Ezarian. Aste Santuko prozesioak

Gurutzearen pisua

Urtero bezala, milaka lagunek parte hartu dute Aste Santuko prozesio eta ospakizunetan; fededun izan ala ez, asko dira kristautasunaren ikonoak kalera ateratzen direneko egun hauetan antzezpenei begira daudenak.

Xabier Martin-Lander Muñagorri
2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Erlijioa kalera inoiz baino ageriago. Kristautasunaren ikono eta ohitura anitz hiri eta herrietako errepide zein pasealekuetan ikusteko egunak dira hauek. Nahi eta nahi ez. Erromatar jantzitako pertsonak, gurutzeak, ama birjinak eta txano puntadunak hamaika ibili dira kalez kale, elizetako ateetatik kalbario bideetan gora aurrena eta behera atzera. Oraindik ere ez da amaitu Nazareteko Jesus gurutzean hil eta berpiztu zeneko ospakizun erlijiosoa, hondartza freskagarrietan edota mendi inguruan atsedenaldiak hartzeko probesten den jai bertsua.

Zenbait herritan, baina, erlijiotik haratago doaz Aste Santuarekin lotutako antzezkizunak. Oso erroturik dauden ohiturak dira Euskal Herriko zenbait lekutan, eta fededun izan edo ez, jarraitzaile ugari dituzte, esaterako, Balmasedako pasio biziaren antzezpenak, Hondarribiko ostiral santuko prozesioak eta Segurako ostegun santukoak berak.

Urduñan, Guardian, Iruñean, Tuteran, Lekeition, Gasteizen, Amurrion, Laudion... asko dira, edonola ere, Aste Santuarekin batera ekitaldi bereziak antolatzen dituzten herri nahiz hiriak. Jende andana ez da falta haiek ikusten, turistak asko eta asko. Urteroko kontua izaten da eguraldiari erreparatzea. Euskal Herrian oro har zeruak apenas utzi duen euririk; itxura batean, horixe da prozesioen areriorik handiena, eta, alde horretatik, hilabeteak entseatzen eman dituzten erromatar, judu, kristau eta enparauak pozik daude, ospakizunak distiratsu joan baitira. Ez da gutxi, inon izatekotan Sevilla hirian (Espainia) dute sona Aste Santuko prozesioek nazioarteari begira, eta han euria izan baitute erruz. Zerutik eroritakoa nahikoa ez, eta fededunen penak isuritako malkoek ere ezkotu dituzte espaloiak.

Balmasedako gurutze bidea

Idatziek XVIII. mendean kokatzen dute Balmasedako pasioa, eta horrek Bizkaiko antzezpen zaharrena bilakatzen du. Beste urtebetez, milaka pertsona bildu dira egunotan 700 herritarren artean antolatzen duten ikuskizunera. Ostegun gauean azken afaria izan zen, eta ostiral goizean Jesusen heriotza antzeztu zuten. Aurten, gainera, berezitasun bat ere egon zen parte hartzaileen artean; izan ere, Jesukristo eta Maria Madalenaren rola egin zuten aktoreak benetako bikote baitira, Asier Ramos eta Miriam Ubieta.

Durangoko pasioak ere aurten bestelako berrikuntza bat ekarri du. Azken zortzi urteetan Ama Birjinaren rola bete duen aktoreak kargua utzi eta erreleboa eman baitio bere ondorengoari. Balmasedan ez bezala, Durangoko pasioa hiru egunez egiten da, baina antzezpen berdina errepikatuz. 1993an hasi zen ohitura hori, eta 120 aktorek eman diote aurten jarraipena; beste urtebetez, jende ugari bildu da pasioa ikustera.

Bilbon, berriz, prozesioek garrantzi azpimarragarria daukate, Iruñean bezalaxe. Aste Santuaren aurreko ostiralean hasten dira, eta gaurko egunez izango da azkena. Joan den ostiralekoa izan zen nabarmengarriena. Lau prozesiok bete zituzten Bilboko kaleak, eta denetan irudi erlijioso ikusgarriak azpimarratu behar dira. Kale bazterretan, herritar ugarik gozatu ahal izan zuten Bilboko prozesioekin.

Seguran (Gipuzkoa), berriz, antzezpen landua egin ohi dute, eta aurten ere jende andana elkartu zen hori ikusteko. Ostegunean, azken afariaren ostean prozesioa egin zuten, eta ostiralean, gurutze bidea izan zen goizean.

Oraindik ere bada zer ikusi prozesioei dagokienez. Kasurako, Hondarribian, gaur goizean, Erromatarren gainbehera eta Ttopara antzeztuko dute. Elgoibarren, berriz, Topaketaren prozesioa egingo dute, 10:30ean hasita. Bihar beste ekitaldi anitz izango dira herri askotan, eta jendea ez da faltako kaleetan haiei begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.