Aurreneko aldiz, Hamaika telebista eta Tropela.eus elkarlanean arituko dira Frantziako Tourrean, gaur hasi eta hilaren 28ra bitartean. Tropelako kideek egindako analisiak emango ditu datozen egunetan Hamaikak, bai telebistako seinalearen bidez, baita sare sozialen bitartez ere. «Munduko Koparekin egiten ari garenaren antzera, eragin globala duten egitasmo masiboei gure ikuspuntua eman nahi diegu, analisia, informazioa eta umorea uztartuz», esan du Hamaikako komunikazio arduradun Beñat Zarrabeitiak. Tropelan, bestalde, 16.707 kiniela eginak zeuden atzo arratsaldean.
Tourra EITBn zuzenean
ETB1ek eta EITBren webguneak zuzenean emango dute egunero Frantziako Tourreko etapen amaiera. Kontakizuna Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Pedro Mari Goikoetxeak egingo dute. Euskadi Irratian, Joxe Mari Apaolaza esatariak gidatuko du kontakizuna, eta komentarista taldean Jon Altuna, Txomin Perurena eta Mikel Astarloza egongo dira. Radio Euskadin, Dani Egaña ariko da gidari, eta Joseba Beloki izango du lagun.
Gaur, ETB4an hasiko dira etapa ematen, 10:55ean. Azkeneko kilometroak ETB1en ikusi ahalko dira, 15:00etatik aurrera.
Hamaikak eta Tropelak indarrak batuko dituzte Tourrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu