Ezarian. San Prudentzio eguna

Hamaiketakoa, kuadrillan

Arabako zaindariaren eguna ospatu dute Armentiako zelaietan; eguraldiak lagunduta, jai giro ederra egon daArratsaldean, erdiguneko kaleetan haurren danborrada egin dute

Baserritar jantzitako haur talde bat, Armentian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2014ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Goiz partean Gasteizko zeruan ikus zitezkeen lainoek aurkakoa erakusten bazuten ere, eguraldiak errespetatu egin zituen Armentiako zelaietan bildutakoak. Hala, bezperan ez bezala, San Prudentzio eguneko ospakizunak euririk gabe egin ahal izan zituzten babazorroek. Santu Pixontzia-ren ezizena ez zitzaion ondo egokitu atzo Arabako zaindariari; hala ere, jende asko irten zen atzo euritakoarekin, badaezpada ere.

Igande gauean, San Prudentziori ongi etorria egiteko, Gasteizko erdiguneko kaleak jai giroz bete ziren danborrada eta erretretarekin; atzo, Armentiako zelaietara pasatu ziren ospakizunak. Goizetik jende ugari bildu zen hara. Lehenengotarikoak agintariak izan ziren, santuarekin prozesioan. Atabal, tronpeta jotzaile eta txistulariek lagunduta, meza entzutera joan ziren, besteak beste, Javier Maroto Gasteizko alkatea eta Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia. Miguel Asurmendi Gasteizko gotzainak eman zuen otoitza, eta, hura bukatu eta berehala, Eguzkilore dantza taldeak ohiko dantza ikuskizuna egin zuen.

Bitartean, Armentia inguruetan jarritako txosnetara joan zen jendea, gehienak helduak, eta gutxi batzuk baserritar jantzita. San Prudentzio pasealekuan gora jendetza ikusi ahal izan zen, edadetu eta familien artean, eta gazte kuadrillaren bat edo beste ere bai. Asko San Prudentzioren monumentuaren aurrean gelditzen ziren argazkiak ateratzeko, baita loreak eskaintzeko ere. Zubia izanik, jende askok kanpora joateko aprobetxatuko zuen susmoa bazegoen, baina atzo Armentiako zelaietan ikusi zen jendetzak erakutsi zuen horrelakorik ez zela izan.

Hainbat elkartek ere beren aldarrikapenak ezagutzera emateko aprobetxatu zuten atzoko eguna: besteak beste, Cegasako langileek, Fracking Ez plataformako kideek eta euskal presoen senideek.

Blusekin musika

Saltokietan ere eskaintza zabala zegoen: txoripana, gazta, hainbat tarta, taloak, sagardoa, ardoa eta egun hauetako jaki ohikoenak: perretxikoak eta barraskiloak. Jatekoaz gain, arropa eta oroigarriak ere ugari ziren saltokietan. Dendariek esan zuten eguraldi txarra ez egin izanak beste urte batzuetan baino jende gehiago biltzea eragin zuela. Hala ere, salmentak espero baino txikiagoak izan zirela ere aitortu zuten, jende askok etxetik eramaten baititu ogitartekoak. Gainera, atzo astelehena izanik Gasteiz kanpoko jende gutxi bildu zela nabarmendu zuten.

Laino artean antzeman zitezkeen eguzki izpi apurrak; zelaian zerbait jan eta edaten zuten bitartean aprobetxatu zituzten bildutako bisitariek.

Aldi berean, herri kirolen lehen ikuskizunak hasi ziren, eta haiek ere begirada asko erakarri zituzten. Jose Mari Beltran lagunekin probak ikustera joan zen, eta ondoren erdigunera jaisteko asmoa zuen: «Guretzat, erakargarriena goizeko giroa da; gero gazteenen txanda izan ohi da». Urrezko Aizkolarien Txapelketa eta harri-jasotzaileena jokatu ziren, besteak beste. Harri-jasotzaileen artean puntako kirolariak zeuden: Ibon Murga txapelduna eta Mikel Lopez txapeldunordea. Afizionatu mailako txirrindulari proba ere egin zuten.

Eguerdi inguruan, lehen blusa eta neska kuadrillak iritsi ziren Armentiako zelaietara. Talde bakoitzak bere musika banda zekarren, eta horrek giroa alaitzea eragin zuen. Musikaz gain, jai giroa eta umore ona ere ekarri zuten kuadrillek. Armentiako zelaietara iristeko bidean eta zelaietan bertan egin zituzten joko eta ikuskizunekin, bertaratutako jende guztiari helarazi zioten giro ona.

Musika doinuei jarraipena Garilak 26 taldeak eman zien, bazkaldu ondoren. Dantzaldia girotzeko ardura izan zuen erromeria taldeak, eta goizean baino gazte gehiago bildu zirela antzeman zitekeen, bezperan goizeko ordu txikietan iritsi eta ordu batzuk lo eginda jadanik. Horietakoak ziren Irati Zabaleta gaztea eta haren kuadrilla. Bazkaltzeko, etxetik eraman zuten ogitartekoa, iluntzera arte gelditzeko asmoz.

Estibalizen jarraipena

Armentiako zelaietatik kanpo ere, Gasteizko erdigunean izan ziren ekitaldiak atzo. Han, goiz jaikitako jendeak etxeratu gabekoekin topo egin zuen.

Goizeko bederatzietan, Arabako Diputazioaren txistulari eta tronpeta jotzaileek Araba zortzikoa jo zuten. Eguerdian, Zeledonen Bilobak elkartekoen danborradaren txanda izan zen, eta egun osoan ibili ziren erdiguneko kaleak alaitzen. Blusa eta nesken elkarte hori danborrak astintzen aritzen zen 35. aldia izan zen atzo. Arratsaldean haurren txanda iritsi zen. Sukaldari jantzita, bezperan helduek egin bezala, danbor doinuen burrunba zabaldu zuten hirian.

Igandean hasitako San Prudentzio jaien ospakizunekin ez dira amaitu arabarren jaiak, ostegunean Estibalizko Andre Mariaren jaia ospatuko baita.

Egun osoko egitarauaz gozatu ahal izango dute Estibalizko zelaietara joaten direnek. Besteak beste, aurresku eta dantza solteko txapelketa eta aire zabaleko pintura lehiaketa izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.