Titto Betbeder. Euskal Irratiak federazioko arduraduna

«Guretzat, interesgarria da egiten ari diren eztabaidetan egotea»

SNRL irrati libreen sindikatuaren kongresuan izango dira Euskal Irratiak, Miarritzen. Betbederrek uste du biltzarrak aukera emango diela besteak beste hizkuntzaren inguruan eztabaidatzeko.

BERRIA.
Julen Aperribai.
2016ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Frantziako irrati libre eta komunitarioak biltzen dituen SNRL sindikatuak urteko kongresua egingo du gaurtik etzi bitarte Miarritzen (Lapurdi), eta han izango da Titto Betbeder (Baiona, 1977). Euskal Irratiak federazioko arduraduna izateaz gain, sindikatuko administrazio kontseiluko kide ere bada. Sindikatuak Euskal Irratiei tokiko egoera kulturala eta linguistikoa gainontzekoei ezagutarazteko aukera ematen diela uste du.

Garrantzitsua al da kongresua Miarritzen egitea?

Guk proposatu genuen Euskal Herrian egin zedin. Miarritzen egingo diren jarduerez gain, Donostiako San Telmo museoan ere egingo dugu mahi inguru bat. Gure aldetik, gure herriko egoera eta berezitasunak zein diren erakusteko aukera bat da. Sindikatuak ere badu halako sentsibilitate bat kultura eta hizkuntza gutxituekin, eta saiatuko gara horiek plazaratzen.

Zein onura dakarzkie Euskal Irratiei SNRLko kide izateak?

Guretzat, interesgarria da egiten ari diren eztabaidetan egotea. Frantziako estatuan bada laguntza funts bat elkarte irratientzat, eta horren inguruko eztabaida izaten ari da. Bestelako gai batzuetan ere badago eztabaida. Irrati zenbakizkoaren gaia hor dago, esaterako. Gure jarrera horren aldekoa da, eta sindikatuaren barruan ere horren alde egiten dugu. Azkenik, euskalgintzako eragile gisa, bestela iristen ez garen espazioetan hizkuntzaren gaiari buruz aritzea ahalbidetzen digu sindikatuak. Horri esker, harremanak ditugu kultur ministerioarekin eta lizentziak kudeatzen dituztenekin. Aldi oro, saiatzen gara euskalgintzari interesgarriak zaizkion gaiak plazaratzen.

Antzeko egoeran al zaudete sindikatuko irrati kide guztiak?

Sindikatuaren barruan badaude irrati batzuk sortu zirenean bezala funtzionatzen dutenak, hau da, laguntzaileei esker; eta badira beste batzuk oso profesionalizatuta daudenak, eta lantalde indartsu bat dutenak. Bigarren multzo horretara gehiago hurbiltzen dira Euskal Irratiak.

Baduzue harremanik sindikatuko beste irratiekin?

Elkarlana azkartuko da kongresuan eztabaidatuko diren egitasmo batzuei esker ere. Egunerokoan, orain artean behintzat, elkarlanerako aukera gutxi egon da. Gure antzeko egoeran aurkitzen direnekin izan dugu harremanik, bretoieraz edo okzitanieraz egiten duten irratiekin, adibidez. Formakuntza saioak egin ditugu haiekin, baina partekatzen dugun berezitasunagatik, gehienbat.

Zein izan ohi dira irrati libreen finantzabideak?

Kultura Ministerioak kudeatzen duen laguntza funtsa da diru iturri nagusia. Batez beste, 50.000-60.000 euro inguru baliatzen dira irratietarako hortik. Baldintza bat bete beharra dago hori jasotzeko: irratiak publizitatetik jasotzen duen diruak ezin du gainditu diru sarreren %20. Irrati libreek oso publizitate gutxi egiten dute, euren filosofiarekin bat doa hori. Laguntzaileek jarri ohi dute gainerakoa.

Eragiten al dute irrati libreek identitate kulturalaren sorkuntzan?

Gure kasuan, argi dago. Euskal Irratiak sortu izan ez balira, ez dakit euskal kultura zertan izango zen, egun, Ipar Euskal Herrian. Gure egoera bertsuan dauden kulturetako irratietan ere identitate kulturalean eragiteko ahalegin hori nabaria da. Frantzian, berriz, gehiago zentratu izan dira irratiak tokiko informazioa ematen.

Euskararen eta beste hizkuntza gutxituen egoera azaleratzen saiatuko zarete kongresuan?

Iaz Bretainian egin genuen kongresuan aipatu zen gai hori lehen aldiz. Aldi honetan ere aterako dugu gaia, batez ere, Donostiako San Telmo museoan egingo den mahai inguruan. Badira hamabost urte gutxienez Euskal Irratietako norbait sindikatuko administrazio kontseiluan dela.Urte hauetan guztietan hizkuntzaren gaiari buruz hitz egin dadin ahalegina egin dugu. Hori dela eta, gaur egun, gaiari buruz normal-normal hitz egiten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.