Garraio publikoa erabiltzeko beldurra, bakardadea, azalaren koloreagatik zikinak direla entzun behar izatea... askotariko bizipenak izaten dituzte migratzaileek; are gehiago emakumeak badira, zapalkuntza bikoitzari aurre egin behar baitiete. Haietako batzuen bizipenak jaso ditu Iraitz Arabolazak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1991), Hain gertu eta hain urrun. Migrantas erakusketan. Ostiralera arte egongo da ikusgai, Hondarribiko (Gipuzkoa) Emeki elkartean.
Lehen begi kolpean irudi alaiak dirudite binetek, baina...
Sartzen garenean, irudi oso goxoak eta alaiak topatuko ditugu, baina behin banaka-banaka irakurtzen ditugunean, errealitate gordinak topatzen ditugu; kontraste hori bilatzen dugu.
Euskal Herrian bizi diren zenbait emakumeren migrazio prozesuak jasotzea izan da asmoa?
Duela bi urte, zenbait tailer egin genituen, haien esperientziak jasotzeko. Irungo [Gipuzkoa] bitartekarien bidez, han antolatzen duten espazio batean, bertako eta kanpoko emakumeak elkartzeko, emakumeek elkar ezagutzeko eta baliabideak ezagutarazteko. Kanpotik ere jaso ditugu beste esperientzia batzuk; hau da lortu dugun emaitza.
Zer kontatu dizuete?
Marrazki batzuetan, munstro batzuk agertzen dira: haien beldurrak edo ikusten ez ditugun sentimenduak dira horiek, eta daukaten motxila. Guretzat sinpleak diren gauzak kristoren oztopoak dira emakume migratzaileentzat. Garraio publikoa hartu eta Donostiara joatea, adibidez. Jaioterrira bueltatzeko beldurra daukate, edo Poliziak harrapatuko ote dituen beldurra... Eguneroko bizitzan kristoren oztopoak dituztela azpimarratu nahi dugu.
Aurreiritzi asko daude haiei lotuta?
Bai; ariketa batean eskatu genien, batetik, beren burua marrazteko, eta, bestetik, marrazteko nola uste zuten ikusten zituztela hemengoek. Eta, noski, hor lehen irudia oso alaia zen, eta bestea ez zen batere atsegina ikusteko. Aurreiritzi asko daude, eta oso estereotipatuak.
Nola eraman dituzu esperientzia horiek binetetara?
Istorio asko jaso genituen; horregatik, emakume bakoitzaren istorio pertsonala dela adierazi nahi nuen. Emakume bakoitzari kolore bat jarri diot, baina asko errepikatzen da hondoko laranja kolorea, eta hori gertatzen da tailerretan behin eta berriz jasotzen genituen arazoak zirelako: pisua alokatzeko arazoak, paperak lortzeko arazoak, lanik ezin dutela lortu paperik gabe... denbora guztian gurpil bera. Hondo gorriak haurrak errepresentatzen ditu, haurrek ere bizitzen dituztelako errealitate zail horiek.
Zapalkuntza bikoitz horren ondorioak nabarmenak dira, beraz.
Bai, migratzeko prozesua gauza potentea da, emakume izan zein gizon izan; uzten duzunarengatik eta aurre egiten diozun guztiarengatik. Baina, bueno, emakume izatea bada beste zapalkuntza bat. Bertako emakumeek sufritzen ditugun ezberdinkeria guztiak haiek ere pairatzen dituzte eta.
Hain gertu eta hain urrun da erakusketaren izena. Zergatik?
Ba, azkenean, gure bizilagunak direlako, gure ondoan bizitzen den errealitate bat delako. Askotan ez gara konturatzen, baina zure bizilagunari kosta egiten zaio autobusa hartzea, eta herri dinamika batzuk ulertzea.
Nola hartu du mezua jendeak?
Bertakoentzat ez da gai atsegina; baina arrazakeriaren kontrako jarrera dutenek esaten digute oso beharrezkoa dela. Beste batzuek esan digute oso gordina dela, eta agian mundua beste modu batean begiratu beharko genukeela, aukerei erreparatuz. Baina hau da kontatu digutena: ez dugu guk asmatu. Aldarri orokor bat da hau; aldatu behar denaren aldarria.
Eta paretako photocall hau, zertarako da?
Gonbidatu nahi dugu jendea beren mezuak idaztera, sare sozialetan igotzera, edo mezua idatzi eta hor paretan jartzera. Gu irekita gaude erakusketa beste leku batzuetan jartzeko. Polita litzateke bineta batzuk egitea askoz ere atseginagoa den errealitate bat marraztuz. Beldurrik izango ez duten errealitate bat deitzeko, alokatzeko etxe bat edo beren seme-alaben ongizatearekin ez arduratzeko...
LOTSABAKO
Erreferente bat?
Raquel Riva Rossy, Flavita Banana eta Javi Royo ilustratzaileak. Ordena horretan.Film bat?
Flor del desierto.