Atari mordo bat, igogailuak, kaleak, terrazak. Lan errepikakor bati ostutako distirak bildu ditu Meritxell Ahicart argazkilariak (Castello, Herrialde Katalanak, 1992) Devilvery-n: itxialdian, banatzaile egin zuen behar Amazonen, eta orduan egindako irudiekin ondu du proiektua. Ez da lan baldintzen inguruko dokumental bat, nabarmendu duenez, baina esperientzia komunak erakusten ditu, hala nola akidura eta arriskua. Proiektua Barakaldoko (Bizkaia) Baffest jaialdian saritu zuten iaz, eta Bilboko Blackkamera eskolan xehatu du berriki.
Lan hain errepikakor batean detaileak topatzea: irizpide artistikotik harago, bada lana jasangarri egiteko modu bat?
Erabat. Ahalegintzen nintzen nire ofizioa —artea— simulatzen. Gauza kurioso asko ikusten nituen, baina prekaritateak blaitzen zituen denak. Hamabi orduko etenik gabeko lanegunak jasateko ateratzen nituen argazkiak, helburu artistikorik gabe, eta enpresaren sakelakoarekin.
Gerora, sinbolismo berezia bereganatu du sakelakoarenak?
Nire obligazioak betetzen nituen, baina tarteka denbora hori eteten nuen; Amazonen aplikazioa itxi, eta kamera hautatzen nuen. Teilatu bat jotzear zegoen hegazkin bat antzeman nuen behin, eta erabaki nuen zain egongo nintzela talka hori gertatu arte; sekuentzia osoa daukat. Iruditu zitzaidan prekaritateari irabazitako denbora zela: neure burua engainatzen ari nintzen, baina boteretsu sentitu nintzen.
Ikus-entzunezko piezetako batean, Homenaje a Jon Mikel Euba-n (Jon Mikel Eubari omenaldia), laneko furgonetatik sartzen eta irteten zara behin eta berriro. Nola erabiltzen duzu esajerazioa?
Eubak antzeko gauza bat egiten du Pandamask bideoan [1999]. Niretzat, lan mekanikoetan batu egiten dira tema eta errepikapena. Bideoak ez du amaierarik; are, astuna eta aspergarria suertatzen da, hala izan behar baitu. Ez du zentzurik halako zerbait entretenigarria izateak.
Argazki batzuk selfie-ak dira: aldi berean zara begiratzen duena eta begiratua dena.
Niretzat, selfie-a hil edo biziko kontu bat zen. Atari eta igogailu guztietan ispiluak daude, eta talka egiten nuen nire irudiarekin: batzuetan, hain nengoen txarto, hain nekatuta, ez bainuen neure burua ezagutzen. Selfie-kin, ainguratzeak sortzen nituen.
Esparru publikoaz eta pribatuaz ere hausnartzen duzu. Non kokatzen zara zu harreman horretan?
Gehienak ohituta daude edukitzera leku bat bizitzeko, eta beste bat lan egiteko. Eta kalea da soilik batetik bestera lekualdatzeko eremua. Baina, kalean lan egiten duzunean, esparru publikoaren zati bat barneratzen duzu, eta pribatuaren zati bat kanporatzen duzu: kalean bizitza egiten duzu, jaten duzu... Esparru pribatuko jarduera batzuk publikoan bizi dituzu; furgoneta etxe bihurtzen zaizu. Eta, aldi berean, bezeroen etxean sartzen zara, baina ez erabat; kuriosoa da erdibideko esparru hori. Atarian gorpuzten da.
Prekarioa da beste lan bateko atseden tarteak aprobetxatu behar izatea zure ogibidea egiteko, ogibideak ez dizulako bizitzeko lain ematen.
Hala da. Ikerketa lerro interesgarria da: beren prekaritatea artearen esparrura eramaten duten artistak. Askotan, ematen du arteak balio duela soilik gai potoloez hitz egiteko, baina niretzat gaia ez zen aukera bat. Itota bazabiltza, arazo ekonomikoak badituzu, dolu betean bazaude... Oso konplikatua da beste gai batzuez hitz egitea; egoerak zeharkatzen zaitu.
Txat erotiko batean ere lan egin zenuen, eta orduan bidali zizkizuten argazkiekin beste proiektu bat egin duzu: Chatplayer.
Jabetze lan bat izan zen. Interesatzen zitzaidan beste ikuspuntu batetik hitz egitea irudiaren inguruan; kasu horretan, helburu sexualak dituzten argazkien sareko trukea erabilita. Agerian jartzen du emakumeen kapital sexuala, eta nola dagoen eraikita egon dadin propio lanbide bat gizon heterosexualen beharrak asetzera bideratuta. Horiek ere irudia dira.
Diozunez, zure lanaren helburuetako bat da irudiaren ontologia ulertzen saiatzea. Zerk egiten du irudia irudi?
Ez daukat erantzun zehatzik. Baina gustuko dut irudia izan dadila horrenbeste gauza. Irudi mental bat ere irudia da. Oroitzapen batzuetan, ez dugu gordetzen sekuentzia, baina bai arrastoa. Areago, proiektuetan, askotan irudia imajinatu egiten dut aurretik, eta gero ontzen dut: egin baino lehen ere, irudi hori existitzen zen. Zenbat eta gehiago zabaldu iruditzat daukagun horren esparrua, orduan eta interesgarriagoa izan daiteke.
ATZEKOZ AURRERA. Meritxell Ahicart. Argazkilaria
«Hamabi orduko lanegunak jasateko egiten nituen argazkiak»
Banatzaile zela ateratako argazkiekin, proiektu bat ondu du Ahicartek: 'Devilvery'. Esparru publikoaz eta pribatuaz hausnartzen du, baita erdibideko eremuez ere. «Furgoneta etxe bihurtzen zaizu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu