Komunikazioa

Hamabi orduko zuzeneko maratoia egingo du bihar Zintzilik irratiak

Eskualdeko eragileak gonbidatuko dituzte komunikazioaz hitz egitera; 30 urte beteko ditu aurten irrati libreak

Urteurrena ospatzeko, beste ekitaldi batzuk ere egingo dituzte aurrerago. ZINTZILIK.
Adrian Garcia.
2014ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Goizeko hamarretatik gaueko hamarrak arteko zuzeneko irrati maratoia egingo du bihar Errenteriako (Gipuzkoa) Zintzilik irratiak, ZNN Zer Nori Nork jardunaldiaren harira. Komunikazio gaia izango da hamabi ordu horietako hari eroalea, eta Oarsoaldekokultura, euskara, musika, gizartea, politika eta beste hainbat arlotako eragileak gonbidatuko dituzte.

Hirugarren urtez antolatu dituzte jardunaldiok, Agustin Sarasola irratikide zenaren omenez. «Egun aurki ez daitekeen kazetari mota batekoa zen», dio Julen Etxegarai Zintzilik irratiko kideak. Gogoeta kutsua hartuko du maratoiak. Izan ere, azken boladan teknologia berriek komunikatzeko moldeak astindu dituzte, eta sare sozialen zurrunbilo horretan, irrati libreen eginkizuna aztertu nahi dute. Beharrezkoak al dira irrati libreak? «Komunikatzeko tresna asko ditugu, baina baita gabezia handiak. Egun irrati libreek sekulako ekarpena egiten dute». Gaiak modu librean aukeratzeko «askatasuna» eta beste hedabide eta euskarrietan landu ezin daitekeen «sakontasuna» eskaintzen du irratiak. «Egun, dena laburtzen da tituluetan. Azalekotasun horretatik ateratzen dira irrati libreak».

Ospakizun gisa ere egin dute maratoia, 30 urte beteko baititu irratiak aurten. «Urte osoan, beste ospakizun batzuk ere egingo ditugu». Irratiko kideek argitaratutako 27 urte ez dira ezer dokumentalean atzera begiratu, eta 1984ko gazteek bizitakoa eta irratia sortzera bultzatu zituzten arrazoiak azaldu dituzte. «Garai gatazkatsua zen, bai politikoki bai sozialki. Diktadura trantsizio-transakzio horretatik zetozen gazteak, eta adierazteko gogo izugarria zegoen».

30 urte ez dira ezer

Errenteriako eragileek parte hartze handia izan zuten irratiaren sorreran. Izan ere, garai hartan taldeak «puntu goren» batean zeuden. «Herriaren parte hartze zabala zuten. Manifestazio edo batzar bat antolatu, eta ehunka lagun azaltzen ziren».

Hasierako garai horiekin alderatuz, desberdintasunak nabari dituzte irratian. «Irratia denona da, baina zertxobait kostatzen da eragileak mikrofonora erakartzea haien lekua har dezaten». Hori da, zuzeneko maratoiaren beste eginkizun bat: irratia hor dagoela gogoraraztea. «Desberdina da; egun, komunikatzeko beste hamaika bide daude». Etxegaraien arabera, eragileak beraiek ere aldatu dira, jende gutxiago biltzen baita haien inguruan. «Gizartearen isla bat da».

Gizartea ez ezik, irratia ere «ikaragarri»aldatu da. Izan ere, irratiak Internetera moldatzen jakin izan du, eta sareak eskainitako aukerak aprobetxatu ditu. «Antena batetik emitizen genuen; orain, Internet bidez ere zabaltzen dugu irratia. Audioak eta informazioa eskura jartzeko aukera dago, Facebook, Twitter...».

Etxegaraik baikor begiratzen dio etorkizunari, nahiz eta egungo gizarte eredua «indibidualistagoa» izan. «Gehiago egon gintezke, baina gaudenok gai gara gauzak era txukunean egiteko. Bizitza luzea dute aurretik irrati libreek eta Zintzilik irratiak». Halere, ez ditu ahaztu lege eta diru oztopoak. «Lizentziarik gabeko irratia gara. Gure lekua, ordea, legitimatuta dago».

Garaiak aldatu eta irratiko estudioan ordenagailuak erruz ugaritu badira ere, hasierako printzipioei eusten dio irratiak. Militantzian oinarrituta, borondatezko lana dute oinarri, eta baztertuei ahotsa ematea helburu. Batzar horizontaletan egituratzen dira, eta diru laguntzatik eta publizitatetik ez bizitzeak autonomia ematen die. «Horregatik iraun dugu horrenbeste urte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.