Kazetaria eta idazlea

Nerea Intxausti Castiñeira: «Gustatzen zait pentsatzea batelerek hegemoniaren kontra egin zutela»

Batelerei buruz ikertu ondoren, duela ehun urteko errealitatetik gertu dagoen fikziozko istorio bat ondu du Intxaustik. Aldarrikatu du emakumeak lehen lerroan izan zirela sektore estrategiko batean.

Nerea Intxausti Castiñeira kazetari eta idazlea, Pasai Donibanen, larunbatean. GORKA RUBIO / FOKU
Nerea Intxausti Castiñeira kazetari eta idazlea, Pasai Donibanen, larunbatean. GORKA RUBIO / FOKU
ane insausti barandiaran
2024ko apirilaren 23a
05:00
Entzun

Izena presente izan arren, bateleren lanbidea ez zuen benetan ezagutzen Nerea Intxausti Castiñeira BERRIAko kazetari eta idazleak (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 2000). Tere Batelera izeneko haurrentzako ipuina ondu du, Ainhoa Aizpuruaren ilustrazio koloretsuekin, desagertutako lanbide hori ezagutarazteko, eta emakume haiei aitortza egiteko.

Badaude arrantzaleak, kontserbetako eta ontziolako langileak... baina Terek batelera izan nahi du.

Terek batelera izan nahi du Pasaiakoa delako, eta ikusten duelako oso lanbide garrantzitsua dela, bertako emakumeek benetan boterea daukatela... eta berak bide horretatik jarraitu nahi du. Badago Aulnoyko kondesak idatzitako aipu bat, esaten zuena errepublika independente baten parte zirela Pasaiako batelerak, eta niri gustatzen zait pentsatzea hegemoniaren kontra egin zutela, aitzindari izan zirela.

Zergatik haiei buruzko ipuin bat?

Ni bertakoa naiz, eta txiki-txikitatik jantzi izan naiz batelera, egon naiz urtero uztailaren 31n ospatzen den jaian... Herrian jende guztiak daki nor ziren, izena oso ondo sozializatu baita: Batelerak da herriko traineruaren izena, uztailaren 31n Bateleren Eguna ospatzen dugu... baina gero, nik ere ez nekien zer lan egiten zuten.

Zer egiten zuten zehazki?

Euskal Herrian zein Espainian portu garrantzitsuenetako batean lanbide estrategiko bat izan zuten emakumeak ziren batelerak. Badiaren alde batetik bestera joaten ziren, eta edozein gauza garraiatzen zuten: armak, harea, teilak, pertsonak, egurra... Haiek ziren nolabait badia lotzen zutenak. Indar handia eskatzen zuen beste lan bat ere egiten zuten: atoi lana. Hartu ontzi bat eta tira, portuan bideratu.

Lehen lerroan zeuden, hortaz?

Joera da pentsatzea gizonak Ternuara joaten zirenean umezurtz geratzen zirela portuak, eta emakumeek halabeharrez lan egiten zutela. Baina hori ez da egia, emakumeek egunero egiten baitzuten lan, gizonak egon edo ez. Lau hilabetez bizirik irauten bazuten, irauten zuten saregileak zirelako, tretza betetzaileak, batelerak, edo kontserbetan lan egiten zutelako...

Aitortza egitea da asmoa?

Desagertu zen lanbidea, eta ordezkatu dute, orain lan hori egiteak ez bailuke zentzurik, baina lanbide estrategiko bat izan zen. Eta gizonek egin izan balute, batelerak argazki galeria guztietan egongo ziratekeen. Zera nahi dugu, herriak jakin dezan zer egin zuten, eta horretarako sortu dugu ipuina.

Benetan gertatutakoak dira kontatzen direnak?

Ez, benetako datuetan oinarrituta dago, ikerketa bat dagoelako atzean, baina istorioa fikziozkoa da. Gauza gehienak gerta zitezkeen, baina ez dakigu ziur gertatu ziren edo ez.

Adibidez?

Ipuinean aipatzen diren xehetasun asko ikerketatik datoz: margolanetan ikusi dugu zutik egiten zutela arraun, euskaraz eta kantuan aritzen zirela... eta aipatzen diren izen guztiak dira noizbait batelera izandako emakumeen izenak. Victor Hugo ere istorioaren parte da, Pasai Donibanen idatzi baitzuen Les misérables.

Ilustrazioetako koloreak ez dira errealak, baina igartzen da Pasaiako kaleak direla.

Ainhoak [Aizpurua, ilustratzailea] eta biok adostu genuen kolore pila bat eduki behar zituela, nahiz eta garai hartan kolore horiek ez ziren existituko agian. Hura gabe, hau asmatutako istorio bat besterik ez litzateke, hark bilakatu baitu ipuin. 

Aurten Bateleren Festara denak ondo informatuta joango dira?

Liburuan asmatzen dugu istorioan kontatzen denagatik sortu dela festa, baina hori ere fikzioa da. Festa horretan estropadak egiten dira, herri bazkaria... ipuinean bezala. Maiatzaren 9tik 12ra Pasaia Itsas Festibala da, eta bertan aprobetxatu nahi dugu ipuina ezagutarazteko eta batelerei balioa emateko.

LOTSABAKO

Ipuineko zure ilustrazio kuttuna?
Herritarrak bileran daudena.

Ikertzean atentzioa eman dizun bitxikeria bat?
Portua bizirik zegoela lehen.

NEREA INTXAUSTI
NEREA INTXAUSTI

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.