Gustukoa ez da beti osasuntsua

Izozkien kontsumoa handitu egiten da uda eta gabon garaietan. Ematen duten freskura gustagarri zaie askori, baina alternatiba artisauagoak eta naturalagoak hautatzeko gomendatzen hasiak dira dietistak. Elikagai ultraprozesatuak dira gehienak, eta asko kontsumitzea ez da osasungarria.

2019ko abuztuaren 11
00:00
Entzun

Bati baino gehiagori freskatu dio gorputza izozki batek aurtengo beroaldietan. Freskagarri gisara hartzen ditu jendeak, eta, edozein txosna, taberna edo bazterretara begiratuta, nonahi ikusten dira izozkien kartelak.

Marrubizkoa, txokolatezkoa edo limozkoa. Oreozkoa, cookiezkoa eta txiklezkoa. Izozki zapore berriak sortu eta gustu guztietarako aukerak egiten ari dira urteen joanean. «Gustagarri izango zaizkio askori, bai, baina askotan irakurri ere ez dira egiten izozki hauen guztien atzean dauden osagaien zerrendak, eta garrantzitsua da zer jaten ari garen jakitea», esan du Libe Garmendia dietista eta nutrizionistak.

Garmendiak azaldu duenez, geroz eta mota gehiagoko izozkiak ekoizten dituzte, kolore eta zapore ugarietakoak, eta etengabe berritzen ari da izozkien merkatua. Gustura jaten den elikagaia izaten da, baina osasunari ez dio gehienean onik egiten. «Ia guztiek azukre kantitate ikaragarriak izaten dituzte, eta hori ez da ona gure gorputzentzat», esan du.


Euskal Herriko zenbait baserritan izozki artisauak egiten dituzte. Irudian, Lazkaoko Iztueta baserriko izozkigile bat. J. C. Ruiz / Foku

Bi multzotan bereizi ditu berak izozkiak: «Batetik, esnezkoak daude. Oinarria esnea izaten dute berez, baina askotan, esnea baino gehiago, koloratzaile, aroma, azukre, jarabe eta gantz gehiago izaten dituzte, batez ere industrialak direnean. Bestetik, urarekin egindakoak edo sorbeteak daude. Printzipioz, kaloria gutxiago izaten dituzte hauek, baina azukre kopuru oso handia izaten dute». Garmendiak azaldu duenez, «oso gutxitan begiratzen zaio izozkiaren etiketari, eta, batzuetan, erotzekoa izaten da bertan ageri diren osagai eta propietate zenbaiten kopuruak. Batzuek uste dute esnekiak edo frutak kontsumitzen ari direla izozkiak jatean, eta bai, hein batean esnea eta fruta izaten dituzte elikagai prozesatu hauek, baina inportantea da osagai horiek zein kantitatetan dauden jakitea, eta, horiez gain, zein beste osagai nahasten diren ikustea. Ezin dugu esneki bat kontsumitzeko helburuarekin izozki bat jan», adierazi du. Izozkien produkzioan diharduten industria eta enpresa handiek gehigarri, kontserbagarri, gantz eta azukre mota ugari erabiltzen dituzte produkzio aldian, eta elikagai ultra prozesatuak sortzen dituzte. Elikagai horiek ez dira batere osasungarriak izaten eta, beraz, Garmendiaren hitzetan, izozkiak jateko orduan komeni da lehenik eta behin etiketak ondo irakurtzea, osagaien zerrendaz jakitun izateko, eta, ahal bada, izozki artisauetara jotzea. «Noizean behin izozki bat jateak ez dio gure osasunari berebiziko kalterik egiten, baina, baten bat aukeratzekotan, artisauetara jotzea gomendatuko nuke, eta animatuenei esango nieke etxean nork bereak egiteko. Frutazkoak, esnezkoak, txokolatezkoak edo fruitu lehorrekin egindakoak; konbinazio ugari daude, eta aukera oso zabala da. Errezeta ugari eskura daude, bai Interneten eta bai liburuetan, eta «ez dago aitzakiarik».

Geroz eta gehiago zaintzen omen da elikadura, eta geroz eta errezeta gehiago izaten dira eskura, etxean nork bere elikagai propioak eta nork bere gustura ekoizteko. Izozkien kasuan, zenbait ekoiztetxe ere produktuen kalitateari begira jarri dira, eta euren produkzio modua eta produktuak berak aldatzen hasi dira. Izozki artisau eta osasungarriagoen aukera handituz doa, eta zenbait enpresa txiki eta baserri ere hasi dira izozki artisauak ekoizten. «Izozkia, industriala zein artisaua izan, ez da elikagai bereziki ona osasunarentzat, baina geroz eta osagai gutxiago izan, eta modu artisau eta naturalenean ekoitzi, orduan eta hobea izaten da. Bost osagai baino gutxiago izatea komeni da, eta hiru osagai nagusien artean azukrea ez egotea ere garrantzitsua da», azaldu du Garmendiak.

Euskal herrian, Iztueta (Lazkao) eta Mahala (Leaburu) baserrietan hasiak dira izozki artisauak egiten. Bestelako esnekiak ekoizten hasi ziren hasiera batean bi baserrietan, eta, ikaskuntza prozesu batzuen ondoren, izozkiak ekoizten ere dihardute egun. «Lehen mailako elikagaiak erabiltzen ditugu: baserriko esnea izaten da gure osagai nagusia, eta bertan hazten ditugun behietatik jasotzen dugu esne hori. Produkzioaren ziklo guztiaren kontrola guk hartzen dugu: behien zainketatik hasi eta produktua saltzen den arte. Garrantzitsua da hori, ekoizten ditugun produktuen kalitatea bermatzeko», esan du Ainitze Salak, Iztueta baserriko izozkigileak. Izozkiei gehitzen dizkieten fruitu eta zaporeak, ahalik eta modu naturalenean eta puruenean txertatzen saiatzen dira, eta, hala, ez dute ez koloratzailerik ez zaporetzailerik batere erabiltzen. Edurne Ibarbia Mahala baserriko langileak ere garrantzi izugarria eman dio produktuen ekoizpenean kontrol guztia eurek edukitzeari. «Horrela kontrol guztia guregan izan, eta produktuak ahalik eta modu naturalenean eta ahal den gutxien manipulatuta ekoizten dugula ziurtatzen dugu; produktu artisaua lortu nahi dugu». Bi baserrietako izozkigileek azaldu dutenez, jendeak asko eskertzen du jaten ari diren hori kalitatezkoa dela jakitea, eta uste dute geroz eta handiagoa dela gizartean elikagai osasungarrien eta bertan ekoitziak izan direnen aldeko hautua ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.