Euskal dantzak eta umoreak elkartu zituen Tio Teronen Semeak dantza taldeko kideak. Egun bakar baterako emanaldi puntual bat izan behar zuenak ez du etenik izan 2015ean Donostiako Olatu Talka jaialdian aurkeztu zenetik. Horko kideetako bat da Aritz Salamanca koreografo eta dantzaria (Lezo, Gipuzkoa, 1979), eta, harekin batera, beste hogei kidek osatzen dute taldea. Maiatzean denboraldia abiatu zutenetik, herriz herri dabiltza Freshcool eta Festamentua ikuskizunak aurkezten, eta, momentuz behintzat, ez dute festa eteteko asmorik: larunbatean Manzanosen (Erriberabeitia, Araba) izango dira.
Bi ikuskizun dituzue une honetan esku artean. Zer eskaintzen dute batak eta besteak?
Freshcool-en parrandan ateratzen den kuadrilla baten istorioa kontatzen dugu, bertan bizi dituzten egoerak dantzaren bidez azalduz. Festamentua-n, ordea, egoera askoz ere okerragoa da: hileta batetik abiatzen da ikuskizuna. Hala ere, berehala saiatuko gara egoera iraultzen eta hankaz gora jartzen.
Bietan, umorea izango da ardatz.
Hori da. Bi emanaldiak oso dibertigarriak dira, eta umorez josita daude. Finean, hori da gu geu ere talde bezala identifikatzen gaituena.
Maiatzean abiatu zenuten bira, eta ordutik, asteburuero ari zarete emanaldiak eskaintzen. Nolakoa izan da publikoaren erantzuna?
Egia esan, sekulako harrera ari gara izaten, eta ikusleen feedbacka ere oso ona da. Gaur egungo egoera kontuan hartuta, eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen.
Indarrean dauden segurtasun neurriek eraginik izan dute?
Segurtasun neurrietara egokituta, emanaldiak pixka bat moldatu behar izan ditugu. Hortaz, alde horretatik, publikoaren parte hartzeak neurtu behar izan ditugu. Betiere distantziak errespetatuz. Hasieran arraroa zen, baina pixkanaka ohitu egin gara, eta jendearen berotasuna beste era batera jasotzen dugu.
Kultura bereziki astindu du pandemiak. Zuen kasuan, nola eragin dizue?
Ezin gara kexatu. Joan den urtean hainbat emanaldi bertan behera geratu ziren, baina saiatu gara horiek guztiak berriro ere egutegian kokatzen. Aurten, berriz, normaltasun berri honen barruan asteburuero ari gara emanaldiak eskaintzen, eta, alde horretatik, egonkortasuna izatea sekulakoa da.
Euskal dantza tradizionalari buelta eman, eta umorea da nagusi zuen ikuskizunetan. Garai hauetan inoiz baino garrantzitsuagoak dira halako eskaintzak?
Zalantzarik gabe. Lehen ere beharrezkoa zen umorea egitea, baina orain, asko eta asko dira emanaldien amaieran hurbiltzen direnak eta halako emanaldiak zeinen garrantzitsuak diren errepikatzen digutenak. Kultura beti da ongi etorria, eta umore zertzelada batzuekin baldin bada, zer esanik ez.
Eta, umoreaz gainera, inprobisazioak ere badu lekua zuen emanaldietan.
Bai, ikuskizunak nahiko egituratuta daude, baina beti dago inprobisatzeko aukera. Saiatzen gara jendearen edo herriaren ezaugarriak aintzat hartzen eta gerora gure emanaldietan horiei keinu egiten.
Zuentzat dantza terapia bat da?
Baietz esango nuke. Hasieran gehiago kostatzen zitzaigun barruan geneukan guztia kanpora ateratzea, baina azkenean alter ego bat edo bigarren pertsonaia bat sortu du gutako bakoitzak, eta hori garatzen joan gara ikuskizunen bitartez. Plazan dena ematen dugu, eta oso gustura geratzen gara emanaldi bakoitzaren amaieran. Hortaz, guk behintzat, ez dugu terapia hoberik ezagutzen.
Lagunartean sortutako taldea izateak erraztu ala zaildu egiten du taldearen funtzionamendua?
Erraztu, beti. Denboraldiak luzeak izaten dira, eta gorabeheraren bat edo beste egon daiteke, baina lagunartean egoteak asko errazten ditu gauzak. Gurea ez da enpresa bat, eta ez dugu lan gisa kontsideratzen; lagunartean kudeatutako proiektua da, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu.
Mutilak zarete dantzari guztiak. Nahita hartutako erabakia da?
Hasieran ikuskizun puntual bat izango zenez, saiatu ginen euskaldunon estereotipoak markatzen: koadrodun alkandorak, txikitero itxura, mutil kuadrillak... Gainera, euskal dantzetan, normalean, neskak dira nagusi, eta mutilok dantza taldez dantza talde ibili ohi gara, mutilen falta izan dutelako. Egia esan, lekualdatze horietan ezagutu genuen elkar taldekideok, eta hala sortu zen, modu inkontzientean.
Aurrera begira, baduzue beste ikuskizunik egiteko asmorik?
Urrira arte bi emanaldi horiekin ibiliko gara, eta datorren urtera begira ere baditugu data batzuk finkatuta. Taldea aurrera egiteko gogotsu baldin badago, agian bai, baina saiatzen gara momentu bakoitza ahalik eta gehien disfrutatzen eta unean unekoa bizitzen.