Dantzari profesionala

Martxel Rodrigez: «Hagitz ongi dakit zer dantza mota dagoen nire DNAn»

2024ko Nafarroako Ikastolen Elkartearen saria eman zioten urtarril bukaeran, euskararen eta ikastolen alde egindako lanagatik. Led Silhouette dantza konpainia sortu zuen, Jon Lopezekin batera.

Martxel Rodrigez, aste honetan, Lesakan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Martxel Rodrigez, aste honetan, Lesakan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iratxe Muxika
2025eko otsailaren 14a
05:00
Entzun

Dantzak neurtu dezake denbora, ekarri ditzake hitzak ahora, egin daiteke binaka edo sueltoan; baina ez beti nahi den erritmoan. Bere erritmo propioa bilatu eta dantzari profesional bilakatu da Martxel Rodrigez (Lesaka, Nafarroa, 1990); Led Silhouette dantza konpainia sortu zuten Jon Lopez dantzariak eta biek. Bere ibilbidean euskararen eta ikastolen alde egindako lanaren aitortza gisa, NIE Nafarroako Ikastolen Elkartearen 2024ko saria eman zioten urtarril bukaeran. 

Zer lotura dute dantzak eta euskarak?

Ez da erraza erantzuten. Gure diziplinak, a priori, ez du hitzik; gu gorputzarekin solastatzen gara. Baina gure gorputzak umetan ikasitako urratsak gordetzen ditu, eta nire lehendabiziko dantza lengoaia euskal dantzena izan zen. Horrek eragin zuzena du ondorengo bizipen denetan. Dantzari dagokionez, nire ama hizkuntza euskal dantza eta Tantirumairu dantza taldea izan dira. Gerora, dantza mota anitz egin ditut; balleta, dantza garaikidea... eta lengoaia horiek denak ere gehitu zaizkio nire gorputzari, baina nire oinarriaren gainean pilatu dira. Hagitz ongi dakit zer dantza mota dagoen nire DNAn. 

Haurra zinela hasi zinen dantzan, helburu jakinik gabe.

Oier Araolaza dantzariak ere lehengoan erran zuen: dantzatzea erreflexu bat bezalakoa da umetan, ez dago modurik haur batek ez dantzatzeko. Instintuak eramaten gaitu dantzatzera eta mugitzera, eta haur guztiek egiten dute hori. Gertatzen dena da gero gelditu egiten garela. Gizonok, denborak aitzinera egin ahala, dantza uzteko presioa jasaten dugu, eta ni izan nintzen dantza utzi ez zuten mutil horietako bat. Ez uzteko prozesu horretan, sekulako garrantzia izan zuen Tantirumairu ikastolak eta dantza taldeak. Babestu eta zaindu egin ninduten, eta beti egonen natzaie eskertua. Ume garela ohikoa izaten da elkarren ametsak zapuztea, aurreiritziengatik-eta, eta ikastolak jakin zuen ikusten nik baneukala amets bat, eta ahalegindu ziren hura ez itzaltzen. 

Zer da ikastola zuretzat?

Nik sentitzen dut ikastola familiaren parte bat dela; familia, odoletik harago dagoen zerbait dela ulertuta, laguntasunarekin gertatzen den bezala. Lesakako ikastola, hango langileak, andereñoak, ikasleak... familia bezala sentitzen ditut. Ez da ona hori erromantizatzea ere, badaudelako harreman hobeak eta okerragoak, eta dena ez delako beti polita; baina familia dira, eta odoleko familian ere pasatzen da hori. 

Oroitzen duzu nolakoa izan zen lehendabiziko dantza klasea?

Etxean beti aritzen nintzen dantzan; orduan, Tantirumairu dantza taldeak egindako emanaldiak VHSn grabatu eta saltzen ziren, eta banan-banan ikusten genituen etxean. Bideoak ikusi, eta halaxe ikasten nituen dantzak; helduen taldeko dantza saioak ikusiz ikasi nuen Xuletino, adibidez. Hori ikusita, amak dantza klaseetara joateko erran zidan, eta lehendabiziko saiotik negarrez ailegatu nintzen etxera. Amari erran nion nik ez nuela hori nahi, baina hark erran zidan bigarren aukera bat emateko; ez nezala hain goiz amore eman. Bigarren egun batez joan nintzen, eta hementxe nago orain. Eskerrak, beraz, amari ere. 

Nola jakinarazi zizuten NIE saria jasoko zenuela?

Orain hilabete batzuk, azaroan-edo, NIEko kide lesakar batek deitu zidan, eta erran zidan 2024ko NIE saria niretzat izanen zela. Shock egoeran gelditu nintzen hasieran. Bilaketa hasi nuen jarraian, ikusteko nire aitzinetik zeini emana zioten saria: Pedro Migel Etxenike, Mirentxu Purroy, Euskalerria Irratia... Nafarroa mailan izen handiak dira, eta pentsatu nuen nik ez nuela sari hori merezi. Azalpenak eman zizkidaten, eta kontatu zidaten zergatik hautatu ninduten; hagitz kontent jarri nintzen. 

Zer erranahi du sariak zuretzat?

Sari mota anitz daude; lehengo urtean, adibidez, Madrilen El Ojo Crítico saria eman ziguten, eta hagitz ongi etorri zaigu lan aldetik, errekonozimendua eta lana etorri direlako horri esker. Sari guztiak dira ongi etorriak, eta ilusio handia egin zigun hark ere, baina egia da nahiko sari hotza eta urruna dela. NIE saria, hain justu, horren kontrakoa da; ez du errentagarria izateko helbururik, baina hagitz hurbila eta beroa da, emozionala eta etxekoa. 

Afizioa ogibide bilakatzen denean...

Ez da erraza hori kudeatzen. Anitzetan, oholtzatik kanporako lanak anitz direnez, pasioa apaldu egiten da, eta horren kontra borrokatzen aritzen gara egunero. Saiatzen gara oroitarazten zergatik gauden hemen, zergatik bizi nahi dugun honetatik eta zergatik jarraitu nahi dugun hemen. Uste dut ezinbertzekoa dela inertzian ez erortzea; hau da, kontzienteki eta nahita egitea gauzak. Ogibideak, anitzetan, jan egiten du pasioa. 

Zer emanaldirekin ari zarete orain?

Orain Los Perros eta Halley emanaldiekin ari gara bira egiten, eta bertze bi dauzkagu labean. Bata urrian estreinatuko dugu, Iruñean, Iruñeko Ganbara Abesbatzarekin elkarlanean; enkargu bat egin digute, eta lan hagitz berezia izaten ari da. Eta bertzea beranduago aterako da argitara; heldu den urtean. 

LOTSABAKO

Non jarri duzu saria?
Legarran [Lesakako erakusleiho bat].
Dantzari bat?
Jon Lopez.

Dantzatzen ari zarela falta ezin zaizun zerbait?
Adrenalina.

Dantzatzeko leku bat?
Lesakako Harriondoa kultur etxea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.