Konturatu gara inoiz itsuek eguneroko bizitzan dituzten zailtasunez? Gehienontzat txikikeriak baino ez direnak, kezka handia izan daitezke ikusmenik ez dutenentzat. Pertsona itsuei erraztasunak emateko eta euren kabuz balia daitezen errazteko asmoz, braille idazkeran etiketatu ditu Kaiku esneki markak hainbat produktu. XXI. mendean hori albiste izatea «paradoxikoa» da, Miguel Rey Kaikuko gizarte arduradunaren arabera. Izan ere, «konpromiso soziala» izateaz gain, mota horretako prozesuen geldotasuna agerian geratzen baita, hau da, pertsona itsuek duten eskuragarritasun falta nabarmena dela oraindik. Atzo aurkeztu zuen Kaikuk etiketa brailledunen produktu sorta, ONCEko arduradunekin batera, Bilbon.
Ekinbide hori Kaikuren eta ONCEren arteko sei hilabete baino gehiagoko elkarlanaren emaitza da. Braille alfabetoa jogurtetan nola eta zein tokitan jarri erabakitzeko, ONCE elkartearen aholkularitza eta lankidetza izan dute prozesu osoan. Bere produktuen eskuragarritasuna hobetzeko xedearekin, etiketa braille sisteman jartzea erabaki duen lehenengo esneki marka komertziala da Kaiku. «Hala, itsuek erosketa euren kabuz egiteko aukera izango dute, etiketetan irakurri eta jakin ahalko dute zer jogurt mota daukaten esku artean, zein zaporetakoa den eta gaingabetua ala osoa den», azaldu du Reyk.
Produktu ugari
Jadanik dendetan braille sisteman etiketaturik aurki daitezkeen Kaikuren lehenengo produktuak honako hauek dira: laktosarik gabeko jogurtak, Kaiku Bifi, Kaiku Sojavit, eta kolesterolaren aurkako Kaiku Benecol. Gutxika, produktu probiotikoen plastikozko botilatxoetan ere jartzeko asmoa dute.
ONCE elkarteak 75 urte daramatza itsuei eta ikusmen arazo larriak dituzten pertsonei zerbitzua ematen. Era berean, ONCE Fundazioaren 25. urteurrena da aurten. «Itsuek ere eskubide guztiak dituzte, hori dela eta, enpresek produktuak diseinatzen dituztenean, ikusmen arazoak dituzten pertsonengan ere pentsa dezaten nahi izaten dugu», jakinarazi du Basilio San Gabrielek, ONCEko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkariak. Bakarrik bizi diren pertsona itsuen kasua jarri du adibide modura; izan ere, horientzat arazo handia izaten da produktuak identifikatzea. «Hainbesteko garrantzirik ez duela eman dezakeen arren, horrelako esfortzuak benetan baliagarriak dira itsuentzat», azaldu du.
Asko dira ONCEk bere kideei eskaintzen dizkien zerbitzuak, baina batez ere irakurketa eta idazketa sistema hori ikasteko eta lantzeko dira jarduera gehien sortzen dutenak. Dena dela, teknologia berrietarako sarbideak ere erabiltzen dituzte, informazioa jasotzeko era alternatibo eta osagarri gisa. Braillea, XIX. mendean itsuentzat diseinatutako ukimen bidezko irakurketarako alfabetoa da. Letrak, puntuazio zeinuak, zenbakiak, sinbolo matematikoak edota musika notak ordezkatzen dituen erliebeko puntuen sistema bitarra da. Sei puntu horien bitartez, hainbat konbinazio sor daitezke.
Gutxika, eskuragarriago
ONCErekin elkarlanean, Kaiku esneki markak braille sisteman etiketatu ditu hainbat produktu, erosketa egiteko orduan itsuek informazioa eskura izan dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu