Kazetaritza zainetan darama, eta sekula ez dio utziko jardunari. Erretiroa hartu zuen, eta ordutik ez da ageri Rosa Maria Calaf (Bartzelona, 1945) TVEn; urruneko edozein herrialdetik kronika egiten azaldu da hamaika aldiz pantaila txikian, gogoeta pertsonalekin gehienetan. 93 herrialdetan aritu da berriemaile 26 urtean. 2009az geroztik jubilatua da. «Baina ez naiz geratu, batetik bestera nabil beti», dio. Japoniari buruz aritu da Tolosako Amalur jardunaldietan; «biziki» maite du eguzki sortu berriko herrialdea. Japoniarren izaeran «tradiziorik estuena eta modernitaterik handiena» nahasten direla dio. Tsunami hitza ere saihestezina izan da; «aurrera aterako dira, ez dut zalantzarik».
Japonia nortasunaren bila dabilela diozu, eta hori hondamendiarekin zerikusirik ez duen baieztapen gisa. Zer esan nahi duzu?
Kanpotik ikus daitekeen ezaugarri bat dago baieztapenaren oinarrian: tradizioa eta modernitatea elkarrekin bizi dira Japonian. Ortodoxo zorrotzak izan daitezke, baina baita bitxienak ere. Sarritan bi joera horiek ez dute harreman ona. Kontua da Japonia bere kabuz aritzen den herrialde moderno gisa begitantzen duela jendeak oro har mendebaldean, teknologikoki herrialde aurreratuen paradigmatzat jotzen da. Gertatu den hondamendiak zerbait alda dezake hori, baina ez gehiegi.
1998tik 2008ra egonaldiak egin dituzu han; batzuk, luzeak. Zer moduz bizi da Japonian?
Oso ongi bizi da; nik ezin dut besterik esan. Japoniak ez du inor epel uzten: batzuek gorrotatu egiten dute; besteek, maitatu. Gizarteko elkarbizitza primerakoa da, oreka handiarekin eta besteekiko errespetu nabarmenarekin. Tsunamiak eragindako ezbeharrean, japoniarren jarrera argi ikusi da. Mendebaldeko hiritar batek akaso ez du berehala ulertuko jarrera hori. Guztien onura bilatzen du gizabanakoak Japonian, norberarena bigarren mailan utzita.
Nondik dator horrenbesteko aldea mendebaldeko gizarteekiko?
Kulturaren oinarrietan dago gakoa. Europan indibidualismoaren aldeko joera nagusian hezi gaituzte. Japonian oso bestelakoa da heziketa; beste kultura batean hazten dira haurrak, beste balio batzuekin.
Ez da dena bakea izango, ordea?
Tentsio batzuk badaude gizartean, noski. Modu jakin batez janzten diren gazte taldeak gero eta gehiago dira; beste jarrera baten bila dabiltza horiek. Mendebaldeko modernitatearen eragina da. Helduek eskaintzen dituzten betiko moduek alternatiba izan dezaketela adierazi nahi dute, eta jarrera horiek ez dituzte denek ongi hartzen. Tentsioak sortzen dira alde horretatik, eta nahasmena ere bai.
Edonola eredeigarria da lanarekin duten ardura izugarria, enpresarekiko fideltasun amaiezina. Nola azaltzen da hori?
Guk gure pentsamoldeekin nekez uler dezakegu. Askoz ere ludikoagoak gara. Haiek apenas jorratzen duten alor ludikoa; denbora gehiena lanari ematen diote. Gehiengoaren onura kontuan hartzen bada, haien gizartea justuagoa da gurea baino. Nik horrela ikusten dut, behintzat. Dena den, ulertzen dut gutako edozeinek arazoak edukitzea Japonian gizarteratzeko. Han ongi bizi zaitezke, etxe onarekin eta osasun zerbitzu on batekin, adibidez, eta lagun hurkoaren errespetua ere ez zaizu faltako. Hori bai, alor ludikoan ez duzu ezer askorik aurkituko.
Nola azal daiteke herrialde bat erabat modernoa izatea azpiegiturak eta beste alor batzuk kontuan hartuta, eta hain berezia, globalizaziotik babestua aldi berean?
Gizartea oso babesturik eduki dute gidariek. Euren ohiturak, kultura oro har, izugarri babestu dituzte. Orain gutxi arte, herrialde itxi bat zen; immigrazioa ere debekaturik zuten ia. Orain zerbait aldatu da hori, baina ez asko. Gainera, ezin da ahaztu Japonia uharte bat dela, eta horrek laguntzen du maila batean bakartua egotera. Orain teknologia berriekin aldatzen hasi da, baina gutxika ari da aldatzen, zibilizazio talkarik gabe, hainbat herrialde txirotan gertatu diren talkak saihestuta.
Aldaketa lasai horren adibide bat jarriko zenuke?
Gastronomia izan daiteke horren erakusle. Tokion leku ugari aurkituko dituzu hanburgesa bat jateko, baina japoniarrek euren etxeetan euren janariak prestatzen dituzte bakarrik, mendeetan egin duten moduan. Eta, Tokiotik kanpo, edozein herritara joaten bazara, seguruenik ez duzu aukerarik ere izango hanburgesak jateko. Zertarako utzi osasuntsua eta ona den gastronomia, eskasa eta kaltegarria den gastronomia hartzeko?
Fukushimako hondamendiak aro berri bat zabalduko al du Japonian? Burua altxatuko al dute japoniarrek noizbait?
Zaila da zer gertatuko den jakitea, baina, II. Mundu Gerraren ondotik erakutsi zutena kontuan hartuta, era batera edo bestera aurrera aterako dira, ez dut zalantzarik. Dena den, zauriak handiak dira, eta aldaketak etorriko dira, seguru. Kalean, jendea hasia da zalantzan jartzen euren gobernua esaten ari dena, eta hori izugarria da japoniarren gizartean. Japoniarrek uste zuten denak zirela zintzoak eta arduratsuak, baita energia nuklearreko enpresaburuak ere, eta orain mesfidantza sortu da. Hori kolpe handia da haientzat. Guretzat normala dena japoniarrentzat ezuste izugarri gogorra izan da, eta krisi batean sartuko direla argi dago. Orain edozeinek esaten dio kalean kamera bati «ez dut sinesten gobernua esaten ari dena». Hori pentsaezina zen hondamendiaren aurretik. Azkenean, baina, aurkituko dute euren bidea.
Rosa Maria Calaf. Kazetaria
«Guztien onura bilatzen du gizabanakoak Japonian»
Kontraste izugarriak dituen herrialde gisa azaldu du Japonia Rosa Maria Calaf kazetari kataluniarrak, Tolosako Amalur ekimenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu