Zelaiaren erdigunean jokoa antolatzen ahalegintzen da asteburuetan, eta gaur jolasera ekarri dugu gure erdigunea izango den zarauztar gaztea. Realeko bigarren kapitaina da gaur egun.
Zenbat urterekin eta nola eman zenuen Zubietara pausoa?
Hogei urterekin, hau da, orain dela zazpi urte. Zortzi urte neramatzan Zarautzen jokatzen, eta Realaren deia jaso nuen. Hasieran ez genuen sinistu ere egiten Realak nesken taldea aterako zuenik.
Bigarren abizena Campos duzu. Horregatik moldatzen ote zara hain ondo zelaian?
Kar, kar, kar.Auskalo! Egia esan, amak eman dit kirolerako trebetasuna.
Nor duzu zure zaleago, aita edo ama?
Dudarik gabe, ama. Aita ere bai, baina amak beste era batera bizitzen ditu partidak. Aitak askoz ere kritika gehiago egiten dizkit...
Futbolean erasokorra eta izaera gogorrekoa zarela diote. Aurpegia bezain zorrotza omen duzu mihia.
Tira, nik uste aurpegia mihia baino zorrotzagoa dudala… Hori diote behintzat. Hala ere, ez da hainbesterako. Eta zelaiko gogortasun hori nire amak eman didala iruditzen zait.
Epailearengana askotan joaten zara hizketarako gogoz.
Hitz egitea gogoko dut eta... kar, kar, kar. Partida bakoitzaren hasieran neure buruari hitz ematen diot isilik egongo naizela, baina ezin dut. Hasieran isilik egoten naiz, baina partida aurrera joan ahala, eta epaileen erabakiak ikusita, lehertu beharrean egoten naiz. Hala ere, duela urte batzuk baino lasaiagoa naizela esango nuke.
Zelai erdian taldekideak animatzen edo erabakiren bategatik kexaka ari zarenean bi besoak gora jasotzen dituzu. Bilboko Marijaiarekin gogoratzen gara horrelakoetan.
Ezin hobeak dira-eta Bilboko jaiak! Nire beste akatsetako bat hori da: ezin dut besoak mugitu gabe hitz egin, eta horrek txartel hori ugari ekarri dizkit.
Aukerarik bazenu, beste talderen batera joango al zinateke?
Ez dut uste. Nagoen tokian baino hobeto ez dut uste inon egongo naizenik.
Zer ematen du goi mailako talde batek? Eta zer kendu?
Gauza asko ematen ditu. Gustatzen zaiguna egiten dugu, eta dagoen mailarik gorenean, gainera, eta hori asko da. Bestalde, denbora asko kentzen edo eskatzen du. Ia egunero entrenatzen gara, eta hamabostean behin kanpora joaten gara. Baina gustuko tokian aldaparik ez.
Belauneko lesio larri batek zelaitik kanpo utzi zintuen denboraldi luze batean. Erabat osatuta al zaude?
Lesio bakarra izan balitz, gaitzerdi! Kar, kar, kar. Belauneko lau lesio izan ditut, baina ondo osatu naiz, ahaztuta dauzkat. Orain gerra ematea tokatzen zait.
Noiz arte jarraitzeko asmoa duzu?
Galdera zaila da erantzuteko. Auskalo, gorputzak uzten didan arte!
Euskal selekzioak ofizialtasuna desio du, eta zuek?
Dudarik gabe. Nik uste euskal kirolarien desioa dela. Sekulako pena daukat Bilbora joateko aukerarik izan ez nuelako. Gripeak harrapatu ninduen, eta etxeko sofatik ikusi behar izan nuen.
«Real Sociedad». Gizarte erreala al da hau? Merezi duzuen protagonismoa ematen al zaizue komunikabideetan?
Alde horretatik, ezin kexatuko gara. Ez digute guk nahi adina ematen, baina azken urte honetan komunikabideek arreta handiagoa eskaini digute, eta horrek indarra ematen digu. Gure aukeretan gehiago sinisten laguntzen du, garrantzitsuak garela sentiaraziz.
Gabon gauean, Euskal kantuen gaua saioan, Txanpon baten truke kantua abestu zenuten. Aldarrikapen bat al zen?
Ez, ez! Alde horretatik, gauzak ondo daude; zertxobait gehiago izango balitz, hobeto, baina pixkanaka gauza asko lortu ditugu.
Merezi al du hainbeste ahalegin, ordu eta sakrifizio ogibide ez duzun kirol bati eskaintzea?
Bai, noski. Hor gaudenak horren adibide gara. Egiten dugunak asebetetzen gaituelako gaude. Aste osoa igandea noiz iritsiko zain igarotzen dut.
Zortzi orduko lan eskaintza bat izango bazenu, eta futbolarekin uztartzerik ez bazenu, zeren alde egingo zenuke apustu?
Une hauetan, nik uste dut futbolaren alde eginko nukeela. Baina nahiago dut horretan ez pentsatu. Oraingoz, lana futbolarekin uztartzeko moduan naiz, eta gustura.
Nor da zure jokalaririk gustukoena emakumeetan? Eta gizonezkoetan?
Maialen Zelaia taldekidea. Ikusi egin behar duzue, benetan. Eta gizonezkoetan bakarra esatea gaur egun zailagoa da, beraz, hiru esango ditut: Xavi, Iniesta eta Messi.
La Gula del Norte duzue babesle berria. Gabonetan angularik jan al duzu?
Beste ezer ez dakit jan dudan, baina gulak bai behintzat! Kar, kar, kar. Asko poztu gintuen gularena jakin genuenean, beraz, gure eskerrik beroenak.
Zure zaleei ezer esan nahi diezu?
Etor daitezela Zubietara gu animatzera, ez direla damutuko. Eta beti joaten direnei eskerrak hor egoteagatik. Asko animatzen gaituzte, eta kanpora joaten garenean beraien oihuen falta sumatzen dugu. Beraz, bihotzez, eskerrik asko.
Maite Lizaso Campos
«Gustuko tokian aldaparik ez»
Hogeita zazpi urte ditu Maite Lizasok, Realeko futbol jokalariak. Bartzelonazale amorratua izan arren, txuriz eta urdinez janzten da igandetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu