ATZEKOZ AURRERA. Mikel Alonso. Argazkilaria

«Gutxiago pentsatzen da tresna digitalekin»

Hamabost urterekin hasi zen Alonso argazkilaritzan lanean, gurasoen argazki estudioan. Ordutik 50 urte igaro dira, eta han segitzen du, gustura. 'Karakorum' erakusketa ireki berri du, Bilbon.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2015eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Mende erdi darama argazkilaritza munduan murgildurik Mikel Alonsok (Bilbo, 1950). Argazkilari izateaz gain, historia luzea duen Samar argazki dendaren arduraduna ere bada. Familiatik datozkio bai bokazioa eta bai denda. Egunotan egingo den Bilboko Mendi Film Festivalaren harira, Karakorum izeneko argazki erakusketa ireki du Bilboko Rekalde aretoan.

Nondik datorkizu argazkilaritzaren afizioa?

Familiatik. Ama eta aita argazkilariak ziren. Samar argazki estudio eta denda sortu zuten, Bilbon. Garai hartan, ikastea edo lana egitea aukeratu behar zen, eta ni ikasle oso txarra nintzen. Beraz, oso txikitatik hasi nintzen lanean, 15 urterekin. Argazkilaritzaren pauso eta aldaketa guztiak bertatik bertara ezagutu ditut.

Argazkilaritza gastronomikoan aditua zara, eta sukaldari onenekin lan egin duzu. Nolatan?

Jatea oso gustuko dut, noski. Eta sukaldaritza ere bai. 1980ko hamarkadan hasi nintzen argazkilaritza gastronomikoaren kontu honekin, oso ustekabean, Madrilgo lagun batek bultzatuta. Hura oso aditua zen argazkilaritza mota horretan: Club de Gourmet aldizkariko erredakzioburua zen. Garai hartan sukaldariak ez ziren gaur egun diren rock izarrak. Ez ziren jende mediatikoa; ez zegoen sukaldaritza saiorik telebistan, ez aldizkaririk. Gustua hartu nion errezeten argazkiak eta sukaldaritza erreportajeak egiteari. Sukaldaritzaren boom handia hasi zenean, jada ibilbide bat eginda neukan. Hala, bada, hantukeriarik gabe diot, erreferente izan nintzen argazkilaritza mota horretan.

Sariak ere badituzu.

Xabi Gutierrez Arzak jatetxeko laborategiaren zuzendariarekin egindako Asfalto Culinario liburuak Gastronomia Sari Nazionala irabazi zuen. Eta Cocinar lo menos posible argazki liburua bigarren gelditu zen Frantziako Gourmand elkarteak ematen dituen nazioarteko sarietan. Argazkilaritza gastronomikoaren Oscar sariak dira.

Bilbori buruzko hainbat erakusketa egin dituzu.

Bilbo nire hiria da, nire etxea, nire esku ahurra. Oso gustuko dut. Bilbo industriala ondo ezagutu dut: lana, fabrikak, tximiniak... Oso erakargarria egin zait beti hori. 1970eko hamarkada amaieran hasi nintzen Bilboren argazkiak egiten. Paisaia industriala, haren inguruak, jende langilearen harrotasuna, soldatzaileak, fresatzaileak... Indar handia transmititzen dit horrek guztiak; eta gerora, hori guztia nola desmuntatu den eta gaur egun ezagutzen dugun zerbitzuen hiria nola bihurtu den ikusteak.

Munduan zehar ere ibili zara, ezta?

Bidaiatzea oso gustuko dut. Karakorumen, nola ez. AEBetako parke nazionaletan: Yellowstone, Arroila Handia, Colorado ibaia, Mendi Harritsuak. Afrikako desertuetan, Etiopiako Turkana lakuak harritu egin ninduen... Eta baita Anboto mendiak ere, nola ez!

Zer irabazi eta zer galdu da analogikotik digitalerako aldaketan?

Betiko eztabaida da hori. Halere, argazkilaritzan, argazkilariaren begirada da garrantzitsuena, bai lehen eta bai orain. Tresna digitalarekin gutxiago pentsatzen da. Lehen, azken xehetasunak hobeto zaintzen ziren, eta argazkia atera aurretik ondo pentsatzen zen. Orain, digitalean, Photoshopekin konpontzen dira xehetasun horiek. Baina gizartea ere horrelakoa bihurtu da, frenetikoa, eta argazkilaritza ere bai. Hori bai, digitalak argazkien kalitatea asko hobetu du: erresoluzioa eta postprodukzioa.

Zein da irakaspen garrantzitsuena argazkilaritzan?

Ikusten jakitea eta aurrean daukazuna sentikortasunez erabiltzea. Argazkiak emozionatu egin behar zaitu, klik hori sentitu egin behar duzu; komunikatu egin behar duzu aurrean daukazunaren bitartez. Eta gero, noski, ofizioa izatea eta txispa edukitzea beharrezkoa da, argazkia zelan gauzatu jakiteko.

Zer da Karakorum, eta zer da Karakorum erakusketa?

Karakorumeko bailarak planetako leku lazgarrienetakoak dira. Paisaiaren gogortasunak ez zaitu axolagabe uzten. Landu daitekeen lur gutxi dago, eta lur horri etekina ateratzen saiatzen dira, bizirik irauteko. Garapen oso gutxi dago; toki gatazkatsua da, bai politikoki eta bai erlijioari dagokionez. Pakistango leku bakartuena da, botere politikotik urrun. Hori dela eta, abandonaturik bizi dira. Gehienok hango zortzimilakoengatik ezagutzen dugu inguru hori: K2, Gasherbrum... Indar ikaragarria transmititzen du lekuaren handitasunak eta gogortasunak: muturreko baldintzak, tenperatura baxuak, elur-jausiak, harrizko mendiak... Nire erakusketan hango biztanleak erakusten ditut; ez dut mendiko argazkirik egin. Gainera, ezingo nintzateke lehiatu mendiko argazkilarien lanarekin: irudi ikaragarriak lortzen dituzte. Erretratuak egin ditut, jendea kamerari begira dagoela. Ez dira argazki lapurtuak; inoiz ez dut horrelakorik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.