Ordenagailuarekin «probatzen» hasi ziren, eta hala segitu dute geroztik Oier Bravok (Getxo, Bizkaia, 1999) eta Alatz Barrenak (Zamudio, Bizkaia, 2001), hain kuttuna duten Txorierriko oholtzak berotzen. Ander Aristondo kidearekin batera osatzen dute Matxinada taldea, eta bihartik aurrera egonen da entzungai hirukotearen album berria, plataforma guztietan: Gauero lez.
Musika elektronikoa darabilzue.
OIER BRAVO: Gure oinarria da, eta instrumenturik gabe egiten saiatzen gara.
Baina gitarra bat erabiltzen duzue.
ALATZ BARRENA: Badaude soinu batzuk ezin direnak ordenagailuekin bakarrik erreproduzitu.
BRAVO: Zeozer organikoa egin nahi genuen; musikaren atzean gizaki bat dagoela sumatu dadin, bederen.
Zer da Gauero lez?
BARRENA: Gure bizimodua da.
BRAVO: Gaua bizitzeko hamaika modu daude; batzuetan parrandan, besteetan nostalgiko...
Asko aldatu duzue erregistroa.
BARRENA: Bai. Topa izan zen gure lehen diskoa, cumbia estilokoa. Azkenaldian pop eta punk rock estilora egin dugu salto nolabait; hainbat taldek izan dute eragina gugan: Red Hot Chili Peppers, Dover, Ken Zazpi...
BRAVO: Gainera, hurbil dugu Mungiako [Bizkaia] rock eszena: Belako, Toc, Lukiek... Inertziaz atera zaigu.
2000ko hamarkadakoa da lana oso.
BARRENA: Estilo hori bilatu nahi izan dugu: rocka, popa... dena den, soinu arloko erreferentziak dira soilik.
Fase berri batean zaudete, beraz?
BRAVO: Bai, tarte bat hartu dugu taldea berriz definitzeko. Nabaritzen da estetikan, mezuan, musikan...
Arriskatua izanen da?
BARRENA: Cumbiaren oso bestelakoa da disko berria, ikusiko dugu...
BRAVO: Entzuten baduzu Topa eta gero Guero lez, pentsa dezakezu: parkour! [barrez]. Baina esentziari eusten saiatu gara. Musikalki aldaketa egon da, baina mezua, hitzak, antzekoak dira.
Zuen kabuz egiten dituzue lan guztiak?
BARRENA: Bai; tira, laguntza ere izaten dugu. Urtzi Iza musikariak feedbacka ematen digu batzuetan; gure abestien inguruan izan dezakeen ikuspuntua eskatzen diogu.
BRAVO: Bera aditua da, gu ez [barrez]. Imanol Exposito artistaren laguntza ere izan dugu, diskoaren azala, argazkiak eta bideoklipa lantzekoan.
Disko berriaren hitzek heltze bat irudikatzen dutela esan duzue.
BRAVO: Bai. Esan nahi izan duguna da denbora gehiago izan dugula hitzen inguruan hausnartzeko. Gure bizitzak ere aldatu egin dira taldea abiatu genuenetik, eta hori islatu nahi genuen. Orain ja ez gara asteburuero mozkortzen.
BARRENA: Hitzek borrokaz edo jaiaz hitz egiten zuten; zerbait sakonagoa da orain.
Zuzenekoa da zuen lehentasuna?
BRAVO: Bai, eta asko zaintzen dugu eszenaratzea, gainera.
BARRENA: Bilatzen dugu jendeak ongi pasatu dezan.
BRAVO: Nahi dugu publiko anitzendako jo, ondo pasatu eta dantzatu dezaten, besterik gabe. Kontzertu garrantzitsuenak gurean egiten ditugunak dira, Txorierrin, gure jendeaz inguraturik.
Txorierriko Boy Band-a zarete, beraz.
BRAVO: Atzeko Kaleko Mutilak garela esaten digute [barrez], Back Street Boys taldeari erreferentzia eginez.
Bilboko gauari egiten diozue kantu.
BARRENA: Gure egunerokoa da.
BRAVO: Halakoak dira gure kantak: Somera, Antzoki eta Euskotrena. Azken batean, errealitatetik idazten dugu, ez dugu idatziko bizi ez ditugun esperientzietatik.
Txikitoak eskuan, topa egiten ageri zarete diskoaren azalean.
BRAVO: Oso bilbotarra da hori ere.
lotsabako