Euskal Herriko bikote valentziarra

Rakel Andres Dura eta Santi Gasso Buqueras: «Gustatzen zaigu esatea gure paellak politikoak direla»

Zaldibian baserria erosita, bertako uzta saltzen aritzen da bikotea; horrez gain, enkarguz, Euskal Herriko produktuekin Valentziako paella kozinatu, eta hori ere saltzen dute.

Raquel Andres eta Santi Gasso valentziarrak Zaldibiako baserrian. GOTZON ARANBURU / FOKU
Raquel Andres eta Santi Gasso valentziarrak Zaldibiako baserrian. GOTZON ARANBURU / FOKU
Iratxe Muxika
Zaldibia
2024ko abenduaren 11
05:00
Entzun

570 kilometro daude Valentziaren (Herrialde Katalanak) eta Zaldibiaren (Gipuzkoa) artean; motxila bete gogo baldin bada, oinez egin daitezke. Behin Zaldibian baserria erosi eta jaioterrira azken bidaia egin ondotik, halaxe egin zuten helmuga berrira bidea Santi Gasso Buquerasek (Valentzia, 1982) eta Rakel Andres Durak (Alacant, Valentzia, 1988); guztira, 36 egunez. Azken egunean, elurrez agurtu zituen herriak; gaur, ordea, su baxuaren ondoan dira sagarrak zuritzen.

Egin daiteke Valentziako paella bat Euskal Herriko produktuekin?

RAKEL ANDRES: Bai. Egin daiteke, eta oso ona aterako da, baina elementu bat faltako du: garrofó-a [Valentziako babarrun mota bat]. Dena den, aurkitu dugu haren ordezkaria; babarrun mota berezi bat, handixeagoa ohikoa baino. Zaldibiako herritar bat saiatu zen hemen ereiten, eta nahiko ondo ateratzen da. Gainerakoan, ez du ezer berezirik, eta Euskal Herriko produktuekin bikain ateratzen da.

Valentziatik ihes egin nahi, eta dardoak Zaldibia jo. 

SANTI GASSO: Hiru urtez aritu ginen etxeak begiratzen; hasieran Katalunian, hizkuntzagatik-eta, baina ez genuen gure gustukorik topatu. 

ANDRES: Guk bizitza aldaketa bat nahi genuen, berdin zitzaigun nora joan; helburu zehatzik eduki gabe hasi ginen bila. Zaldibiako aukera atera zen, eta esan genuen: «Zergatik ez?». Kasualitatea izan zen, egia esan.

Baserri inguruan haziak zarete?

ANDRES: Ez, gu hiritarrak gara sortzez. 

GASSO: Nik gure herrian baratze handi bat nuen, eta lagunekin aritzen nintzen bertan, baratzeko lanak egiten.

ANDRES: Nik denboraldi bat Eskozian eman nuen, hango baserri batean boluntario lanean. Oiloak, baratzea... Valentziara bueltatu nintzenean, pentsatu nuen nik ere egin nahi nuela halako zerbait. 

Erabakia zenbateraino izan da politikoa?

ANDRES: Gure bizitza bera hautu politiko bat da, eta gustatzen zaigu esatea gure paellak politikoak direla: bertako produktuak dira. Erabil genitzake Valentziako arroza eta hango babarruna, baina ez, guk bertakoaren alde egiten dugu. Gatza, arroza, olioa, barazkiak... guztia da Euskal Herrian ereindakoa. Lau urtetik behin bozkatzen dugu, baina elikadurarekin egunero ari gara bozkatzen. Hizkuntzarena ere garbi geneukan hasieratik; hizkuntza gutxitu batetik gatoz gu ere, eta ongi ulertzen ditugu euskaldunak. Hona etorri ginenerako, bagenekien bertako hizkuntza eta bertako ohiturak errespetatu egin behar genituela. Hemen bizi nahi badugu, euskaraz bizi behar dugu. Oraindik ikasten ari gara, dena den.

Non ikasi duzue euskara?

GASSO: Valentziako Euskal Etxean aritu nintzen urte erdiz, eta gero hemen euskaltegian sartu nintzen. 

ANDRES: Ni Valentziako hizkuntza eskola ofizialean aritu nintzen, eta gero hemengo euskaltegian. 

Nola hartu zaituzte Zaldibiak?

ANDRES: Oso ondo. Zuzeneko salmentan egoten gara gehienetan herritarrekin, Zaldibiako plazan, astean behin. Harrera beroa egin digute. 

Eta…paella saltzearena?

ANDRES: Hori Santiren ideia izan zen...

GASSO: Valentzian ohitura da igandero paella bat egitea. Hemen ikusi genuen paellari txistorra botatzen ziotela, edo eskura zeukaten edozer... hor erabaki nuen zerbait egin behar zela [barrez]. Paella tradizionalak egiten ditugu, baina Euskal Herriko produktuekin. 

Festetarako eta elkarteetarako gehienbat, ezta?

ANDRES: Enkarguz egiten dugu lan, kantitatearen arabera. Alegia, sei lagunentzako paella bat baldin bada, etxean kozinatzen dugu, eta eramateko jartzen diegu. Jende gehiagorentzat baldin bada, lekuan bertan egiten dugu, elkartean-edo... laurogei pertsonarentzat ezin da eramateko egin. 

Zergatik da zuentzat hain garrantzitsua nekazaritza agroekologikoa?

GASSO: Guk herrien subiranotasunaren aldeko apustua egiten dugu, eta horretan elikagaiek sekulako eragina dute. 

ANDRES: Bizi dugun krisi klimatikoaren testuinguruan, gainera, ezin dira elikagaiak urrunetik ekarri, bertan produzitu behar dira. Herri txikien izaeraren alde egitea da, neurri handi batean. 

Zein da zuen eskaintza?

ANDRES: Orain intxaurrak, zukua, marmelada, sagarra eta paella. Laster, gustatuko litzaiguke baratzea jartzea eta ematen dugun uzta saltzea. Urrunerago begira, gazta egiten saiatu nahi genuke. 

LOTSABAKO

Valentziako paellak ez du onartzen...?
ANDRES: Tipula. GASSO: Txistorra.

Baserriko txoko bat?
BIEK: Sukaldea.

Gehien kontsumitzen duzuen Euskal Herriko elikagaia?
GASSO: Gazta eta sagardoa. ANDRES: Ogia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.