Irakurketa errazeko kluben dinamizatzailea

Natalia Jimenez: «Guztiok daukagu irakurtzen duguna ulertzeko eskubidea»

Irakurtzeko zailtasunak dituztenek literaturaz gozatzeko aukera izan dezaten lan egiten du Jimenezek irakurle klubetan.

Natalia Jimenez, Irakurketa Erraza irakurketa klubeko dinamizatzailea. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Natalia Jimenez, Irakurketa Erraza irakurketa klubeko dinamizatzailea. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko apirilaren 9a
05:00
Entzun

Duela bost urte hasi zen Irakurketa Erraza elkarteko kide gisa Natalia Jimenez (Gasteiz, 1973). Jatorrizko irakurketa erraza Suedian sortu zen, XX. mendearen erdialdean, eta 2002an heldu zen Herrialde Katalanetara. Euskal Herrian, berriz, beranduago hedatu zen, 2013an, Blanca Mataren eskutik. Bereziki irakurtzeko zailtasunak dituztenentzat pentsatua dago irakurketa erraza, bai zailtasun iragankorrak direnean —immigrazioa, irakurketa berantiarra, eskolatzerik eza— bai zailtasun iraunkorrak direnean —ikaskuntzaren nahasmenduak, dibertsitate funtzionala, zahardadea—, baina pertsona guztien irisgarritasun kognitiboa lantzeko balio du, Jimenezek dioenez, «irakurtzeko zailtasunak izan edo ez». 

Nola izan zenuen proiektu honen berri?

Apdema adimen ezintasuna dutenen aldeko Arabako elkartean praktikak egiten ari nintzela, Blanca Mata ezagutu nuen, eta harekin batera haren proiektua: Irakurketa Erraza.

Orain bost urte daramazu proiektuan lanean, tartean irakurketa klubetako dinamizatzaile gisa. Zer berezitasun ditu Irakurketa Erraza klubak beste kluben aldean?

Guk beti diogu irakurtzea aitzakia bat dela. Jendea ezagutzeko aitzakia, partekatzeko eta harremanak sortzeko aitzakia. Beste klubetan hilean behin elkartzen dira, baina guk astero egiten dugu, eta unean bertan irakurtzen ditugu liburuak, ozenki. Esango nuke hori dela politena.

Zergatik?

Kolektibo jakinetako elkarteetatik kanpo ditugun irakurketa klubetan askotariko jendea biltzen da: irakurtzeko zailtasunak dituztenak eta ez dituztenak. Azken horiek, normalean, klubera iritsi baino lehen, ez dute inoiz adimen urriko pertsonekin harremanik izan, eta, klubari esker, adimen urrikoak benetan nolakoak diren jakiteko aukera dute. Badakizu, jendeak aurreiritzi asko ditu, eta gure klubetan aurreiritzi horiek hausten direla uste dut. Giro ederra sortzen da.

Guztiek irakurtzen dute?

Bai, eta inork ez du bere txanda galdu nahi, ez pentsa! Lehenengo egunetan, noski, ez da horrela. Jende gehiena lotsatuta dago, eta, batez ere, oso gaizki edo motel irakurtzen dutenei asko kostatzen zaie irekitzea.

Baina lortzen dutenean…

Lortzen dutenean zoragarria da. Zoragarria da erabat lotsatuta irakurtzen hasi zirenak gogotsu eta lotsarik gabe irakurtzen ikustea. Batzuk negarrez hasten dira orrialde bat irakurtzean.

Zer liburu irakurtzen dituzue?

Bereziki, klasikoen egokitzapenak. Ez dute egile eskubiderik, eta, gainera, jende nahiko nagusiarekin lan egiten dugunez, horiek dira gehien interesatzen zaizkienak.

Ez dago gazterik irakurle klubean? 

Esango nuke gazteenak 30 urte ingurukoak direla. Eskoletan sartzen ez bazara, ezinezkoa da nerabeekin lan egitea. Horrelako irakurketa klubak ez dira erakargarriak haientzat.

Zer berezitasun dituzte egokitzapen horiek?

Testuarekin bat datozen irudi osagarriak dituzte, testuak banderan idatzita daude, unitate sintaktikoak errespetatzen dituzten lerroak dira, eta marjina zabalak eta lerroarteko handia dituzte. Horrek irakurketa errazten du, eta literaturaz gozatzeko aukera ematen digu.

(ID_13740463) (Endika Portillo/@FOKU) 2024-03-27, Gasteiz. Natalia Jimenez, Irakurketa Erraza irakurketa klubeko dinamizatzailea
Núria Martí idazlearen 'Su tranpa' liburuaren euskarazko itzulpena. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Badira Irakurketa Errazean idatzitako liburuak, edo guztiak dira egokitzapenak?

Bai, badaude, eta geroz eta gehiago. Egia da Euskal Herrian ez dela inbertsio handirik egin, editorialei ez baitzaie interesatzen... merkatua horrelakoa da. Baina Katalunian adibidez nabarmen hedatu dira, eta Gipuzkoako Irakurketa Errazeko lagunek itzultzen dituzte euskarara horietako batzuk. 

Zer eskaintzen diote gizarteari liburu horiek?

Duintasuna. Adineko jendeak irakurtzeko eskubidea izan zezan sortu zen Irakurketa Erraza, ordura arte zegoen materiala oso eskasa baitzen. Irakurtzeko zailtasunak zituztenei beti esan zaie umeentzako liburuak irakurtzeko, baina hori eginez pikutara bidaltzen ari zara haien duintasuna.

Zergatik daramazu bost urte kluben dinamizatzaile lanetan?

Adibide bat jarriko dizut. Lagun baten aitak iktus bat jasan zuen aspaldi. Irakurle sutsua zen gizona, eta irakurtzeko ezintasunak asko gogaitzen zuen. Irakurketa Errazari esker, berriro irakurri ahal izan zuen; berriro ulertu. Eta guztiok daukagu irakurtzen duguna ulertzeko eskubidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.