Joan den asteburuan hasi zituzten jaiak Aizarnazabalen (Gipuzkoa), baina gaur izango dute txupinazoa, San Migel egun bezperan. Aizarnazabalgo txupinazoa, baina, ez da beste edozein herritakoa bezalakoa, txupinazo antzeztua egiten baitute han.
Bertso eskolatik jaio zen txupinazo antzeztua, baina garatzen joan da urteen poderioz. «Pixkanaka-pixkanaka, herriko gazteak sartzen joan ziren, eta elkarlanean antolatzen hasi ziren», azaldu du herriko alkate Mari Carmen Arregik. Aurten, gazteek hartu dute antzezlana antolatzeko ardura bere gain. «Ez dakit bertso eskolakoek zer edo zer egingo duten, ez baitugu ezer jakiten antzezlana ikusten dugun momentura arte». Urtero-urtero, antolatzaileek gai bat aukeratu, hura landu, eta hogei bat minutuko antzerkia prestatzen dute. «Guk oso ondo hartzen dugu beti», azaldu du alkateak, «oso ondo iruditzen zaigu haiek gai bat aukeratu eta euren kabuz lantzea».
Antzerkiaren ondoren, baina, bada txupinazo tradizionalik. Talde ezberdin batek egiten du urtero, eta aurten herriko txistulariak aukeratu dituzte. «Goizero-goizero diana jotzen dute, eta oso garrantzitsuak dira herrian», azaldu du Arregik; horregatik omendu nahi dituzte.
Egun handia, bihar
Txupinazoaz gain, ordea, haurrak izango dira gaurkoan protagonista Aizarnazabalen, haien eguna baita. Egun osoan jolasak izango dituzte, mota askotarikoak: puzgarriak, apar festa, merienda, eta abar. Txupinazoaren ondoren, herri afaria egingo dute, eta, segidan, erromeria izango dute Tximeleta taldeak giroturik.
Egitarau oparoa izango dute herrian aste bukaera osoan. Larunbatean, San Migel egunean, bezperan omendutako txistulariek estreinatuko dute egitaraua, goizeko kalejirarekin. Segidan, meza nagusia izango dute, eta, horren ondoren, herriko trikitilariekin kalejira. Eguerdian, sagardo lehiaketa eta txorizo dastatzea. Jarraian, herritarren arteko bolo txapelketa eta mus eta eskoba txapelketak.
16:30ean haurrentzako egitaraua izango da berriro; izan ere, zezen txikiak eta poneyak egongo dira Aizarnazabalen. 17:30ean antzezlana izango da, Bakean dagoena bakean utzi izenburu duena. 19:00etan, Elektrotxufla elektrotxarangak kalejira egingo du herriko kaleetan zehar, eta gauean bertso jaialdia egingo dute Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi eta Oihana Iguaran bertsolariekin.
Igandea lasaiagoa izango da, baina ekintza ugari izango dira hala ere. Larunbatean egin bezala, txistularien kalejirarekin hasiko dute eguna. Alkateak azpimarratu du pilota finalak egingo dituztela eguerdian.
Arregiren arabera, jaietako egitarau osoa da interesgarria, adin talde guztientzako proposamenak dituelako, batez ere. «Hori da festen helburua, txikienetatik hasi eta zaharrenetaraino, guztientzako ekintzak izatea».
Sanmigelak Aizarnazabalen
Guztientzako dago zerbait
Gaur izango dute txupinazoa Aizarnazabalgo festetan. Egitarau oparoa izango dute egunotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu