ATZEKOZ AURRERA. Jon Larretxi. Ailaket elkarteko boluntarioa

«Guri ez zaigu komeni parranda eta lana uztartzea»

Gasteizko Ailaket elkarteak 25 urte bete ditu. Drogen kontsumoak dituen ondorioez informatzen aritu dira uda osoan, baita probak egiten ere. Jon Larretxi bilbotarra aurton batu da elkartera.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Gontzal Mendibe Miguel
Bilbo
2023ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun

2002an jaio zen Ailaket elkartea, helburu argi batekin: drogen kontsumoak dituen ondorioak ahalik eta txikienak izatea. Handik 20 urtera sartu da elkartean Jon Larretxi (Bilbo, 1998). Udan boluntario gisa aritu da lanean, eta bizitako esperientziatik hitz egiten du bilbotarrak.

 

Uztar daitezke lana eta parranda?

Ez, guri ez zaigu komeni parranda eta lana uztartzea. Ez litzateke bat etorriko eskaintzen dugun informazioarekin.

Nolakoa da jai giroan lan egitea?

Gaueko postuetan lan egiten duten langileek izaten dituzten egoeren antzekoak bizi izaten ditugu. Denetariko kasuak aurkitzen ditugu.

Gauean lan eginda, izan al duzu esperientzia txarren bat? Alegia, istiluren bat edo beste.

Nik neuk, zorionez, ez dut kasu arrarorik edo tirabiratsurik bizi izan. Oso denbora gutxi daramat Ailaketen, eta, beharbada, horregatik izango da. Izan ere, bidelagun batzuk komentatu dizkidate gertatutako kasu ez oso atsegin batzuk.

Zeintzuk dira lan egiteko eremurik onenak, eta zerekin disfrutatzen duzu gehien?

Norbere herriko festak izaten dira eremurik onenak. Nik ikaragarri ondo pasatu nuen nire herriko festetan probak egiten.

Zer egiten du Ailaket elkarteak jaietan?

Oraintxe, bi programa ditu abian: Botiltzar programa eta proben programa. Botiltzar planean, bateko eta besteko herrietako jaietara joaten gara. Bertan, kalean edaten aurkitzen ditugun gazteekin hitz egiten dugu. Alegia, kale zurruta egiten dutenei aholkuak ematen saiatzen gara. Probei dagokienez, furgoneta batekin joaten gara jaietara, kontzertuetara edo drogak egon daitezkeen edozein girotara. Han daudenen drogak analizatzen ditugu, eta drogen inguruko aholkuak eskaintzen dizkiegu.

Informazio hori emateko, zer formakuntza duzue?

Droga kontsumitzaileek edo kontsumitzaile ohiek osatzen duten erakundea da Ailaket. Gure informazioa, nola ez, kontsumitzaileei bideratuta dago, baina betiere gure esperientzietatik edo ezagutzatik abiatuta. Horrez gain, elkarteak prestakuntza eskaintzen digu; aukerakoak izaten dira.

Alkoholaren inguruko aholkuak ere ematen dituzue. Zer informazio eskaintzen duzue?

Alkohola droga mota bat da. Hortik abiatuta, eta alkoholak gure gizartean nolako eragina duen kontuan izanda, haren eraginak eta ondorioak azaltzen ditugu. Beste droga askok egiten duten bezala, alkoholak ere gorputza deshidratatzen du, eta horrek ondorio zuzenak ditu. Aholkuen artean, hauek daude: gauean ura edatea, saihestea alkohol ezberdinak nahastea, eta, kaleko edanean, edariak edalontzian nahastea.

Horrekin lotuta, sexu harremanak ere aztertzen dituzue, ezta?

Horrela da. Drogen inguruko informazioa eskaintzearekin bat, festa inguruko aholku orokorrak ere ematen saiatzen gara. Festaz gozatzeko moduen barruan sartzen ditugu sexu harremanak. Ez dugu gehiegi sakontzen; batez ere, lubrifikazioaren garrantziaz hitz egiten diegu. Esan bezala, drogek gorputza deshidratatzen dute, eta horrek sexu harremanetan ere eragin zuzena du. Lubrifikatzaileak eta kondoiak oparitzen ditugu, besteak beste.

Zer droga aurkitzen dira gehien?

Guk egiten ditugun probetan, marihuana eta haxixa dira gehien aurkitzen ditugunak.

Zer egoeratan egoten dira drogak?

Denetariko egoeratan aurkitu ditugu drogak. Pasatu izan zaigu psikoaktibitate oso handia daukan haxix bat aztertzea, eta handik minutu gutxira onddoak dituen marihuana batekin topo egitea. Hala ere, esan beharra dago txarren daudenak ez direla egoten larritzeko moduko egoeran. Elkarrizketa hau mezu bat bidaltzeko baliatu nahi dut: eskuratu duzun drogaren batean zerbait arraroa nabaritzen baduzu, ez izan dudarik, etorri gugana. Gure puntu finkoetara jo dezakezu, eta, bestela, sare sozialen bidez jar zaitezke harremanetan gurekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.