Zigalak, otarrainak, ostrak... ahoa urtzeko moduko itsaskiek egiten dituzte bereizgarri Donostiako portuko jatetxeak. Errusiar entsalada eta humus platerez josirik daude, ordea, Donostiako piraten txosnako mahaiak. Arroz errazioak sukaldean berotzen ari dira, eta txokolatezko kopak ere jada prest daude. Mahaien inguruan eserita dauden ehunka pertsonek, seguruenik, muskuiluak gusturago jango lituzketen arren, urdaila betetzeko adinako bazkaria prestatu diete piratek. Izan ere, luzea izan da goiza: arratsaldean Kontxako hondartza abordatzeko txalupak prestatzen egon dira.
Atzo, 10:00etan bildu ziren portuan abordatzeko parte hartzaileak, txalupen prestalanekin hasteko. Sokak, paletak eta flotagailuak daramatzate alde batetik bestera, besteak beste. Alferrenek puzgarriak erabili dituzte txalupak sortzeko; aldiz, handizaleenek, astia hartu dute euren txalupak apaintzeko: batzuek banderak ere jarri dizkiete. Pixkanaka, itsasoa txalupaz betetzen ari da. Gabriel Gorbeia dulantziarraren taldeak ez du plastikorik eta iltzerik erabili eurena sortzeko, eta, prestalana gogorra izan den arren, egiteko nagusia «ondo pasatzea» dela azpimarratu du: «Urte askoan ikusi izan dut abordatzea; aurten, lehenengoz parte hartuko dut. Nire helburua, dudarik gabe, gozatzea izango da». Badago, ordea, abordatzean urtero parte hartu duenik. Aratz Estonba donostiarraren kasua da hori: «Hamasei aldiz egin badute, ni hamaseietan egon naiz». Estonbaren taldeak, gainera, «zero zabor» filosofia du oinarrian: «Txalupa egiteko neumatiko berberak erabili ditugu urtero». Hala ere, badirudi berriketarako arotz lanetarako baino gogo handiagoa duela Estombak. Taldekideek besoa altxatuz egin diote lanera itzultzeko keinua.
Txalupak eraikitzea, ordea, ez da parte hartzaileen egitekorik gogorrena. Itsaso oldarkorrari ere aurre egin beharko diote: arratsaldean olatu handiek astinduko dute Kontxako badia. Antolakuntza lanetan dabil Amaia Aspe, eta parte hartzaileen kopuruan «eguraldiak eragina» izan duela esan du: «Normalean dena beteta egoten da; aurten, jende gutxi dabil».
Barnealdekoak ere itsasoan
«Iaz ere parte hartu genuen, baina ezin izan ginen portutik atera», adierazi dute Sofia Peralto eta Leire Auzmendi lazkaotarrek, eta, algara artean, zera gaineratu dute: «Ea aurten hondartzara iristen garen. Seguru Barbarina-k, gure txalupak, urrutira eramango gaituela». Bost flotagailu sokekin lotu ostean, abenturarako prest dago Barbarina-ko eskifaia. Orain, berriz, urdaila betetzeko asmoz, piraten txosnara abiatu dira. Pixkanaka hustu da portuko aldapa: bazkaria prest dago. Urgulleko estatuarentzat, beharbada, alde batetik bestera dabiltzan ehunka inurri besterik ez diren arren, parte hartzaileei adorerik ez zaie falta: ez da egiteko samurra itsaso zakarra zeharkatu eta Kontxako hondartza abordatzea.
Gurpilak, flotagailuak eta paletak olatuen erasoen aurkako borrokarako
Kontxako hondartza abordatzeko txalupen prestalanak 10:00etan hasi dituzte parte hartzaileek. Askorentzat «gozatzea» da zeregin nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu