian, eta neska kuadrilla bat beste lagun bati mutil-laguna topatzeko asmoz.
Formatuari buruz galdetuta, Itziar Mena Eikeneko zuzendariak esan du klusterrak ez duela erabakitzen enpresek zein produktu eramaten dituzten.
Bestalde, Pausokak aurkeztuko dituen formatuen artean Do you know me? dago —joan den astean Kanadan estreinatu zuten—. El impostor lehiaketa hamabi herrialdetan saldu dute jada. Stars. Izarrak kalean formatua, berriz, Italian saldu dute.
Baleukok Blackie & Companie animaziozko saioa eraman du azokara, Expressivek dokumentalak eta telefilmak, Basque Streamek Erne! Demonio eta beste hainbat saio, Somugak Yoko animaziozko saioa eta Sugar Factoryk elkarrizketak, sukaldaritza eta parapsikologia saioak.
Eikeneko zuzendariak nabarmendu du «arazoak arazo» euskal enpresak nazioarteko azoketara joaten direla azkenaldian.
Ekoizpen etxeek aurkeztuko dituzten formatuez gain, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarritako Bilbao Bizkaia Film Comission aurkeztuko dute gaur Cannesen. Aurretik Bilbao Film Comission zegoen, grabaketak erakartzeko. Bizkaia be basque estrategiaren ondorioz, bulegoa berpiztu nahi izan dute Bilboko Udalak eta Bizkaiko Diputazioak.
Ohorezko herria: Mexiko
Mipcomen Mexikoko ikus-entzunezko sektoreak presentzia nabarmena izango du, «ohorezko herri» gisa parte hartuko baitu. Televisa taldeko presidente Emilio Azkarragak atzo nabarmendu zuen «teknologia berriak baliatzea» dela sektorearen erronkarik handiena. «Plataforma teknologiko ezberdinak erabiltzen ikasi behar dugu, edukien ekoizpenak ezin baitu denentzat berdin izan».
Mexikoko Argos ekoizpen etxeak elkarlan akordio bat sinatu du Espainiako Veralia Contenidos eta Galiziako Mad Mex enpresekin. Mad Mex enpresaren sortzailea da Anton Reixa, eta haren iritziz, zinemagintzako koprodukzio eredua telebistara eramatea «oso egokia» da. Akordio horren fruituetako bat Inazio Ellakuria jesuita bizkaitarraren hilketaren inguruko telesail labur bat izango da.
Datozen egunetan telebista eta zinema munduko arduradun, ekoizle eta zinemagile prestigiotsuak izango dira Cannesen. Bihar, adibidez, M. Night Shyamalan zinemagileak Fox kateko Wayward Pines telesaila aurkeztuko du. Proiektuaren ekoizle eragilea da.
Joan den asteburuan, bestalde, MIP Junior Pitch saria banatu dute Cannesen bertan. Txinako Emmy fikziozko saioak eraman du saria. Baso sorgindu batean bizi arren, maitagarrien ipuinen logikan eta magian sinesten ez duen neska bati buruzkoa da.
Hamar euskal ekoizpen etxe Mipcom azokan dira egunotan
Aurkeztutako formatuen artean 'Cuadrilla busca cita' dago.Gaur Cannesen Bilbao Bizkaia Film Commission aurkeztuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu