Zuzenean grabatuko du disko berria Aurora Beltran kantautoreak (Iruñea, 1964). Giltzurrunetako gaitz kroniko bati aurre egin behar izan dio. «Agertokiak sendatu egiten zaitu», adierazi du.
Duela hiru urte kaleratu zenuen Clases de baile diskoa. Orain, zuzenean grabatzea erabaki duzu.
Bai. Kontzertu akustikoa izango da, eta gitarrak, txeloak eta piano bat erabiliko ditugu. Ezin gusturago ibili gara prozesu osoan, eta, lan asko egin ostean, oso emanaldi ederra prestatu dugu.
Urduri al zaude?
Tximeletak ditut sabelean, eta sentipen ezin hobea da hori. Ilusio handia dugu guztiok, eta urduri gaude, baina oso modu positiboan. Orain ditudan emozioek ematen diote zentzua musikari. Hainbeste urteren ostean, ilusioz jarraitzen dut, eta gauza asko ditut esateko.
Nola planteatu duzue grabaketa?
Jendea kontzertu batera joango da, baina, era berean, disko baten zuzeneko grabaketa ikusiko du. Harago eraman nahi dugu ikuslea; parte hartzea eta momentuarekin bat egitea. Gainera, asko zaindu ditugu xehetasun guztiak, eta eszenografia eta janzkera bereziak prestatu ditugu.
Horregatik jarri diozue Museo Púrpura izena?
Ukitu viktoriarra eman nahi izan diogu kontzertuari. Clases de baile diskoko abestiak joko ditugu batez ere. Halako irudia sorrarazten didate. Baina abesti zaharragoak ere joko ditugu, hala nola Tocaré eta Afiladas palabras. Horrez gain, kantu berri bat eskainiko dugu, Invicta.
Asmoen aitorpen bat dirudi...
Bai. Nire gaixotasuna dela-eta, azken urteak oso zailak izan zaizkit. Hemen nago, ahulduta, baina garaitu gabe. Gizartea berdin dago; egoera zaila da, eta ez dakigu nora goazen. Funtsezkoa da jarrera aldatzea. Ez bagara gu geu animatzen, nork animatuko gaitu?
Musika industriaren garai latzak direla-eta, ez ote da oso arriskutsua sekulako proiektua egitea?
Bi ikuspegi izan ditzakegu. Alde negatiboari erreparatuz gero zaila da, bai. Jendeak ez du ezagutzen disko baten atzean dagoen lan guztia; gainera, egoera txarra bada, ez dago saltzerik. Baina hori ez da musikaren berezko aurpegia, munduko diru guztia duen horrek erosi ezin dezakeenik badagoelako: musikarekiko pasioa.
Aurrekoa bezala, zu zeu izango zara Museo Púrpura-ren produktorea...
Bai. Inork ez nau behartu gaurkoa egitera. Guk geuk egin dugu, gogoa genuelako eta hala izatea nahi genuelako.
Jende gazteaz inguratu zara horretarako. Zahartzeko beldurra al duzu?
Inola ere ez, kar-kar. Arrazoi asko daude gazte jendeaz inguratzeko. Horietako askok gustuko lan bat baino ez dute egin nahi, eta aukera ematean izugarrizko ilusioz jarduten dira. Ohore bat izan da niretzat, eta, asko ikasteaz gain, gaztetasuna txertatu didate.
Zein sentipenekin gustatuko litzaizuke oheratzea gaur gauean?
Ez dut uste lo asko egingo dudanik, kontzertu osteko adrenalina jaistea zaila baita. Entsegu nagusia egin ondoren, taldekideei eskerrak eman nizkien, oso hunkigarria izan delako niretzat. Ikuslea emozio horren zati txiki batekin geratuz gero, nahikoa.
«Hatzak odolean utzi arte» jotzen jarraitzeko asmoa duzu, Tocaré Tahures Zurdosen abestiak dioen bezala?
Hitzez hitz. Igandeko entseguaren ostean hatzak zauriz beteta utzi nituen. Baina hala da: abesti horren mezuak indarrean jarraituko du nire bizitza osoan. Ez dut besterik buruan.
Aurora Beltran. Kantautorea
«Hainbeste urteren ostean, ilusioz jarraitzen dut, eta gauza asko ditut esateko»
Bilboko Campos Eliseos antzokian kontzertua eskainiko du gaur gauean (21:00) Aurora Beltran musikariak. 'Museo Púrpura' diskoa zuzenean grabatuko du, eta talde gazte batez inguratu da horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu