Hemen kafe makinak leku zentrala du, eta hori ez da anekdota hutsa. Bulego eta bilkura geletan banatua da egoitza, eta solairu bakoitzean bada kafea edo tea edateko lekua. XVI. mendeko etxea egokitzeko obrak pentsatzen hasi, eta espresuki egin zioten eskaera hori arkitektoari: «Elkarrekin gurutzatzeko gune bat» izan zedin, Daniel Olzomendi Izurako auzapezak azpimarratu duenez.
Hori da, beraz, Haize Berri izeneko egoitza arraberritua joan den larrazkenetik —berriki estreinatu dute ofizialki—. 655 metro koadro, hamabost bulego eta lau bilkura gela, ikasgela gisa erabil daitezkeenak; udala ere han da. Horien erabiltzaileen artean, laborantza arloan hasi nahi dutenentzako prestaketa zentro bat eta hamabost bat elkarte. Guztiak laborantza alorrean ari direnak, hain zuzen. Orotara, hogei bat langile dira joaten egunero lan egitera.
Laborantza arloaren zentroa da, baina ez edozein laborantzarena. Kalitatezko tokiko herri laborantzan ari direnentzat, etxaldeen autonomia garatzeko asmoz. Horretan ari dira han biltzen diren elkarteak. Eta nolabait Haize Berrin elkartuz Haize Berri eta Izura bera, ideia da Baxenabarre erdialdeko Oztibarre laborantza mota horren ikur bilakatzea.
«Barnealdeko herri ttipi batera etortzea inportantea iruditu zitzaigun, gure garapen ikuspegitik betidanik defendatu nahi izan ditugulako lekuko garapenak, herri txikien iraupena eta laborantza txikia», laborantza ekologikoaz arduratzen den Biharko Lurraren Elkarteko (BLE) animatzaile Ekaitz Mazustak laburbildurik. Haize Berrin bulegoak ditu hark. Argumentu berek balio dute beste elkarteentzat ere: «Nahiago dut hor izan, ez eta Donapaleun, arrunt beste laborantza eredu bat gogoan duten laborarien artean», dio Pantxika Maitiak, Haize Berrira joan den Arrapitz federazioko presidenteak.
Donapaleun baitziren orain arte elkartekoak. Baina biziki baldintza «kaskarretan», Mazustak baieztatu duenez. Donapaleuko bulegoak «zinez gaizki isolatuak ziren. Amiantoa ere bazen». Neguan, hotz. Udan, berriz, beroegi. «Hemen zinez lan egiteko baldintza praktikoak dira», Mazustaren hitzetan. «Haize Berrin, gure laborantza eredua buruan duten hautetsien artean gara, giro horretan gara», gaineratu du Maitiak.
Funtsean, Arrapitz federazioko kide dira denak. Gehiago dena, Arrapitzentzat sinbolo berezia da Haize Berri. Han sortu baitzen Arrapitz, duela hogei bat urte, preseski laborantzaren beste eredu horren garatzeko bideen bila. Baina leku eta sinbolismo hutsa baino gehiago, azkenean bai garaian, bai orain, bide beretik doaz federazioa eta elkarteak: «Gurea harreman istorioa izan da anitz», zehaztu du Maitiak. Harremanak laborariekin, laborarien artean: «Laborarien beharrei laborariek berek erantzuteko». Laborarientzat, funtsean, informazio iturria da Haize Berri. Etxalde baten antolaketa ekonomikoa AFOGak ekar lezake —lehen solairuan da—. Idoki etxe ekoizleen elkartea ekoizpenak eraldatzeaz eta saltzeaz ardura daiteke. BLEk ekoizteko esperientzia luke gehiago: «Elkarte batek bestearen sarea ezagutaraztearen usaia badugu betidanik. Badakigu besteek nola lan egiten duten», esplikatu du Idokiko Isabela Barreixek.
Han dauden beste elkarteen artean, Manex Buru Beltza ardiaren hazkuntza promozioaz arduratzen den Buru Beltza elkartea dago; bai eta, azkenik, SOS Indartu, nekezia handian diren laborarien alde sortu berri den elkartea. Guztiak Arrapitz federazioan elkartzen dira, hain zuzen —orotara, hamalau elkarte dira federazio barne—. Arrapitz beraren langileak ere Haize Berrin dira.
Elkar osatzen
Azkenean, aspalditik ari dira elkarrekin lanean. Talde lanaz konbentzituak. Hasiz, Maitia bera. Bizi guztian talde dinamiken alde egin duela berretsi du: «Talde dinamikari esker da Ipar Euskal Herria den herria. Segur da. Arlo guztietan. Euskararen arloan, kulturan, hedabideetan. Sozialean ere egin den guztia... eta laborantza ere... segur». Haize Berrin hasiak dira ideia berriekin. Adibidez, enpresentzat mintegiak dauden bezala, horrelako zerbait landu nahiko lukete laborantzan hasi nahi dutenekin.
Etxe bat, hiru behar
Azken finean, hiru behar bazeuden bakoitza bere aldetik, eta etxe bat bestetik, eta laurak batuta egin dute Haize Berri. Batetik, beraz, bada etxe bat. Eliza eta pilota plazaren ondoan. Jatorrian, XVI. mende bukaerako etxe bat da. Garai hartan, merkatu estali gisa erabiltzen zuten. Enrike IV. erregearen baimen bat izan zuen horretarako. Iragan hurbilago batean, elkarte zentro bihurtu zuten Haize Berri. «Gela bat xerkatzen zelarik Oztibarren usu Haize Berrira etortzeko usaia bazen. Haize Berri etxe ireki baten gisan ikusteko usaia bazen», gogorarazi du Olzomendik.
Hor izan dira irrati bateko estudioak, izan dira musika eskolak, kontzertuak, liburutegiak, baita erakusketak ere. Azken urteetan, udako erakusketa antolatzen zen bereziki han. Baina bazuen bulta bat ez zela beste deus antolatzen. Eta etxe hutsari dinamika berri bat ekartzeko asmoz hasi ziren laborantzarako zentroaz gogoetatzen. Olzomendiren taldea 2008ko hauteskundeetan udalaren ordezkari hautatu zutelarik, orduan indartu zen gogoeta, lehentasun honekin: «Guk sinesten dugun laborantza sostengatzea, gure heinean», herri barneari dinamika bat gehitzeaz gain.
Beste beharra Paue (Okzitania) ondoko Montardon hiriko laborantza prestakuntza zentroarena zen. Ipar Euskal Herriko barnealdean leku baten xerka ari zen prestakuntza baterako. Berrogei urte baino gutxiago dituztenen kasuan, laborantza alorrean lanean hasi nahi dutenentzat. Ikasketak eginak ez dituztenentzat. Urte bateko prestakuntza aukera bat ematea da xedea. Eta horra, beraz, joan den larrazkenetik Haize Berrin dute prestaketarako aukera. 30 eta 40 baten artean dira horretan. Eta, azken beharra, beraz, elkarte horiena zen.
Haize berria laborantzari
Herri laborantza kalitatezkoa ardatz duen bilgune bihurtu dute Izurako Haize Berri; lantalderako egitura egokia da xedea, geroan ere proiektu ekarle segitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu