Habietan umatu dena

Aranzadi zientzia elkarteak 'Euskadiko hegazti habiagileen atlasa' aurkeztu du: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hegazti ugaltzaileen lehen atlas modernoa. Sei urteko ikerlanaren emaitza da, eta hirurogei ornitologok baino gehiagok hartu dute parte.

Antzandobi arruntaren argazkia, eta atlasean hegazti horri dagokion fitxa. Liburuaren azaleko ilustrazioa ere antzandobi arruntarena da. ARANZADI.
enekoitz telleria sarriegi
Irun
2023ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Basahate bikoteak, antzarak, uroiloak, txilinporta txikiak eta kaio hankahoriak. Plaiaundiko parke ekologikoan dabiltza denak olgetan. Eguerdia ez da garairik aproposena hegaztiak begiztatzeko, baina tokia bada aproposa tamainako aurkezpena egiteko. Aranzadi zientzia elkarteak ondu du: Euskadiko hegazti habiagileen atlasa. Bertako hegazti ugaltzaileen lehen atlas modernoa. «Mugarri bat», Juan Arizaga Aranzadiko Ornitologia Saileko zuzendari eta ikerlanaren koordinatzaileak azaldu duenez.



Txingudi Ekoetxean egin dute aurkezpena (Irun, Gipuzkoa), urmael, padura eta hezeguneetako txorien txorrotxioak lagun. Han izan dira, besteak beste, Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Iraunkortasuneko sailburuordea, Koldobike Olabide Gipuzkoako Aldundiko Mendi eta Natura Ingurunearen zuzendaria, Jokin Otamendi Aranzadi zientzia elkarteko presidentea, eta ikerlanean parte hartu duten hainbat ornitologo —largabistak soinean dituztela haietako batzuk—.

Izan ere, batzuen babesari eta besteen jardunari esker ondutako lana izan da atlasa, eta hori da behin eta berriz nabarmendu dutena. Sei urte iraun duen ikerlanaren emaitza da, hirurogei ornitologok baino gehiagok hartu dute parte, eta hainbat erakundek babestu dute: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak —Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarena da, esaterako, hitzaurreetako bat—, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek. Zenbait ingurumen elkartek ere parte hartu dute: Arabako Natura Institutuak, Lanius ornitologia elkarteak eta Itsas Enara ornitologia elkarteak, besteak beste.

«Daukaguna zaintzea da liburu honen atzean dagoen mezua, eta, horretarako, zer daukagun jakin behar dugu lehendabizi. Horretarako parada ematen digu atlasak, zeren ezagutzen ez duguna zaintzea nekeza da. Diagnosi zehatz bat da, oinarri bat, eta abiapuntu bat. Eta administrazioari lagunduko dio bere lana zorrotz egiten», nabarmendu du Aldasoro sailburuordeak bere hitzaldian.




Juan Arizaga Aranzadiko Ornitologia Saileko zuzendariak azaldu du 2016an abiatu zutela ikerlana, eta proiektu «konplexua» izan dela, obra «kolektiboa» izan dela, eta «eragile askok» hartu dutela parte. Eskertu egin ditu erakundeen babesa eta konfiantza, eta ehunka lagunek egindako landa lana: «Sekulakoa izan da; milaka lan ordu eta ehunka lagun lurralde guztian. Hainbat elkarte naturalistak euren kideak mobilizatu dituzte, eta horiei esker egin ahal izan dugu landa lana».

Mugarri bat

Hegazti ugaltzaileen atlasa «mugarri bat» dela nabarmendu du Aranzadiko kideak: «Gure elkarteak ere gutxitan izaten baitute aukera mahaiaren gainean halako lan anbiziotsu bat jartzeko. Sortzen den jakintza euskal gizarte guztiaren mesederako da. Hau ez da zientzialarien curriculumak gizentzeko lan bat, edo liburutegietako apalategietan hautsa hartzeko lan bat».

Arizagak xehatu ditu metodologia, arrazoiak, datuak eta ondorioak. «Zergatik hegazti habiagileak?», galdetu du. Eta berak erantzun: «Hegaztiak mugitu egiten dira tokiz. Oraintxe bertan, alboko padurara irteten bagara, ikusiko ditugu hainbat hegazti, ordu batzuetarako edo egun batzuetarako baino etorri ez direnak, Siberian umatutakoak eta Mauritanian amaituko dutenak. Kontserbazioaren aldetik, eta gizarte gisa daukagun erantzukizunaren ikuspegitik, lehentasuna hegazti ugaltzaileak dira».

Eta galdetu du berriz: «Zergatik?». Eta erantzun du berriz: «Horiek babesten baditugu, horien ondorengoak ari garelako babesten. Horiek izango dituzte ondorengoak, eta horiek bermatuko dute hegazti populazioen bideragarritasuna eta jasangarritasuna. Horregatik, kontserbazioaren eta ikerketaren arloan, beti hegazti habiagile horietan jartzen da arreta. Hori da lehentasuna, eta horregatik da atlas hau hegazti habiagileena».




Esplikatu du zergatik den atlas berri hori «mugarria», zergatik den «aitzindaria», eta zergatik den «lehen atlas modernoa». Orain artekoak gehiago ei zirelako «inbentario» moduko bat: zer espezie eta non zeuden ziotenak, «baina hala moduzko zehaztasunez».

Eta esplikatu du zer metodologia erabili izan den orain arte eta zein erabili duten orain. Izan ere, orain arte egindako lanetan, Espainiako Estatuan egindakoetan-eta, 10x10 kilometroko UTM lauki edo gelaxken arabera zenbatzen eta hartzen zituzten datuak —koordenatu sistema unibertsal bat da UTM—. «EAEra ezin genuen hori ekarri: lurralde txikia da. Euliak kanoikadaka hiltzea litzateke hori. Halako eskala batek ez zigun balio lanerako. Findu beharra geneukan hori, eta atlasaren hasierako apustua izan zen: mapak egitea 5x5 kilometroko lauki edo gelaxken arabera. Lehen aldiz egin da hori. Eta inoiz ez dugu eduki halako xehetasunik gurean dauzkagun espezieen gainean». Horregatik esan du Arizagak: «Historiak esango du historia egin ote dugun, baina egia da atlas hau mugarri bat dela euskal ornitologiaren historian. Jauzi kualitatibo handi bat».

Izan ere, ez da izan bakarrik zer espezie eta non dauden esatea: eredu estatistiko oso konplexuak egin dituzte, eta horiei esker jakin dute, adibidez, espezie bakoitzak nola aukeratzen duen habitat bakoitza, eta zer joera dituzten horretarako. Eta joera horiei buruz ere egin dituzte mapak, asko findutakoak: 250x250 metrokoak.

Ondorio nagusiak

Populazio estimazioak ere egin dituzte, «lehen aldiz euskal ornitologiaren historian». Eta zehaztu dute zenbat indibiduo dauden espezie jakin batzuetan. «Ezin izan da denekin egin, ezinezkoa baita, batzuei buruz ez dakigulako oraindik ezer. Baina badakigu non dauden eta zenbait diren, eta horrek ondorioak ditu haien kudeaketan».

Besteak beste, Aranzadiren ikerketak ondorioztatu du euskal autonomia erkidegoan 180 hegazti espezie ugaltzen direla; horien artean, 175 espezie autoktono eta bost exotiko —liburuaren amaieran datoz hegazti exotiko horiek: beltxarga beltza, beltxarga arrunta, paita gorrizta, faisai arrunta eta leiotrix mokogorria—.

Espezie ugarienen artean —alegia, erregistratutako gelaxka guztietan daudenak eta populazio handia dutenak—, hauek agertzen dira: txolarre arrunta (390.000 banako), txantxangorria (330.000), txepetxa (290.000), zozo arrunta (280.000), txinbo kaskabeltza (280.000), txonta arrunta (270.000), kaskabeltz handia (210.000) eta erregetxo bekainzuria (160.000).

Antzandobi arrunta azalean

Eta diagnostiko bat ere eman du Aranzadiren liburuak: «Kontserbazio egoera onenean dauden espezieak basokoak direla: adibidez, okil beltza. Nekazaritza inguruneei lotutakoak, berriz, egoera okerragoan daude. Landa zabalei, lehorreko laborantza eremuei eta halakoei lotutako espezieen %30ek nabarmen murriztu dute banaketa eremua mendearen hasieratik. Hala gertatu da antzandobi arruntarekin».

Eta horregatik aukeratu dute hegazti hori atlasaren azalerako, Aranzadiko ornitologo Olatz Aizpuruak azaldu duenez: «Azalean datorren hegaztia antzandobi arrunta da, landa zabaleko hegazti bat. Hain zuzen, ikerlanaren ondorioetako bat da landa zabaleko hegaztiak direla gehien sufritzen ari direnak, eta zenbakietan beheranzko joera dutenak. Horregatik jarri dugu hor begirada». Eta azaldu du, halaber, begirada jarri eta ilustrazio «bikain horiek» egin dituena Alex Mascarell kataluniarra izan dela, «atlaserako esklusiban».

Eginda dago lana, eta lan eskerga da. Juan Arizagak galdera egin dio bere buruari: «Norentzat dira datu horiek eta ondorio horiek baliagarriak?». Eta erantzuna emanez amaitu du: «Zientzialarientzat, ornitologo afizionatuentzat eta erakundeentzat: egin diren politiken eraginkortasuna neurtzeko, kontserbazioan lehentasunak ezartzeko, eta erabakiak datu sendoekin hartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.