Ez da etxean geratzekoa Joseba Beloki (Lazkao, Gipuzkoa, 1973). Txirrindularitzako ibilbide profesionaleko erretiroa hark nahi ez bezala hartu eta gero, hamaika saltsatan sartuta dabil lazkaotarra, besteak beste, ETB1eko Gure Kasa saiokokolaboratzaile lanetan dabil. Horrez gain, kantatzen ere ausartu da Mikel Urdangarinekin batera.
Mikel Urdangarinekin batera Bazkalosteko kafea abestu zenuen Euskararen Nazioarteko Egunean. Zer sentitu zenuen?
Egin genuena polita geratu zen, eta asko gustatu zitzaidan. Ausardia izan nuen, eta momentu hori beti gogoan eramango dut. Mikel Urdangarin nire diskografiarik kuttunean beti egon da.
Musikarekin zerikusia duen beste erronkarik baduzu buruan?
Oraingoz, ez. Horrelako gauzak lagunartean gertatzen dira.
ETB1eko Gure Kasa saioko gonbidatua izaten hasi, eta saioko atal bateko kolaboratzaile bihurtu zara. Nola daramazu?
Niretzat, esperientzia berri bat da, eta asko ikasten ari naiz. Bestalde, jendeak ikusi egiten du saioa, eta horrek niri balio handia ematen dit. Arlo guztietako pertsonekin solastatu gara: Jose Angel Iribar, Mari Karmen Garmendia, Txaro Arteaga... eta denek beso zabalik hartu gaituzte beti.
Gure Kasa saioak hirugarren denboraldia du. Zer moduz ikusten duzu?
Etxean, lehen denboralditik ikusten dugu. Asko gustatzen zaigu, eta zaletasun hori lan kontu bat bihurtu zait. Telleria anaien eskutik, saioa bera dinamikoa da, eta Aitziber Garmendiak egiten duen lan hori zoragarria da niretzat.
Radio Euskadin ere txirrindularitzako lasterketetan aditu moduan aritzen zara. Zein rol duzu?
Nahiko kritiko jokatzen dut. Baten batek gauza bat gaizki egiten badu, zuzendu egingo diot, haren laguna izan arren. Nire rola egiteko horretan egongo litzatekeela uste dut. Nire bizitzan hartutako proiekturik politena izan da. Irratia ikaragarri gustatzen zait.
Helduek, gazteek baino gehiago, txirrindulari ohi bezala ezagutzen zaituzte. Zure urterik onenak zein izan ziren?
Once-Eroski taldean eman nituen hiru urteak goraipatuko nituzke.Erronka handi gisa hartu nuen, eta emaitza oso onak lortu nituen. Halere, profesionaletako lehen bi urteak gogoratuko nituzke, Euskaltel Euskadik debutatzeko aukera eman baitzidan.
2003an erori egin zinen, eta horrek Frantziako Tourra irabazteko ametsa zapuztu zizun.
Tourra irabazteko aukerarik gehien nuen urtea izan zen niretzat. Indartsu nengoen, baina La Rochette mendateko jaitsieran gertatu zitzaidanak Tourra irabazteko aukera guztiak zapuztu zizkidan. Erori eta gero, ospitalera iritsi arte ez nintzen kapaza izan gertatu zitzaidana baloratzeko.
Ondorengo egunetan zer pasatu zitzaizun burutik?
Kontziente nintzen punta-puntan aritzeko aukera amaituta zegoela. Hausnarketa sakon bat egin nuen,eta banekien horrela ezin nuela segi. Bestalde, inolako zerikusirik izan gabe, Puerto operazioa aferaren kontuarekin izan nuen amets gaiztoaren eraginez, ez nuen talderik aurkitu, eta erretiroa hartzea erabaki nuen.
Handik aurrera, zer bide hartu zenuen?
Txirrindularitzarekin harreman zuzena zuten gauza asko nituen buruan. Eskola bat sortu nahi nuen, eta zuzendari titulua ere atera nahi nuen. Irratiaren eskaintza etorri zitzaidanean, niretzat sekulako hauspoa izan zen.
Erretiroa nahi baino goizago hartu zenuenez, nola betetzen duzu eguna?
Ikolan Lanaldi enpresan nabil lanean, Skoda auto etxean ere banabil, baita txirrindularitzarekin lotura duen Kataluniako enpresa batean ere. Gainera, txirrindularitzaren inguruko Ciclismo a fondo aldizkarian kolaborazioak egiten ditut.
Eta bizikletan ibiltzeko astia baduzu?
Bai, noski. Seme gazteenarekin ibiltzen naiz. Bestalde, bidaia agentziatxiki bat dudanez, bazkideekin irtenaldiak egiten ditugu; Flandriako klasikoetara, Pirinioetara, Alpeetara, Dolomitetara... azken batean, txirrindularitza nire bizitza da. Gustuko dudana lan bihurtu dut.
Euskadi Murias desagertu eta gero, nolako etorkizuna ikusten diozu euskal txirrindularitzari?
Txirrindularitza, gizartea bezala, globalizatu egin da. Ikusteko dago Euskadi fundazioak zer-nolako pausoa ematen duen, eta ea Espainiako Vueltarako gonbidapena lortzen duen. Gaur egun, instituzioekin harremana duten talde asko daude, eta talde horiei etapa luze bat egiteko oztopoak jartzen dizkiete. Babesle fisikoak behar dira. Beraz, Euskadi fundazioaren kasuan, bigarren mailan egon behar badu, nire ustez, ez dago gaizki.
ATZEKOZ AURRERA. Joseba Beloki. Txirrindulari ohia
«Gustuko dudana ogibide bihurtu dut»
Txirrindularia izan zelako da ezagun Beloki. Erretiroa hartu ostean, bizikletaren inguruko zereginetan ibiltzeaz gain, komunikazio arloko zenbait saiotan buru-belarri dabil lanean, telebistan zein irratian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu